Anerreka Elkarteak antolatuta, irailaren 23an (osteguna), “Herriarentzako lurrak eskuratzearen onura. Itsasondoko esperientzia” hitzaldia eskainiko da Sutegi Kultur Etxeko aretoan 18:30ean. Hizlaria Iñaki Aizpuru izango da, biologo, botanikari eta Itsasondoko alkatea. Bertara joateko aldez aurretik izena eman behar da usurbilkultura.eus webgunean. Izena emateko azken eguna, irailak 21. Edukiera 94 lagunekoa da.
Hitzaldiaren nondik norakoa
Gaurko egunean, lurjabe askok ez dute etekinik ateratzen jabetzan dituzten sailetatik. Askok lurrarekiko harremana galdua dute, eta jabetza senide askoren artean banatuta egoten da. Soro eta belardi ez diren eta nekazaritzarako erabiltzen ez dituzten lurzoruek «ahal den neurrian» kudeaketa publikoa izan beharko luketela pentsatzen du Iñaki Aizpuru Itsasondoko alkateak.
Itsasondoko udala 2007an hasi zen bere natura ondarea ezagutu eta babesteko hainbat lan egiten. Beti ere baso autoktonoa berreskuratzeko, landa eremua kontserbatzeko eta ibaia eta ibar-basoak babesteko eta berreskuratzeko asmoz. Lan horiekin batera, partikularrek behar ez zituzten lursailak erosteari ekin zion Itsasondoko udalak, eta gaur egun 100 ha-ren jabe da, batez ere Murumendi aldean.