Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, Euskal Herriari bira emango dion bizikleta martxa antolatu du, pentsio duinen aldeko kontzientzia pizteko eta ilusioa zabaltzeko, giro herrikoian, alaitasunez, tentsiorik gabe eta sumindurarik gabe. Ekainaren 13an hasi eta 25ean bukatuko den bizikleta martxa Donostia, Bilbo, Gasteiz, Iruñea eta Baionatik igaroko da. Hamahiru etapatan 700dik gora kilometro egingo dituzte. Aldarrikapen zehatzak ere badituzte: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, zerbitzu publikoak eta zaintza lana partekatzea, hain zuzen ere.
Ekainaren 13an Usurbilen
Ekainaren 13an (astelehena) Usurbildik igaroko da martxa. Egunean bertan lehen etapak Donostia izango du abiapuntu eta Azpeitia helmuga. Donostiatik Lasarte-Oriara joango dira partaideak eta 10:45ak aldera Zubietako hiprodromoko etorbidetik barneratuko dira. Handik Santuenera joango dira eta ondoren, 11:15ak aldera herriko Kaxkora iritsiko dira. Jarraian, N-634 errepidean sartu eta Aginaga aldera joango dira eta hortik Oriora.
52 hilabeteko borroka
Pentsiodunen Mugimenduko arduradunek zehaztu dutenez, aldarrikapen hau Gobernu espainolaren pentsioen erreformaren bigarren zatiarekin bat dator: “Erreforma hori Pentsio Sistema Publikoaren murrizketan eta pribatizazioan beste urrats bat besterik ez da. Lau urte baino gehiago daramatzagu pentsio duinen aldeko mobilizazioak egiten, eta denbora honetan lortu dugu pentsioak murriztu zituzten zenbait neurri leheneratzea. Besteak beste, PP alderdiak jarritako pentsioen balioa 0,25ean handitzea lortu dugu, baina ez dugu lortu Pentsio Sistema Publikorako bermeak behin betiko finkatzea. Gutxieneko pentsioak Europako Gutun Sozialaren (CSE) nahikotasun- irizpideekin bat etortzea eta pentsioak KPI errealarekin birbalorizatzea lortu dugu; eta indarrean jarraitzen dute pentsioen erreforma desberdinek, 2011koak esaterako, eta bai 2021eko erreforman, zein 2022ko bigarren zatian, sendotu egin dira”.
Herritar guztie deia
52 hilabeteko borrokak erakutsi die antolatzaileei, aldarrikapena hauek lortzeko bermerik onena mobilizazioa dela. Horregatik, herritar guztiei dei egiten diete Bizikleta Martxa igarotzen den herrietan modu aktiboan parte har dezaten egiten diren ekitaldietan. Bai bizikleta martxan zehar, baita martxaren amaierako manifestazioan ere. Abiapuntuaren leku berean, Donostian egingo dute, ekainaren 25ean (larunbata), eguerdiko 12:00etan Alderdi Ederretik abiatuta.