Aitzaga Elkarteak antolatuta, abenduaren 22an (asteazkena) Jokin Urainen Txomin, aurrera bolie! liburuaren aurkezpena egingo da Sutegiko auditoriumean, 19:00etan. Aurkezpenean Jokin Urainek eta Xabier Migel Ezkerrak parte hartuko dute. Egile eta buruzagi handi baten biografia da liburua, baina aritu ziren beste hainbat kideren ahotsak eta historiak kontatzen dira bertan. Sutegira joateko aldez aurretik izena eman behar da usurbilkultura.eus webgunean (azken eguna abenduak 21).
Txomin Iturbe Abasolo
Txomin Iturbe Abasolok (Arrasate, 1943 / Medea-Aljeria, 1987) 1936-39ko gerra galduaren ondoren jaiotako euskaldunen belaunaldi baten espiritua irudikatzen du. Herri gisa galzoriaren ertzeraino makurrarazita zegoen gizartean etorkizunaren alde zutitzera ausartu zen belaunaldia da Txominena. Etsipenaren isilpetik herri kontzientziaren kimuak berpiztera datorrena. Kulturan, borroka sozialean eta nazionalean, lantegietan, ikastoletan, kantagintzan… Herri ekimenetan eta kirolean, kooperatiban eta baserrian, premia ikusten zuen lekuan ekiten zion Txominek, eta askapen borrokan premia ikusi zuenean ETAn militatzen hasi zen. 1960ko hamarkada amaitu aurretik alde egin behar izan zuen Arrasatetik Iparraldera. Hainbat aldiz atxilotu, konfinatu eta deportatu zuten; hainbat aldiz saiatu ziren talde parapolizialak hura hiltzen. 1987an hil zen, Aljerian, 43 urterekin. Txomin Iturbe, Etxazuriko semea.
TXOMIN. Aurrera bolie! liburua
- Egilea: Jokin Urain
- Argitaratzen du: GARA. Baigorri Argitaletxe SA
- Paginazioa: 408 orr. / Ilustratua
- Hizkuntza: Euskara
Jokin Urain Larrañaga
Jokin Urain Larrañaga (Mendaro, 1959). Bere ibilbide literarioan zehar, hainbat genero garatu ditu; hala nola eleberria, saiakera eta testigantza. Zazpika aldizkariko zutabegilea da. Hau da bere bederatzigarren liburua. Aurreko obrak: “Izaina” (1990), “Adlotse” (1992), “Gatibu sortu nintzen” (2000), “Errotarria” (2006), “Ez dago etxean” (2010), “Agurra eta ohorea” (2013), “Ametsen liburua” (2015), “Amaren etxea” (2019).