Ekainaren 12an Eskola Txikien 34. jaia ospatuko da Errezilen

Ekainaren 12an (igandea) Eskola Txikien 34. jaia ospatuko da Errezilen, bigarrenez. Bertako herritarrak hilabetetan aritu dira prestaketa lanetan eta egun osoko egitaraua prestatu dute. 2019an Aginagan 32. jaia ospatu zen, osasun krisia etorri aurretik.

2 urtez ospatu gabe

2020ko testigua Aizarnak hartu zuen. Tamalez, festa egunerako ilusio betean zeundela eta prestaketa lanak oso aurreratuta zituztela pandemia egoerak betean harrapatu zituen eta azkenean ez zen jaia ospatu. Urtebetera pandemiari begira egoera samurragoan egongo zirenaren itxaropenarekin, festa 2021eko ekainera atzeratzeko erabakia hartu zuten jaiaren antolatzaileek. Urtebete geroago, hala ere, egoera ez zen asko samurtu eta oraindik ez zeuden festa egiteko egoeran. 2021eko ekainean hurrengo festa antolatzeko ardura duen eskolari, Errezilgoari, testigua pasa eta Aizarnan bertan ekitaldi xume eta herrira begirako bat egiteko erabakia hartu zuten.

2022an Errezilen bai!

1995ean antolatu zuten lehen aldiz Gipuzkoako Eskola Txikietako ikasle, guraso eta irakasleen topalekua den jai hau Errezilen. Garai hartan haur eta gaztetxo moduan festa gozatu zutenek, guraso edo herritarren arduratik biziko dute aurtengoa. Errezilgo jaia ideiak hartuz biziko dutenak Lizartzakoak izango dira, hauek hartuko baitute lekukoa eta 2023ko festa antolatzeko konpromisoa.

54 ikasle, adin aniztasunean

Gaur egun, 2-12 urte bitarteko 54 ikasle ari dira Errezilgo eskolan. Adin ezberdinetakoen arteko elkarrekintza da eskola txikien ezaugarria, eta hala ari dira Errezilen ikasten duten Haur Hezkuntzako 19 ikasleak eta Lehen Hezkuntzako 35ak: “Errezilen dugun eskola txikiari esker gure haurrek euren herrian hazi eta hezteko aukera eskaintzen diegu. Adin ezberdinetako ikasleen arteko harremanetan murgiltzen dira, euren jaioterrian kokatuta abiatzen dira ikaskuntza prozesua garatzen, eta harremanetan sakontzeko aukera ematen diegu herriarekiko harremanetan”

Egitaraua

  • 10:00etan hasiko da festa, irekiera ekitaldiarekin.
  • 11:00etatik 14:00etara hainbat jarduera izango dira aukeran: herri kirolak, puzgarriak, zirko tailerra, trebezia zirkuitua, eskalada txokoa, sormen tailerrak, batukada…
  • 14:30etan herri bazkaria egingo da eta 15:30etan Andoni Ollokiegiren kontzertuak girotuko du bazkalostea.
  • 17:00etan taularatuko dute 5. eta 6. mailako 12 ikasleek Maria Dolores Agirreren bizitza. 1903an Errezilen jaio zen, Etxeberri etxean, gerora idazle, itzultzaile, irrati esatari eta euskara irakaslea izango zena. 14 urterekin joan zen Donostiara irakasle ikasketak egitera eta bertan bizi izan zen 1997an hil zen arte. Euskaltzale sutsua izanik, hainbat bide jorratu zituen euskara hirian bultzatzeko. Horietako bat izan zen Santo Tomas egunean antzerki emanaldiak eskaintzea: batzuetan euskal autoreen obrak taularatu zituen, beste batzuetan itzuli eta berak ere idatzi zituen antzezlanak.
  • 17:30ean Baserriko porrusalda clown emanaldia egongo da eta 18:30etan hasita Argizulo Dup Station kontzertuak biribilduko du eguna.

Oharra

Errezilen eguna pasatzeko asmoa dutenek, autoa Bidania-Goiatz industrialdean (Tolosaldetik doazenentzat) edo Domusa Teknik enpresako aparkalekuan (Azpeitia aldetik doazenentzat) utziko dute eta bertatik Errezilera joan-etorrian ariko diren autobusa hartzeko aukera izango dute, goizeko 9:00etatik gaueko 9:00etara.

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.