Usurbilgo Sarek antolatuta, maiatzaren 7an (larunbata), Usurbildik Oriora martxa egingo da. Larunbatean zutabe ezberdinak abiatuko dira Oriorantz, inguruko herrietatik; Adunatik, Amasa-Villabonatik, Andoaindik, Asteasutik eta Zizurkildik. Lasarte-Oriatik ere beste zutabe bat abiatuko da goizeko 9:15ean eta 10:00etan Usurbilen izango dira. Zutabe horrekin bat egiteko aukera izango da. Usurbilgo Sarek hitzorduotan parte hartzeko gonbita luzatu du.
Usurbilgo Sare
Oraindik orain garrantzitsua da, erabakigarria, mobilizatzen jarraitzea, euskal errepresaliatuek pairatzen dituzten eskubideen urraketak salatzen jarraitzea, ahal dugun esparru guztietan. Data garrantzitsuak hurbiltzen ari dira kalera irteten jarraitzeko eta blokeoarekin amaitzea lortzeko. Auzitegi Nazionalak eta Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak tratamendu-batzordeek, presoa hobekien ezagutzen dutelarik, proposatzen dituzten irteera-baimenak eta hirugarren graduak oztopatzen jarraitzen dute. Euskal Herritik kanpo dauden espetxeetan dauden 85 pertsonek euskal kartzeletan egon beharko lukete. Espetxe-legeria arrunta aplikatuko balitzaie, euskal preso gehienek askatasuna ezagutu beharko lukete, modu batean edo bestean. Hor dugu, adibidez, Joseba Arregiren kasu paradigmatikoa. 75 urte, multipatologiak dituelarik eta 30 urte espetxean daramatzala, oñatiarrak Espainiako zigorraren hiru laurdenak bete zituen 2019an, ez zaizkio zenbatu Frantziako zigorraren 10 urteak, eta, orain, Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak Martuteneko espetxeak emandako hirugarren graduaren aurkako errekurtsoa aurkeztu du. Eskubideez ari gara, Anjel Aldana eta Txetxu Urteaga euskal deportatuei uko egin zieten eskubide berberez, duela 6 eta 2 urte hil zirenak etxera itzuli gabe. 33 erbesteratuen itzuleraz ari gara; Nekane Txapartegik bezala, etorkizuneko euskal gizartea eraikitzen laguntzeko eskubidea du”.
Orion elkartuko dira martxa guztiak
Orion elkartuko dira herri guztietatik abiatutako martxak eta bertangun osoko egitaraua prestatu dute bertan, “Etxerako bidean Saretzen” lemapean.
- 10:00 Lasartetik etorriko den zutabearekin bat eginez, Usurbilgo plazatik mendi martxa
- Oriora.
- 13:30 Ekitaldia.
- 14:00 Bazkaria. Txartelak salgai Txiribogan, Aitzagan eta Bentan tabernetan (ostegun goizera arte).
- 17:30 Kontzertua: Distopia elektrotxaranga. Jokoak, haurren txokoa…