Usurbilgo Berdintasun Sailak eta Sutegi Liburutegiak antolatuta, martxoaren 9an (asteazkena), Uxue Alberdiren hitzaldi-solasaldia eskainiko da Sutegin, 19:00etan. Uxue Alberdik idatzitako “Usurbilgo hirigintza feminista fabulatzen du” kontakizun laburrean oinarrituko da hitzaldi-solasaldi. Liburuxka liburutegian eskura daiteke. Bertara joateko aurrez izena eman behar da usurbilkultura.eus webgunean (azken eguna martxoak 7).
Zirriborroak eta gero alternatiba eta utopien etorkizuna irudikatzen duten ipuin laburren bilduma da. «Ibaia» kontakizunean, Uxue Alberdi idazleak genero-ikuspegidun hirigintzaren ondorio eraldatzailea irudikatzen du. Horretarako, Usurbilen garatutako saiakuntzetatik abiatzen da.
Usurbilgo hirigintza feminista
Usurbil herrian martxan dago HAPOan (Hiri Antolamenduko Plan Orokorra) ikuspegi feminista txertatzeko plana. Herri-ereduen inguruan dituzten desio eta beharrez gogoetatu dute biztanleek, eta genero-arrakalaren aurrean hirigintza-ereduak dituen erronkak identifikatu dituzte. Besteak beste, segregazioa, mugikortasuna, zaintza, merkataritza txikia, eta haurren, gazteen eta zaharren beharrak hartu dituzte kontuan bizitzari erantzungo dion arkitektura bat pentsatzeko. Arkitektura feministari lotuta ari da garatzen Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa ere, egungo etxebizitza ereduak eta haren prezioek ezarritako mugen kontra, 30 urtera arteko gazteentzat eta 60tik gorako pertsona autonomoentzat habitagarria izango den etxea proiektatzeko.
Uxue Alberdi Estibaritz
Elgoibar, 1984. Idazlea eta bertsolaria da. Bi ipuin-liburu (Aulki bat elurretan, Elkar, 2007; Euli-giro, Susa, 2013), bi nobela (Aulki-jokoa, Elkar, 2009; Jenisjoplin, Susa, 2017) eta kronika literario bat (Dendaostekoak, Susa, 2020) idatzi ditu. Haur-literaturan hainbat lan ditu argitaratuak; haien artean, Besarkada (Euskadi Saria 2016). Alfonsina Storniren poemak itzuli ditu euskarara, eta zenbait irakurle talde gidatzen ditu. Kontrako eztarritik saiakerak Saiakerako Euskadi Saria jaso zuen 2019an. Bertsolaritza eta feminismoa uztartzen dituzten hainbat proiektutan parte hartzen du; besteak beste, Ez da kasualitatea bertso-saioetan eta Ahalduntze bertso-eskolan.
Zirriborroak eta gero
Zirriborroak eta gero, kontakizunak eta fabulak mundu posibleei buruz, alternatiba eta utopien etorkizuna irudikatzen duten ipuin laburren bilduma. Egun dauden esperientzia zehatzetatik abiatzen dira ipuin horiek.
Fabulak pdf formatuan deskargatu, entzun edo jaso ditzakezu, argitaratzen direnean, Telegram edo Whatsapp bidez. Paperean banatzen dira Araban edo Gipuzkoan, alternatiba non dagoen.