Usurbilgo Anerreka Elkarteak antolatuta, azaroaren 2an (asteartea) “Klima aldaketa” hitzaldia eskainiko da Sutegin, 18:30ean. Hizlaria Unai Pascual izango da; ekonomialari ekologikoa, BC3ko ikertzailea eta Gobernu-arteko IPBES plataformako kidea. Hitzaldia irekia da eta bertan maskara jantzita eramatea beharrezkoa izango da.
Anerreka Elkartea
Klima aldaketaren gaia ez da berria, gai historiko bat da, herrialde bakoitzak metatuta zenbat CO2 sortu duen begiratu beharra dago bakoitzaren erantzukizuna neurtzeko. 2015ean Parisen hartu zituzten promesak beteko balira ere lurraren tenperatura 3 gradutatik gora igoko litzateke.
IPBES-ek argitaratutako azken diagnostikoan jasotzen denez, lurrazalaren %75a nabarmen aldatuta dago gizakiaren eskusartzearen ondorioz, hezeguneen %85a galdu da, ozeanoen %13a bakarrik da birjina……Baina txosten honek oihartzun handiena ondorengo lerro-buruagatik izan zuen: planetak hurrengo hamarkadetan 1.000.000 espezie desberdin galtzeko arriskua dauka. Hau da 8 espezietatik 1 galtzeko arriskuan gaude jadanik.
Bioaniztasunaren erronkari erantzuteko gure posizionamendua zein den argitu beharra daukagu. Hausnarketa sakon bat egin behar da. Jasangarritasunaren izugarrizko erronka batean gaude eta nonbaitetik krak egingo du. Hobe esanda, krak egiten ari da jada.