Usurbilgo Udalak 180.685,15 euro banatuko ditu dirulaguntzatan

Ekainaren 29an Usurbilgo Udalak hainbat udal-dirulaguntzaren ebazpen proposamenak kaleratu zituen: kultura, kirola, hirigintza, ingurumena eta Gizarte Zerbitzuak. Guztira 180.685,15 euro banatuko dira laguntzetan. Uztailaren 14ra arte alegazio epean daude eta epe horretan alegaziorik ez bada, behin-betikoz onartuko dituzte Tokiko Gobernu Batzordean uztail amaieran.

Ekainaren 29an kaleratutako ebazpen proposamenaren datu orokorrak:

Kultura

Bi dirulaguntza lerro:

  1. kultur egitasmoak gauzatzeko dirulaguntzena. Guztira, 83 ekimen laguntzeko eskaerak izan dira, eta 76 onartu dituzte: 64.515,08 euro banatuko dira, guztira.
  2. Lehenengo aldiz banatuko den kultur sorkuntzarako lerroan 23.754,28 euro banatuko dira: hamar kultur proiektu babesteko eskaerak izan dira, eta bederatzi onartu dira.

Kirola

Hiru dirulaguntza lerro:

  1. Kirol elkarteen ohiko kirol egitasmoak burutzeko bederatzi eskaera egin dira, eta zortzi onartu: guztira, 50.000 euro banatuko dira.
  2. Kirol egokituko jardueretarako eskaera bakarra izan da, eta 3.000 euroko laguntza izendatu diote.
  3. Kirol elkarte ez direnek kirol jarduerak burutzeko lerroan bost eskaera izan dira, eta ia 1.000 euro banatuko dira, guztira.

Hirigintza

Bi dirulaguntza lerro:

  1. Igogailuak instalatzeko dirulaguntzetan 11 eskaera aurkeztu dira, eta guztiei onartu zaie laguntza: guztira, 10.000 euro banatuko dira.
  2. Etxebizitzen alokairurako lerroan, berriz, 3.500 euro banatuko dituzte, sei eskaeratatik bi onartuta. Gainerako lauen kasuan, bi eskari atzera bota dira alokairuaren prezioan ezarritako gehieneko muga gainditzen dutelako; beste baten kasuan udalerrian beste etxebizitza baten jabea delako, eta, azkena, eskaera epez kanpo aurkeztu duelako.

Ingurumena

  1. Ingurumen egitasmoak gauzatzeko lerroan, hamar eskaera jaso dira, baina baztertuak izan dira guztiak. Hamarretik zortziren kasuan, eskatzaileek diru-sarreren muga gainditzea izan da baztertuak izateko arrazoia; beste baten kasuan, ez da aintzat hartu nekazaritzako egitasmoa izateagatik eta, beste bat, eskaera epez kanpo aurkezteagatik.

Nekazaritza eta abeltzaintza

  1. Nekazaritza eta abeltzaintza egitasmoak gauzatzeko 12.772,46 euro banatuko dira, hamar eskatzaileren artean. Eskaera bakarra bota dute atzera, ustialekua ez dagoelako Usurbilen.

Gizarte zerbitzuak

Hiru dirulaguntza lerro:

  1. Desgaitasuna edo mendekotasuna duten adin txikikoen osasun egoera hobetzeko tratamenduetara
  2. Gizarte zerbitzuen arloan egitasmoak burutzeko lerroan, hamabost eskaera izan dira, eta guztiei onartu zaie laguntza: guztira, 12.000 euro banatuko dira lerro horren bidez.
  3. Deserrotze eta baztertze sozialeko arriskuan dauden pertsonen senideei erantzuteko dirulaguntzen lerroan, berriz, ez da eskaerarik izan.

Beste dirulaguntza lerro batzuk

Laguntza horiez gain, beste dirulaguntza lerro batzuk ere gauzatze bidean dira.

  1. 2021/2022 ikasturtean euskara ikasi dutenentzako laguntzak eskatzeko epea bihar itxiko da, uztailaren 8an.
  2. Azken ikasturtean aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroa egin dutenentzako laguntza hilaren 17an itxiko da. Horien kasuan ere, ebazpen proposamena egin eta argitaratu beharko du udalak, eta alegazio epea ireki.
  3. Ekintzailetza bultzatzeko Hasiz Hazi bekaren lehenengo deialdiaren ebazpena kaleratzear da, eta, gainerakoak bezala, alegazio epea ireki beharko du, behin betiko onartu aurretik.

Hurrenez hurren, 2.500, 24.500 eta 4.500 euro daude gordeta lerro horien bidez banatzeko.

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.