Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak gutuna bidali dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari

Covid19ak eragindako osasun larrialdia herrian eragiten ari den kutsatze kopuru altua tarteko, Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak gutuna bidali dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, besteak beste, lehen arreta indartzea eskatzeko.

“Sailburu Andre agurgarria:

Sail honi zuzentzen natzaio, Abenduak 14ko 47/2021 Dekretu bidez, EAEko Lehendakariak hainbat establezimendu, leku eta ekintzetan Covid ziurtagiria beharrezkoa izango dela ezartzen duelako, besteak beste, udal eraikin eta ekintzak barne hartzen dituelarik. Neurri horrek, beste batzuen artean, berriro ere udalen gain jartzen du Eusko Jaurlaritzak erabakitako neurria betetzearen ardura, inolako baliabide edota laguntzarik eskaini gabe. Kezkatuta gaude osasun egoerarekin eta kezkatuta ere hartutako neurriekin, izan ere, ezin zaio pandemiari soilik neurri murriztaileekin aurre egin.

Osakidetzako lehen arreta gainezka dago eta gure herritarrek inbertsio falta horren ondorioak egunero pairatzen dituzte. Izurritearen bilakaerak okerrera egin du modu nabarmenean, eta gure herriko datuak ere horren isla dira. Abenduaren 27ko Osakidetzaren txosten epidemiologikoaren arabera, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia ia 3000koa da, eta ez dirudi goia jo duenik. Covid positiboak erruz ugaritu dira egun gutxitan: lau eguneko tartean 74 kasu berri detektatu dituzte udalerri honetan, inoizko kopururik altuena. Abendu osoan, hilaren 26ra arte, 272.

Datuok egoeraren larritasuna erakusten dute eta agerian jartzen dute kasuen jarraipen eza. Guztiok dakigunez, ezinbestekoa da covid kasuak berehalakoan detektatzea; alabaina, horretarako ezinbestekoa da aztarnari gehiago izatea eta test gehiago egitea. Osakidetzaren erantzun faltaren aurrean, herritarrak eurak ari dira farmazietara jotzen antigeno frogen bila, arduratsu jokatu nahian; baina, gaur-gaurkoz, eskaria hainbeste handitu denez, ez dago ziurtatuta farmazietan testak erosteko aukera izatea. Gainera, ezin gara ahaztu test horiek ez direla doakoak, eta herritar batzuek zailtasun ekonomikoak dituztela horiek eskuratzeko.

Bestalde, ezin aipatu gabe utzi pandemiaren kudeaketa honetan areagotzen ari den arrakala digitala. Gaur egun, positiboen jarraipenerako protokolo berrien eraginez, positibo baten kontaktu zuzena izan den herritarrak web orriaren bidez adierazi behar du, eta sms-a jasoko du antigeno froga egiteko hitzordua jasoz. Herritar guztiek, ordea, ez dute horretarako aukerarik edo gaitasunik. Eta okerrena da ez dutela Osakidetzarekin beste modu batean harremantzeko modurik, ez aurrez aurre ez telefonoz.

Covid ziurtagiriaren kasuan, gainera, zientzialariek eurek jarri dute neurriaren eraginkortasuna zalantzan, izan ere, ikusten ari garen bezala, txertatuta ere kutsa zaitezke edota ondokoak kutsatu. Ez da osasun neurri bat, hortaz, eta, gainera, pertsonen eskubideak urra ditzake, pertsona batzuekiko baztertzailea den neurrian, eta, beraz, oso kezkatuta gaude neurri horrek sor dezakeen estigma sozialarekin.

Egoera honi irtenbidea eman behar zaio urgentziaz eta horregatik, Osasun Sailari hurrengoa eskatzen diogu:

  1. Lehengo arreta indartzeko eta kontsulta presentzialak berreskuratzeko. Ezinbestekoa da pertsonal gehiago kontratatzea, langile horiek testak egin eta Covid gaixoen jarraipena egiteko.
  2. Kutsadura kontrolatu ahal izateko, herritarrek astean behin test azkarrak dohainik egiteko aukera izateko eskatzen dugu, eta horrekin batera laborategiko zerbitzuak indartzeko, frogen emaitzak ahalik eta azkarren eskura izateko.
  3. Aztarnari gehiago kontratatzeko, kutsaduren trazabilitatea ahal bezain arinen egin ahal izateko eta eteteko.

Oro har, egoera larri honen aurrean Osasun Sailari neurriak indartzeko eskatzen diogu eta egindako murrizketak berehalakoan desegiteko.

Adeitasunez, Agurtzane Solaberrieta Mesa, Usurbilgo alkatea”

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.