
Andatza Eguneko antolatzaileen eskutik, maitzaren 1ean (igandea) Andatza Egun ospatuko da eta maiatzaren 8an berriz, Gipuzkoako Erroten Egunaren harira, Andatzako errotarriak ezagutzeko bisita gidatua antolatu da.
Maiatzak 1, igandea: Andatza Eguna
Andatza Eguneko antolatzaileek jakinarazi dutenez, jan-edana banatuko da, maiatzaren 1ean Andatzara igotzen diren herritarren artean: haragi eta txorizo pintxoak, salda eta sagardoa txotxetik.
Maiatzak 8, igandea: Andatzako errotarrietara bisita

Andatzako errotarriak ezagutzeko bisita gidatua egingo da maiatzaren 8an, Javi Castro eta Yoseba Alonso ikerlariekin. Azken urteetan Andatza alderik alde aztertu dute Castrok eta Alonsok errotarri eta mugarrien bila, eta maiatzaren 8ko bisitan horietako zenbait ezagutzeko ibilbide bat prestatu dute. Bertaratu ahal izateko izena eman beharko da aldez aurretik usurbilkultura.eus webgunean.
- 09:30ean San Estebanen elkartuko dira.
- Autoetan Puelaberriraino joan eta oinezko ibilbidea han hasiko dute.
- Bi kilometro inguruko ibilbidean, Andatzan identifikatuak dituzten 25 harrobietatik hiru bisitatuko dituzte. Ikerlariek azaldu dutenez, ibilbidea, oro har, samurra izango da, pistatik eta oinez erraz ibiltzeko modukoa; harrobiak ikusteko baino ez dira aterako pistatik. Geldialdietan inguru bakoitzeko datuak eta azalpenak emango dituzte: historia, geologia, harrobizaleen izenak, garraioak…
- Arropa eta oinetako erosoak eramateko aholkatu dute
Gipuzkoako Erroten Eguna
Gipuzkoako Erroten Eguna antolatu du Ihurrita Errota Sustatzeko Elkarteak, eta horregatik izango da Andatzako ibilaldi gidatua maiatzaren 8an: apirilaren 27an aurkeztuko dute ekimena Donostiako San Telmo museoan. Guztira, lurraldeko 33 herritan 40 ekitaldi inguru egingo dira: gehienak maiatzaren 8an, baina hilabete osoan sakabanatuta egingo dituzte tokian tokiko zenbait ekitaldi. Apirilaren 30ean, gainera, Gipuzkoako Errotagintza Topaketa egingo dute, Larraulen, eta maiatzaren 3an, hitzaldi bat egingo dute Donostiako San Telmo museoan. Elkarteak azaldu duenez, errotak oso garrantzitsuak izan dira, mende askotan, Gipuzkoako garapen sozial, ekonomiko eta industrialean. Horregatik, errotak eta horien inguruko industria-ondarea ezagutzeko aukera eskainiko dute Gipuzkoako Erroten Egunaren bidez.