Meagasen memoria-gune berri bat dago Bautista Aginaga usurbildarra eta Pedro Julian Agirre aiarraren omenez

Pasa den larunbatean (maiatzak 14) Usurbil1936 elkarteak memoria-gune berri bat inauguratu zuen Meagasen. Faxistek 1936. urtean bi pertsona fusilatu zituzten: Bautista Aginaga usurbildarrak eta Pedro Julian Agirre aiarra. Euren omenez Meagasen bertan artelan-oroigarri bat jarri zuten. 50 lagun inguru elkartu ziren bertan, tartean, Bautista Aginaga usurbildarraren eta Pedro Julian Agirre aiarraren senideak.

Elkartearen hitzartzeaz gain, EAJren izenean (Bautista EAJko militantea zen) Ion Ganbrak hartu zuen hitza. Aia, Zumaia eta Usurbilgo alkateak ere bertan izan ziren (Oikia- Zumaiako lurretan hil zituzten) eta hiruren izenean Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak hartu zuen hitza. Jon Mikel eta Malen anai-arreben kantuez osatu zen ekitaldia, Jon & Jon txistulariak eta Elorri dantzariak aurresku dotorea egin zuten. Jon Aizpurua usurbildarrak egindako bi bertsoak denen artean abestuz amaitu zen ekitaldia.

Usurbil 1936

Paraje zoragarri hau begiratuta, nork pentsatuko luke hementxe bertan, duela 85 urte pasatxo gertakizun iluna, oso iluna, gertatu zenik? Ba horrela izan zen. 1936ko urriaren lehen egunarekin bat, bi gizon erail zituzten hemen. Ez zen gertakizun solte bat izan, ordea. Faxistek uztailaren 18an hasitako altxamendutik eratorritako gerraren beste ondorio bat izan zen hura. Kolpistek Gipuzkoan herriak hartzen zihoazen heinean, errepresioaren arrastoa handitzen joan zen hurrengo egunetan. Gure herrian, egindako mitin batean “Usurbilen laster orrazia pasako” zutela  agindu zuten. Baita pasa ere. Segituan hasi ziren atxiloketak eta erailketak.

Bautista Aginaga Otegi, 33 urteko arotza, mendigoizalea eta EAJko Gaztedi alorreko kidea, bere aitaren hileta elizkizunetan zen egun hartan. Elizatik ateratzerakoan, atxilo hartu zuten aitaren galeragatik familiak zuen atsekabea areagotuz. Egun berean, Aiako Olaskoaga-azpi baserriko semea, Pedro Julian Agirre Gallastegi, Orioko udaletxeko ziegatik atera zuten, atarian arropa eta janaria eramatera joandako senideei besarkada bat emateko aukerarik eman gabe.

Behar bada Bautistak eta Pedro Julianek ez zuten aurrez elkar ezagutzen. Baina zorigaiztoko patu berak elkartu zituen. Juxtu-juxtu Zarauzko fraide batekin konfesatzeko parada eman eta faxistek hona ekarri zituzten. Inolako epaiketa eta defentsarako aukerarik gabe, biak ala biak, hementxe bertan, tiroz zerraldo utzi zituzten. Utzi, bai. Maiz askotan egiten zuten moduan, hil eta gero lurrean botata utzi baitzituzten. Inguruko herritarrek gorpuak jaso eta edozein gizakiari zor zaion duintasuna minimoz lurperatu zituzten horko soroan. Urtia-berriko Erramunek gogoratzen duen bezala: ”Bi arbolen artean, enborretan gurutzetxo bana markatuta, zeuden lurperatuak”. Txikiak zirela, errespetuzko keinu moduan,  lur gaina hartan ez jolasteko esaten zieten helduek, “hor bi gizon daudelako”.

44 urtez egon ziren zoroan. 1980ko uztailaren 13an, beren hobitik atera eta gorpuzkinak familien esku geratu ziren. Gezurra badirudi ere, beren zoritxarrean zortea izan zutela esatera ausartzen gara. Izan ere, Euskal Herriko eta, oro har, Estatuko milaka familiek ez baitakite oraindik non dauden beren senitartekoak edota, zehazki, zer gertatu zitzaien ere ez.

Jakitea. Inportante baita jakitea. Ez soilik senide eta lagunentzat, ez soilik alderdikide edo herrikideentzat. Zilegitasun izpirik gabe gerra sortu eta hainbeste kalte eta hondamendia eragin zutenek urteetan kontatu duten “irabazleen” historia ez delako egia, gutxienez ez delako egia osoa. Triskantza haren zergatiak eta utzi zituen ondorio lazgarriak ere jakinarazi behar zaizkie ondorengo belaunaldiei. Eta, nola ez, Bautista eta Pedro Julianek eta beren senideek aitortza publiko bat, herri-aitortza merezi dutelako.

Horregatik gaude gaur hemen. Horregatik jarri dugu oroigarri hau, hemen duela 85 urte  gertatutakoaren memoria nolabait fisikoki irudikatzeko; hainbeste urtez ezkutuan egondakoa argitara emateko. Jendeak hemen ingurutik pasatzerakoan bi adarreko zuhaitza edo zerurantz altxaturiko bi beso ikusiko dituzte agian. Hurbiltzen badira, bi izen irakurriko dituzte, Bautista eta Pedro Julianenak. Haiei gertatutakoaren lekuko izan dadila eta halako desmasiarik inoiz, inori, berriz gerta ez dakiokeen lortzeko balio dezala.  

