Gaur Joseba Tapia musikariak ‘Adarra Saria’ jasoko du

Gaur, ekainak 21,  Joseba Tapia (Lasarte-Oria, 1964) musikariak, Donostia Kulturak urtero musikaren alorrean banatzen duen Adarra Saria jasoko du. Ibilbide musikala duen herritarra dugu Joseba, eta ezaguna ere gure herrian, makina pieza jo ditu bere trikitiarekin herriko kaleetan zehar eta maiz ikusten dugu herrian umorea galdu gabe.

Sariaren zergatia

Donostiako Udalak Josebari saria ematerakoan ezaugarri hauek hartu ditu kontuan: “Joseba Tapiaren ibilbide luzea, moldakortasuna (era askotako estiloetan eta musikari handi askorekin frogatu baitu bere musika-bikaintasuna), herri-musikaren ondarea kontserbatu eta zabaldu izana, eta hainbat eta hainbat pieza berri konposatu izana, bai eta akordeoiak askotariko musika-ingurune eta giroetan duen gaurkotasuna frogatu izana ere”.

Ez naiz sari zale

“Ez naiz sari zale –ez omenaldi zale ere, eta ez nuen neure burua sekula egoera horretan irudikatu. Zahartu naizen seinale izango da [barrez]. Edonola ere, saria nire izenean etorri arren atzeko talde guztiari zor zaion aitortza gisa ulertu nuen, eta pentsatu nuen baiezkoa esan behar nuela”. (Argia 2.782 zenbakia, argia.eus)

Kontzertua Victoria Eugenia antzokian

Garaikurra jaso ostean, Joseba Tapiak bere azken diskoa, Egon edo ez egon, aurkeztuko du 19:30ean Victoria Eugenia antzokian bertan, musikari hauez lagunduta: Nerea Erbiti (ahotsa), Olaia Inziarte (ahotsa), Kristina Aranzabe (ahotsa), Iñigo Telletxea (gitar apala), Iker Uriarte (jazbana), Jexux Aranburu (teklatua), Ion Celestino (tronpeta), Amets Aznarez (tronboia), Ibon Irixoa (saxofoi tenorea) eta Mixel Ducau (saxofoi altua).

Sarrerak erosteko: donostia.eus

Adarra saria

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuten Adarra saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bat omentzeko, urtero. Orain arte, Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak, Kepa Junkerak eta Amaia Zubiriak jaso dute Adarra saria.

Nor da Joseba Tapia?

Joseba Tapia soinu jotzailea eta trikitilaria da. Kepa Junkerarekin batera, trikitiaren arloa gehien aldatu duten gaur egungo trikitilarietako bat da. Musika tradizionala berritzen dituen hainbat lan argitaratu ditu, adibidez Tapia eta Leturia Band, eta antzinako abesti asko berreskuratu ditu, tartean Karlistaldietakoak eta Espainiako Gerra Zibilekoak.

Lasarte-Oriako Buenos Aires auzoan jaio zen, eta umetan hasi soinu handia ikasten, Bikondoaren akademian. Pentagramaren zurruntasuna ezin eramanik, handia utzi eta txikia hartu zuen. Eleuterio Tapia osaba izan zuen irakasle eta harekin hasi zen plazetan eta erromerietan. Hamazazpi urterekin azaldu zen lehen aldiz plazan bakarrik, 1981ean, Donostiako Igeldon. Euskal Herriko Trikiti Txapelketak irabazi zituen 1986an eta 1988an. Zaldibobo (1992-94) eta Hiru Truku taldeetan aritu izan da, halaber.

1976tik dihardu Leturia pandero-jotzailearekin bikote gisa, Tapia eta Leturia Band taldean lehenik eta Tapia eta Leturia laukotean gero (Jexux Aranburu eta Arkaitz Miner ere lagun dituztela). Ibilbide horretan bederatzi disko kaleratu dituzte. 1998an hasi zuen bere bakarkako bidea, eta geroztik zazpi disko argitaratu ditu.

Diskografia

Bakarka

  • Apoaren edertasuna
  • Québec: hamalau kantu independentziarako
  • Agur Intxorta maite
  • Real Politik
  • Eta tira eta tunba
  • Tximela Kapitainaren izarrak
  • Besamotzak
  • Zorrotzako portuan aldarrika
  • Tranpaldo
  • Egon edo ez egon

Taldeetan

  • Tapia eta Leturia taldea (12 disko)
  • Zaldibobo taldea (2 disko)
  • Hiru truku taldea (3 disko)

‘Egon edo ez egon’ diska berria

Joseba Tapiaren bakarkako bederatzigarren lana da “Egon edo ez egon”. Garate Estudioetan Kaki Arkarazorekin grabatu du aurtengo urrian. Proposamen musikal zein artistiko berria dakar, osagai eta berrikuntza ugariz josia. Kantu berriak dira guztiak Koldo Izagirreren testuekin egindakoak. Diskoko kanten moldaketa guziak Joseba Tapiak egin ditu. Et Incarnatus orkestrak ere parte hartu du diskoko zenbait kantuetara harizko sonoritatea eta dinamika ekarriz. Beraz, bandako metalei eta ahots ezberdinen armoniari orkestra bat batu zaio.

Talde berria 2019an aurkeztu zuen zuzeneko TranpAldo diskoaren bidez. Geroztik zuzenekoetan harrera ezin hobea izan du taldeak. Sonoridade propio bat garatu du taldeak dagoeneko, eta horren isla da diskoa.

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.