Atzo eguerdian (ekainak 2) Ertzaintzak Xabier Atristain Gorosabel euskal presoa atxilotu zuen, eta berriro Martuteneko espetxera eraman zuen, duela lau hilabete eskas Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz aske utzi zuen kartzela berera. Donostiako Parte Zaharrean atxilotu zuten Atristain, 13:00ak aldera, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez. Espainiako Auzitegi Gorenak herenegun eguerdian ebatzi zuen ez zuela Atristainen hamazazpi urteko espetxe zigorra berrikusiko, eta, beraz, arriskua gainean zuen. Izan ere, Atristain otsailaren 17an atera zen Martuteneko espetxetik, baina behin-behinean: Espainiako Auzitegi Nazionalak erabaki zuen haren zigorra etetea, soilik Gorenak Estrasburgoko sententzia Espainiako Estatuan nola aplikatu behar zen erabakitzen zuen arte. Auzitegi Nazionaleko zigor sala berak agindu zuen donostiarra atxilotzeko atzo: hirugarrenak.
Manifestazioa Donostian
Sarek atzo bertan egin zuen kontzentrazioa, Atristain atxilotu eta ordu gutxira. Gaurko (ekainak 3) manifestazioa antolatu du, Babesgabetasun juridikoarekin amaitu, Atristain etxera orain! lemapean. Bulebarretik irtengo da, arratsaldeko 19:00tan.
Kontraesanezko jauzia
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak urtarrilaren 18an eman zuen Atristaini buruzko sententzia: ebatzi zuen Espainiak euskal presoari prozesu justu eta ekitatezko bat izateko eskubidea eragotzi ziola, ez ziolako utzi konfiantzazko abokatu bat aukeratzen. Zigor Reizabal abokatuak orduan nabarmendu zuenez, Espainiako inkomunikazio erregimena bera auzitan jarri zuen Estrasburgoko sententziak. Auzitegi Gorenak ordea, erenegun ebatzi zuen Atristainek inkomunikazioan egindako deklarazioez gain badirela bertzelako froga gehiago haren aurka, eta, beraz, ondorioztatu zuen deklarazio horiek gabe ere epaileak zigor ondorio berera ailegatu izanen liratekeela.
Kontraesanezko jauzi bat egiten du Gorenaren sententziak. Izan ere, aipatzen du Estrasburgok esaten duela Atristainen zigorra nagusiki deklarazioen harira lorturiko frogetan oinarritzen dela: “Deklarazio horiek funtsezkoak izan ziren lehergaiak aurkitzeko”. Ez du zalantzan jartzen, ordea, lehergai horiek froga gisa erabili izana, eta gaineratzen du horiek ez ezik beste akusatuek erruduntzat jotzea, lekukoen deklarazioak eta akusazioaren galderen aurrean demandatzaileak izandako isiltasuna ere» erabili zituztela.