Ekainaren 9an (osteguna), Usurbilgo Aztarrika Gazte Asanbladak Belartzako Decathlonen, arratsaldeko 17:30ean, euskaldunon hizkuntz eskubideen aldeko ekimena egingo du. Belartzako Decathlonek auto-ordainketa kutxetan, euskaraz ordainketa burutzeko aukera kendu du eta hori salatzeko, erreklamazio orriak beteko dituzte bertan.
Aztarrika Gazte Asanblada: “Belartzako Decathlonek, auto-ordainketa kutxan, euskaraz ordainketa burutzeko aukera kendu du; beste behin ere euskaraz bizi nahi dugunon hizkuntz eskubideak urratuz. Erabaki hau ez da kasualitate hutsa, euskararen aurkako erasoa da. Ez gaude kasu isolatu baten aurrean, inposizio desberdinen bitartez euskara marjinalizatzeko estrategian urratsak etengabeak izaten ari dira; euskara sektore ezberdinetatik erasotuz. Euskal Herrian ezin bada euskaraz bizi, non biziko da euskara? Euskaldunok harrotasunez eta konplexurik gabe gure hizkuntza defendatu eta erabili behar dugu.
Euskaraz biziko den Euskal Herri baten alde! Geure arima hiltzen uzteko bezain odol galduak ez gara”.
