Urriaren 2an (larunbata) Jose Luis Zumeta zenaren omenezko “Zumeta in memoriam” ekitaldi xumea antolatu du haren familiak. Usurbilgo frontoian hark egindako muralaren parean, Mikel Laboa plazan, gogoratuko dute artista gertukoenen hitzekin, besteak beste. Omenaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da eta bertara joateko aurrez izena eman behar da usurbilkultura.eus webgunean irailaren 30a baino lehen.
Covid19ak eragindako pandemia betean, Jose Luis Zumeta (Usurbil, Gipuzkoa, 1939) margolari usurbildarra, 2020ko apirilean zendu zen. 1960ko hamarkadaz geroztik, euskal artista nagusietako bat izan zen eta ordutik ibilbide luzea eta oparoa izan zuen margogintzan: informalismoa, espresionismo abstraktua eta arte figuratiboa landu izan zituen, eta abstrakzioaren bidetik jarraitu zuen azken urteetan. Egun haietan lore eskaintza, eta lehen agur ekitaldi bat egin zion Udalak frontoi atzean artista ezagunak sortutako muralaren parean. Orain, bere familiak “Zumeta in memoriam” ekimena antolatu du, pandemiaren ondorioz orain arte ezin izan baitzaio merezitako omenaldirik egin.