Ekainaren 10ean (ostirala), Santueneko Auzo Plana aurkeztuko dute Santuenea Elkarlanean taldeko eta Hiritik At kooperatibako kideak. Aurkezpena auzoko frontoian egingo da, 19:30ean. Prozesu honetan, epe luzera begira, auzoaren eraldaketa nolakoa izatea nahi duten adostu dute, hainbat gairi erreparatuta. Aurkezpenean bertan, ekarpenak egiteko aukera egongo da, azken dokumentua itxi aurretik.
2021ean, Santueneak hobetzeko hainbat alderdi zituela eta, udalarengana jo zuten auzotarrek eta Santuenea Elkarlanean parte-hartze prozesua jarri zuten martxan, behar horiei modu integralean erantzuteko: “Espazioari eta hirigintzari ez ezik, gai sozial eta komunitarioei ere erreparatu diete, eta auzoa epe ertainean nola eraldatzea nahiko luketen landu dute: desio duten etorkizuneko auzoa eraikitzeko beharrezkoak diren aldaketa zehatzak adostu dituzte, besteak beste, espazio publikoa, mugikortasuna, zaintza eta energia gaiak landuta. Urtebeteko epean, diagnostiko bat egin dute auzokideen artean, eta auzoarentzako proiektu estrategikoak lantzeko saio irekiak ere egin dituzte. Auzotarren artean esku-hartzeak definitu dituzte, baloratu, lehenetsi, eta udalarekin ere kontrastatu dituzte. Santuenea Elkarlanean talde eragilea irekita egon da, une oro, parte hartu nahi izan duen ororentzako, eta hemendik aurrera ere hala izango da. Izan ere, orain, erronketako bat talde hori indartzea izango da, besteak beste, planaren jarraipena egin eta bertan definitutako hobekuntzak egingo direla bermatzeko, beti ere, Usurbilgo Udalarekin elkarlanean”.