Zubietako Herri Batzarreko ordezkariak eta Usurbilgo alkatea Gipuzkoako Batzar Nagusietan izan dira

Martxoaren 24an Gipuzkoako Batzar Nagusietan lurraldeko udalerrien mugak arautzen dituen foru araua berrikusteko asmoz ponentzia aztertu zen. Orain arte, hainbat udalerritako ordezkariak pasa dira bertatik (Itziar-Deba; Ereñozu-Hernani; Angiozar-Bergara, Igeldo) eta, pasa den ostegunean, Zubietaren txanda izan zen. Zubietako Herri Batzarreko zein Usurbilgo eta Donostiako udaletako ordezkariek hartu zuten hitza ponentzian. Usurbilgo Udalaren izenean Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak hitz egin zuen eta Zubietako Herri Batzarreko izenean Jon Arroyo Arozena (Zubietako alkatea), Eneko Izagirre Kastresana, Iñaki Izagirre Zuloaga, Aritz Arrizabalaga Garmendia eta Alberto de Miguel Anyu.

AGURTZANE SOLABERRIETA, Usurbilgo alkatea

Agurtzane Solaberrietak ponentziak aukera berri bat zabaldu beharko lukeela adierazi zuen, Zubietaren batasuna indartzeko, herri-izaera sendotzeko, babes juridikodun administrazio-eredu bat egituratzeko, eta, azken batean, Zubietaren borondatea errespetatuko duen marko bat garatzeko,

“Zubieta herria da, nahiz gaur egungo egituraketa administratiboan udalerria ez den. Zubietarren erabakitzeko eskubidea babesten dugu: uste dugu zubietarrak badirela nor beren herriaren orainaz eta geroaz erabakitzeko eta burujabe izateko eskubidea dutela. Izan ere, Zubieta bi administrazioren artean zatituta dagoen Gipuzkoako zein Euskal Herriko herri bakarra da. 1996an administrazio-eredu deszentralizatua ezarri zen eta Zubietari nortasun eta izaera berezia aitortu zitzaion: Herri Batzarra berariaz sortutako organoa litzateke, Zubietaren eta bi udalerrien arteko harremana eta komunikazioa bideratzeko xedea duena. Haatik, eredu horrek ez dauka babes juridikorik. Horren ordez, bi udalen barne-arautegietan jasotzen da Herri Batzar horren izaera eta eskumenei buruzko akordioa. Bi administrazioen organo osagarri gisa sortu zen. 1996an indarrean jarri zen eredu horren eraginkortasunaz gogoeta egiteko momentua iritsi da, eta Batzar Nagusietan egiten ari diren ponentzia abagune aproposa izan daitekeela uste dut.

26 urteko ibilbidean “argi-ilunak” daude. Zubieta herri gisa hartua ez bada ere, azken urteetan ekimen batzuk bideratu dira logika horri erantzunez, eta bi adibide daude: batetik, 2019an Usurbilgo eta Donostiako udalek, Zubietako Herri Batzarrarekin batera, Zubietako zerbitzu eta azpiegituren kudeaketa eraginkorra egiteko sinatutako akordioa: lau urterako sinatu zen, beste lau urtez luzatzeko aukerarekin. Bestetik, Usurbilgo Udalaren Plan Orokorra idazketa prozesua: herritarren ekarpenak jasotzeko parte-hartze prozesuak sustatu ditu, besteak beste, Zubietan.

Usurbilgo Udalaren Plan Orokorra idazketa prozesua

Prozesu horretan ere hiru erakundeek parte hartu zuten, EHUko arkitektura fakultateko ikertzaile talde baten laguntzarekin. Guztien parte-hartzearen garrantzia nabarmendu zuen Solaberrietak: “Usurbilgo Udalarentzat, Zubieta bat eta bakarra da, nortasun propioa duen herria. Eta, beraz, abiapuntua Usurbilgo HAPO bada ere, bistan da ezin genuela soilik Usurbilgo udalerriaren mugen pean dagoen Zubieta eremuaz jardun”. Orain heldu dio Donostiako Udalak egungo HAPO berrikusteko prozesuari, eta, hain justu, harekin bildu nahi du Usurbilgo Udalak epe laburrean, zubietarrekin landutako proposamena oinarri, bi udalon arteko konpatibilizazio plan bat adosteko.

