Arkaitzerrekan kloruroetan, amonioan, konduktibitatean eta DQOn ezohiko maila altuak aurkitu dira

Bi aste pasa dira Zubietako erraustegi azpitik pasatzen den Arkaitzerreka kutsatuta agertu zenetik eta oraindik ez dute inolako informaziorik eman Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK), Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak edota Ura agentziak. Errausketaren Aurkako Mugimenduak eta Usurbilgo Udalak ur-laginak hartu eta laborategi batera eraman zituzten. Orain, ur kutsatuaren analisien emaitzak jakin dira egunotan. Kloruroetan, amonioan, konduktibitatean eta DQOn (Oxigenoaren Eskaera Kimikoa) ezohiko maila altuak aurkitu dira. Bai udala eta bai EAM, oso kezkatuta agertu dira emaitzekin, gertaera oso larria dela adierazi dute. Usurbilgo Udalak Jakinarazi duenez, eskumenak dituzten beste erakundeei helaraziko dizkiete bildutako datuak, besteak beste, GHK eta Ura agentziari, baita Gipuzkoako Aldundiko Ingurumen Sailari ere.

Errausketaren Aurkako Mugimendua

Arkaitzerrekan kloruroa, amonioa, metal astunak…
Zubietako Erraustegiak zerekin eta zenbat kutsatzen gaitu?

Jada hamabost egun pasatu diren arren Zubietako Erraustegi azpitik pasatzen den Arkaitzerreka oso kutsatuta agertu zenetik, inolako informaziorik ez dute zabaldu gertakizunaz ez GHKko arduradunek eta ez horren jarduera kontrolatu behar duten instituzioek, Gipuzkoako Foru Aldundiak bezala Eusko Jaurlaritzak eta ustez gure ura zaindu behar omen duen Ura agentziak.

Tarte horretan herritarrok ezagutu ahal izan duten informazio bakarra da Usurbilgo udalak eta Errausketaren Aurkako Mugimenduak Arkaitzerrekan bertan jaso eta laborategira bidalitako uraren analisiak eman dituen datuak. Eta datu kezkagarriak dira.

Urgentziazko analisi horiek erakutsi dute, alde batetik, Arkaitzerrekan 2022an aurkitutako kutsadura hau handiagoa dela 2020ko maiatzean aurkitu zena baino. Orduan zientoka arrain eta aingira azaldu ziren hilda Arkaitzerrekan. Oraingoan horrelako argazkirik ez da ikusi, ziurrenik erreka geroztik “erreta” dagoelako arrainik gabe, baina laborategiko analisiek erakutsi dute oraingoan are kutsadura handiagoa dagoela Arkaitzerrekan.

Zehazki, kloruroetan, amonioan, konduktibitatean eta DQOn (Oxigenoaren Eskaera Kimikoa) ezohiko maila altuak aurkitu dira. Baina, gainera, gutxienez hiru metal astunen konzentrazioak askoz handiagoak dira ur edangarriak eraman ditzakeen gehieneko maila baino: Arkaitzerrekan kobreak bikoiztu egiten du urak edateko modukoa izateko  behar duen topea eta nikelaren kasuan lau aldiz biderkatzen du.

Errausketaren Aurkako Mugimendutik gogor salatzen dugu Zubietako Erraustegiaren martxa eta kutsaduren inguruan agintariek ezarri duten isiltasuna. Erraustegia proiektu hutsa zenean herri mugimendutik iragarri genuena, tamalez jada gertatzen ari da: hiri hondakinen arazoa ez konpontzeaz gain, istripuak, suteak, erreka kutsatzeak, eta abar.

Eta Gipuzkoako herritarrek, tartean erraustegia ate ondoan sufritzen dutenek, jasotzen dituzten albiste bakarrak herri mugimenduko boluntarioek lortutakoak dira. Agintariak, halakoak ez gertatzeko neurriak eta kontrolak ez jartzeaz gainera, mutu gelditzen dira, edo aukera daukaten aldi oro, herritarron osasunaren aurretik, enpresa pribatuen interesak babestera mugatzen dira. Herritarrok babesik gabe gaude Gipuzkoan eta EAEn agintzen duen erregimenaren aurrean. Erregimena, bai, zeren eta Gipuzkoan eta EAEn pertsona, alderdi, enpresa eta talde berdinak dira legeak egiten dituztenak, legeak aplikatu behar dituztenak, legeen urraketak pertsegitu behar eta pertsegitzen ez dituztenak eta herritarrei hori guztia gardentasunez azaldu beharrean beren hedabide publiko eta pribatuetatik sistematikoki ezkutatzen diotenak.

Horregatik, Errausketaren Aurkako Mugimendutik herritarrei eskatzen diegu adi egoteko, etsipenean ez erori eta jarraitzeko mobilizatzen gure eta gure ondorengoen osasunaren, bizi duinaren, enpleguen eta etorkizunaren alde. Ez, ez, ez: Errausketarik Ez! Ez Zubietan, ez Añorgan, ez Bergaran, ez inon!

Errausketaren Aurkako Mugimendua, 2022ko uztailaren 26an.

Agurtzane Solaberrieta Mesa, Usurbilgo alkatea

Datuak eskutan, lehen unetik izandako hipotesi nagusia isuriaren jatorria errauste plantan dagoela esan daiteke. Hipotesi hau hala den edo ez baieztatu edo gezurtatzea beste batzuei dagokie: GHK-k eta diputazioak azalpenak eman behar dituzte. Izan ere, inguruan ez dago beste jarduera industrialik halako kutsatzaile maila eragin dezakeenik. Datuak oso kezkagarriak dira: 2020ko maiatzeko isurketak ehunka arrain hil zituen, eta ordukoekin alderatuz, oraingo datuak handiagoak dira.

Azalpenak nahi ditugu: isurketa zerk eragin duen jakin nahi dugu. Zer gertatu den jakin behar dugu konponbideak bilatu ahal izateko. Zein ondorio izan ditzakete halako isurketek gure osasunean eta ingurumenean? Zein neurri hartuko dituzte arduradunek berriro halakorik ez gertatzeko? Herritarron informatuta egoteko eskubidea aldarrikatzen dugu”.

2020ko maiatzeko isurketen emaitzak:

2022ko uztaileko isurketen emaitzak (behin-behinekoak):

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.