Agurtzane Solabarrieta, Usurbilgo alkatea

Ez da egon inoiz ahaztua baina bai hor ezkutuan gordea. Beti presente, baina ahots isilez, aipatu ezinez, hitzak berak erakarriko balu bezala tamaina handiko minaren bizipena. Belaunaldiz belaunaldi transmititzeraino. Hurrengo belaunaldiko umeak ginela gure jakinmin inozentea asetu nahian galdezka hasten ginen orduko, mozten ziguten. Gero ez hain ume ginenean isilarazten gintuzten bi hitz erantzunda eta laster konturatu ginen ezin genuela galdetu ere egin. Gai hori tabua zela, min eta izu handia zegoela gertakizun horren inguruan. Horregatik ez dakite askorik osabari buruz, baina isiltasuna hausteko urratsa eman dute” . Mariaje Furundarena usurbildarraren hitzak dira, osaba Joxe Mariri, 36ko gerran fusilatuari, duela gutxi Aginagako hilerrian egin genion omenaldian esandakoak.

Iltzatuta geratu zitzaizkidan. Famili oso baten mina erakusten dute. Horregatik, gaurkoan nire lehen hitzak Bautista Aginaga eta Pedro Julian Agirreren senitartekoei zuzendu nahi dizkiet. Zuen senitartekoen oroimena ezkutuan eramatera behartu zaituztete, baina beti bizi-bizirik izan duzue. Eskerrik asko, beraz, hiru alkateon izenean, haien duintasuna eta oroimena bizirik iraunarazteagatik, euren izenak, izanak eta memoria desagerrarazi nahi izan zituen sistema frankistari eta inposatutako bazterketari eta ahanzturari aurre egiteagatik. Euren memoriaren gordailu izan zarete. Duela gutxi, Derion, 36ko gerran fusilatu zituzten gizon-emakumeei egindako omenaldian Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak esan zuen familia-memoria hori gizarte-memoria bihurtu dela. Eta arrazoi du: herriaren memoria da. Gure historia.

Halaber, gaurkoan ere aipamen berezia egin nahi diet gerraren basakeria guztien testigu izan eta izua barruraino izanagatik ere, ikusitakoa kontatzeko ausardia izan duten guztiak. Lekukotasun haiengatik ez balitz, gorpu asko bide bazter eta kunetetan jarraituko zuketen. Oraindik, badira ehunka batzuk. Tamalez. Haiei esker, duintasuna itzuli, memoria berreskuratu eta egia zabaltzeko ezinbestekoa izan da euren adorea eta ekarpena. Lekukotasun horiek ahalbidetu zuten, esaterako, Bautista Aginaga eta Pedro Julian Agirreren gorpuzkinak berreskuratzea senideek, 1980ean, eta merezitako agurra eta aitortza egitea.

Edurdo Galeanori irakurri nion gogoratzea gauzak berrio ere bihotzetik pasatzea dela. Negar egingo dugu entzundakoa bihotzetik pasatzen zaigun aldiro, baina negar horrek gogoraraziko digu egia zor digutela oraindik ere. Zuetako bakoitzari, guri, Euskal Herriari. Faxistek Gernika bonbardatu zutela 85 urte bete dira aurten, eta Espainiako Gobernuko presidenteak, lehen aldiz, gertakari haiek gaitzetsi ditu. Urrats ñimiño bat izan denik ezin ukatu, baina Gernikak eta Euskal Herriak egian oinarritutako memoria behar dugu. Memoria eta ahanztura antonimoak dira, baina ahanzturaren antonimorik borobilena ez da memoria, egia baizik. Eta egia zabaltzen dugun aldiro, ahanzturari gerra irabazten ari gara. Eta horretan ez dago, oraindino, Espainiako Gobernua ez eta Espainiako Estatua. Galeanok esana da: “Negar las raices, los motivos, las causas es una forma de usar la desmemoria para consolidar la impunidad, para convertir las infamias en hazañas”.

Eta esana du ere “que la memoria viva no nació para ancla. Quiere ser puerto de partida, no de llegada. Y que la memoria sea mucho mas que una herramienta fundamental para avanzar en el camino”. Eta horretan ari dira nekaezin hainbat herri-ekimen. Elkarte. Eta gaurko ekitaldia da horren seinale. Toki honetan fusilatu zituzten Pedro Julian Agirre eta Bautista Aginaga. Eta gaur memoria leku bihurtuko dugu. Toki eta herri guztiek dute euren Gernika txikia, eta horregatik da garrantzitsua toki horiek identifikatzea, ezagutzera ematea eta gerraren ondorioak jasan eta isilarazi zituztenen memoria aitortzeko gune bihurtzea. ‘Hemen hil zituzten’ toki mingarri hori, askatasun demokratikoen defentsarako, bake eta bizikidetzaren balioak transmititzeko eta oroitzapenerako gune bilakatzeko. Ahanzturaren oroimenerako leku. Memoriarako espazio. Askatasunerako eta bakerako espazio.

Bertsoak

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.