Ondorio negatiboak

Solaberrietaren esanetan, Zubieta herri gisa ez hartzeak ondorio negatiboak izan ditu: “Ekarri du, adibidez, inpaktu handiko aktuazio urbanistikoak eta oso kutsakorrak eraikitzea, non era baserri-lur emankorrak dauden inguru batean. Ekintza horien erantzule dira Donostiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Azken urteetan Donostia eta Gipuzkoako erakundeetatik Zubietan sustatu dituzuen proiektu urbanistikoek (errauste planta, Eskuzaitzetako industriagunea, espetxea, eta abar luze bat), erakusten dute Zubietarekiko gutxiespena eta 1996ko ereduaren mugak. Ezin diogu Zubietari begiratu ustiapenerako gune berde bat balitz bezala. Beste begiratu bat merezi du: duen izaera errespetatzea eta sendotzea merezi du. Eta hala egiteko eskatzen dizuet hemen ordezkatuta zaudeten alderdi politiko guztiei, eta kudeatzen dituzuen erakundeetatik Zubietarekiko errespetuz eta zubietarren nahia aintzat hartuz aritzea”.

JON ARROYO, Zubietako alkatea

Jon Adoni Arroyok lehenik eta behin eskerrak eman zituen Foru Arauaren aldaketarako prozesuan zubietarrei parte hartzeko aukera emateagatik: “Zubietarrentzako garrantzitsua den gai bat betidanik. Herritarron nahia beti ildo horretatik joan bait da nahiz eta bide horretan oztopo ugari aurkitu ditugun Zubietarrek”.

Zubieta ezaugarri bereziko herria

“Zubieta ezaugarri bereziko herri bat da, Donostiako eta Usurbilgo udal mugarteena. Eta ez dago horrelako beste kasurik ez Gipuzkoan ez Euskal Herrian, herri izaera duena naiz eta administratiboki 2 udalen menpe egon. Gaur egun 523 biztanle ditu Zubietak dauzkagun azken datuen arabera (Usurbil 252, Donostia 271). Zubieta landa eremua da. Aldundi honek aitortzen duen (eta Lurralde Planean jasota dagoen moduan), inguruko nekazal lur aberatsenetakoak ditugu (Oria ibaiaren erribera, alegia). Baditu bestelako ondare bereziak ere: arkeologikoak (trikuharriak etabar, Andatza mendiko inguruan), baserriak (horien artean, hain ezaguna den Aizpurua baserria eta hauen izenak XIV. mendeko datuetan agertzen dira), Hipodromoa, Errealaren entrenamendu gunea eta Errebotea. Erreboteari buruz esan Gerra Zibilan aurretik Gipuzkoako hainbat herritan jokatzen zela eta gaur egun hirutan bakarrik, Zubietan, Bilabonan eta Oiartzunen. Iaz Ondare Kulturala izendatzeko eskaera egin zen Eusko Jaurlaritzan eta ezezkoa jaso zuen”.

Zubietako Heri Batzarra

“Gaur egungo Herri Batzarra tresna antzua dela uste degu, ez dela eraginkorra. Udalek Batzarrarekin dauzkaten konpromezuak eta eginbeharrak ez dira betetzen. Herri Batzarra arautzen duen araudiaren arabera hauek dira Donostiako eta Usurbilgo Udalek bete beharko lituzketenak:

  1. Batzarra informatua mantentzea Zubietako enklabeari eragiten dieten proiektuen edo erabakien inguruan, beharrezko kontuetan lehenik batzarrari galdetzea eta enklabe horren inguruko erabaki guztien berri ematea.
  2. Zubietak dituen beharrak aztertzea eta hobekuntzak proposatzea, proposamenen jarraipena egitea eta informazioa trukatzea gai horien inguruan. Adibidea, ia 2 urte pasata alde batetik ezezko teknikoa jasota gaiak geldirik dirau. (zebra bidearen kasua, gehiago zehaztu gabe)
  3. Auzo Batzarraren esku uztea egoki iritzitako funtsak, Zubietako ohiko funtzionamendurako eta komunitateko lanerako.
  4. Guzti honek gaur egungo egoerara garamatza: Herrian dagoen etsipena. Horren ondorio da, aurtengo legealdian Herri Batzarreko 6 kideak ez osatu izana…
  5. Horregatik asko eskertzen dugu Ponentzia honek Zubietaren burujabetasunaren inguruan ekar ditzazkeen berrikuntzak.

HAPO-a

Eskerrak eman nahi diogu Usurbilgo Udalari, duela 2 urte Zubietan landutako HAPOarengatik. Gustura parte hartu genuen, Donostiko Udalarekin batera. Herritarrak ere, euren etorkizunaz hitzegiteko antolatutako partaidetza prozesu guztietan, gustora azaldu dira asistentzi kopurua nabarmen igoaz. Donostiko Udala egitekotan denarekin ere zihur herritarrak gustura arituko garela”.

Bideo osoa ikusteko: jggipuzkoa.seneca.tv

NOAUA! ASTEKARIA

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.