
Usurbilgo Udalak jakinarazi du Oiardo kiroldegiko igerileku txikia itxi egin dutela, egun batzuetarako. Igerileku horretan egindako azken ur analisian bakteria bat agertu dela oharatazi du Udalak: “Nahiz eta ez den kopuru handian azaldu, ezinbestekoa da itxi eta tratamendu bat aplikatzea. Izatez, dagoeneko hasi dira tratamenduarekin, bakteria guztiz ezabatzeko helburuarekin”.
“Ez da kezkatzeko moduko agerraldi bat”
Analisien emaitzen berri izan eta berehala egin du kontsulta kiroldegiak Eusko Jaurlaritzako Osasun sailarekin, eta haien esanetan, ez da kezkatzeko moduko agerraldi bat, kopuru oso txikian agertu baita: “Ezinbestekoa da bakteria hori guztiz ezabatzea, eta, beraz, hori hala izan arte itxita izango da igerileku txikia. Tratamendua aplikatu, ura aztertu, eta parametro guztiak egon behar duten mailan daudenean zabalduko dute berriz”.