“Energia Berriztagarrien Komunitateak: zer dira? Zer egin dezakegu Usurbilen?” aurkezpen irekia

Usurbilgo Udalak jakinarazi du, herrian Energia Berriztagarrien Komunitate (EBK) bat sortzeko proiektua abiatuko duela, Goiener Kooperatibaren laguntzarekin: “Larrialdi klimatikoaren testuinguruan, egungo eta etorkizuneko klimaren inpaktuak eragozteko, udalak ezinbestekotzat du, besteak beste, ingurumenarekin errespetuz jardungo duten politika publiko eraldatzaileak garatzea eta egungo eredu energetikoa errotik aldatzea”. Guzti honen inguruan hitz egiteko, gaur (maiatzak 3) arratsaldeko 18:00tan, aurkezpen saio irekia egingo da Sutegin.

Trantsizio energetikoa Premiazkoa eta urgentziazkoa

Energia oinarrizko baliabide bat da, eta egungo kontsumo energetikoa, nagusiki, erregai fosiletan oinarritzen da, berotegi efektuko gasak eragiten dituzten eta agortze bidean dauden lehengaietan, hain zuzen.

Agurtzane Solaberrieta, Usurbilgo alkatea

“Beharrezkoa da, energiaren deskarbonizazioarekin batera, energia berriztagarriak eta garbiak erabiltzeko urratsak irmoak egin eta politikak sustatzea. Hemen kontsumitzen dugun energia munduko beste leku batzuetatik dator, eta multinazionalen eta merkatuen menpe dago. Horren ondorio da nahieran, kapitalaren mesedetan, etengabe ari dela garestitzen energiaren prezioa (gasarena zein elektrizitatearena), eta ondorio horiek guztiak herritarrek jasango dituzte beste behin: gora egingo du nabarmen, halabeharrez, pobrezia energetikoak. Horregatik guztiagatik, trantsizio energetikoaren erronka premiazkoa eta urgentziazkoa da. Gauza asko eta oso azkar aldatu behar ditugu, baina gure premisa argia da arlo honetan ere: trantsizioak iraunkorra, berriztagarria, justua eta inklusiboa izan behar du, inor baztertu edo atzean utziko ez duena eta herrikideen arteko berdintasuna bermatzea izango duena bokazio gisa”.

Udalak ingurumenaren eta energiaren arloan egindakoak.

Aazken urteetan emandako pausoak:

  1. Hondakinen kudeaketa jasangarria, atez ateko bilketa ezarrita (2009an).
  2. Udalak Europako alkateen ituna sinatzea (2011n).
  3. Usurbilgo Energia Jasangarrirako Ekintza Plana onartzea (2013an).

Usurbilgo Energia Jasangarrirako Ekintza Plan horretan, hainbat neurri proposatu ziren, bost ildo nagusiren bueltan:

  1. Efizientzia energetikoa.
  2. Energia berriztagarriak.
  3. Mugikortasuna.
  4. Hondakinak.
  5. Ura eta inguru naturala.

Azken urteetan udalak emandako pausoak:

1. Energia berriztagarrien erabilera.

1.1. Eguzki plakak: Azken urteetan, udalak Oiardo kiroldegian eta Udarregi ikastolan jarri ditu eguzki plakak: bien artean, guztira, 49Kw-ko potentzia instalatu da. Kiroldegiaren kasuan, plakek ekoizten duten energia kiroldegiaren kontsumorako erabiltzen da: kiroldegiko kontsumo osoaren %24 hornitzen da eguzki plakekin sortutako energiaren bidez. Udarregiren kasuan, ekoizten den energia autokontsumo partekaturako erabiltzen da: ikastolan ez ezik, udaletxean, Sutegin, Artzabalen eta Zumarten.

1.2. Geotermia, Zumarten: Zumarteko berokuntza sistemak lurpeko berotasuna aprobetxatzen du, eraikinaren energia beharrak gutxituz.

1.3. Energia iturri garbiagoak: Energia iturri gabiagoak erabiltze aldera, besteak beste, gasaren hodia pasatu dute Harane futbol zelaitik Kalezar aldera, horrela, gasolina erabiltzeari uzteko.

2. Efizientzia energetikoa.

2.1. Argiteria publikoa: Kontsumoa murrizteko asmoz, herriko zenbait lekutan led teknologiadun argiteria jartzen hasita dago udala: Olarriondon, Kalezarren, Santuenean, Osinalden eta Txikierdin, besteak beste. 2021Ean, gainera, sare osoan led teknologiadun argiteria ezartzeko plangintza egin du udalak: 2030 urterako kale argiteria guztia aldatuta izatea aurreikusten du. Goikoetxeak aurreratu duenez, aurten, Kale Nagusiko, Txaramunto-Azpiko eta Eguzkitza kaleko argiteria berrituko dute led teknologiarekin.

2.2. Kontsumoaren jarraipena: 2020az geroztik, udala kontsumitzen duen energiaren jarraipena egiten ari da: udal-eraikinak, argiteria publikoa eta ibilgailuen kontsumoa. Horretarako, software edo sistema informatiko bat du: kontsumitzen den energia guztia modu bateratu batean erakusten du, eta aldi berean, kontsumoa murrizteko zein aukera egon daitezkeen jakiteko modua ematen du.

3. Mugikortasuna.

3.1. Auto konpartitua: Egungo mugikortasun ereduak energiaren kontsumoan eta ingurumenean duen eragina dela eta, bestelako mugikortasun eredu bat sustatu du udalak: 2021ean, auto konpartitua eskaintzen hasi zen, emisiorik gabea (%100 elektrikoa da), udal-langileek zein herritarrek erabiltzeko. Urtebetean, 7.000 kilometro baino gehiago egin ditu, guztira.

3.2. Bidegorriak: Bidegorrien sarea osatzea du helburu udalak. 2019-2023 legealdian, Pikaola-Saizar arteko bidegorria egin du, esaterako. Troia eta Usurbil lotuko dituen bidegorria gauzatzeko proposamena ere egina dio udalak aldundiari, baina aldundiak dio ez dela udalaren eskumena, eta ez dio gaiari heldu.

4. Energiaren bulegoa.

2021ean, energiaren udal-bulegoa izan zuen Usurbilek, bederatzi hilabetez. Herritarrei begirako zein udal barrurako lanak egin zituen energia teknikariak. Herritarrei dagokienez, energia berriztagarrien inguruko zalantza eta aholkularitza eskaini zuen, baita pobrezia energetiko egoeran zeudenei lagundu ere. Udal barrura, berriz, udalaren energia kudeaketa hobetzea izan zen energia teknikariaren beste zereginetako bat, udaleko hirigintza eta zerbitzuetako sailekin elkarlanean.

5. Hobariak.

Udalak hobariak eskuratzeko aukerak zabaldu ditu, 2022az geroztik. Oinarrizko zerbitzu horietako batzuek zerikusia dute ingurumenarekin eta energia beharrekin: ur hornidura zerbitzua, hondakinen bilketa eta tratamendua, estolderia zerbitzua edo udal-baratzeen erabilera. Hobariak eskuratzeko aukera horiek diru-sarrera txikiagoak dituzten herritarrek gutxiago ordain dezaten jarri ziren martxan, gehiago dutenei gehiago ordainaraziz.

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.