Irailaren 18an Usurbil 1936 Elkarteak “Izan zinetelako gara” ekitaldi berezia egingo du herriko frontoian

Usurbil 1936 Elkarteak Usurbilgo Udalaren laguntzarekin antolatuta, irailaren 18an (larunbata) tropa faxistak Usurbilen sartu zireneko 85. urtemugaren inguruko ekimen berezia egingo da Usurbilen: “Izan zinetelako gara”. Ekimenean parte hartzeko aurrez izena eman behar da usurbilkultura.eus webgunean irailaren 16a baino lehen. Edukiera 110 laguneko izango da.

Egitaraua

  • 10:00 Mural margoketa: Usurbil 1936 elkarteko logoaren margoketa: “Herritarrak margotzera anima daitezke. Musika ere izango dugu. Hasiera koloretsu eta dibertigarria izango da”.
  • Ondoren, murala herrian zintzilikatzea.
  • 18:00 “Izan zinetelako gara” ekitaldia frontoian. Hasiera zazpi suzirirekin, zazpi fusilatuen omenez. 36ko altxamendu faxistaren ondotik fusilatu zituzten zazpi herritarrak gogoan hartuko dituzte. Haietako bakoitzaren omenez suziri bat jaurtiko da ekitaldi hasieran, senideei ere oroigarriak banatuko zaizkie. Ondoren ekitaldia: dantza txistulariekin, musika, mintzaldiak, txalaparta, bertsoak, poesia errezitaldia, lore eskaintza eta oroigarri banaketa fusilatuen senideei.

fusilatu zituzten 7 usurbildarren arrastoaN

Antolatzaileen esanetan, orain arte herriko bost fusilatu usurbildarren berri zuten eta azken hilabeteetan egindako ikerketen arabera orain beste bi batu zaizkie: “Frankistak Usurbilera sartu eta ondorengo egunetan fusilatu zituzten 7 usurbildarren arrastoa aurkitu dugu. Saiatu garen arren, ez dugu batzuen familiakorik topatu”. Tartean, Euskal Herrian gutxi izan arren, emakumezko fusilatu bat dago; Romana Zubiria Urruzmendi. Senarrarekin batera erahil zuten. Bere seniderik aurkitu du Usurbil 1936 elkarteak. Baita Jose Heredero Pinedaren familiartekoak ere: “Senideak oso hunkituak eta pozik daude, inoiz ez baitiete omenaldirik egin”.

Aztarna berrien bila

Herritarrei laguntza eskatzen diete, informazioa biltzeko. Norbaitek ondorengoen senide, lagun edo auzokoren bat ezagutuko balu, elkarteari jakinaraztea: 665 724 752 / 36kogerra@usurbil.eus.

Herritar hauen inguruko xehetasunak jaso nahi lituzkete:

  • Kosme Yagüez Beristain: Zubietako maisua zen eta 30 urte zituen hil zutenean. Aita tren-geltokiko arduraduna zuen.
  • Jose Galarmendi Balerdi: Kalezarko Kaxkoenean bizi zen. 50 urte fusilatu zutenean. Bere familiak alde egin zuen eta bi semeek ere errepublikarren aldeko frontean galdu zuten bizia.
  • Romana Zubiria Urruzmendi: Aginagan jaioa 1891 aldera eta seguru asko Iyarbe Beheko baserrian bizitakoa. Aginagako elizan ezkondu 1923an eta Donostiara joan zen bizitzera. Aita Pedro Ignacio Zubiria Amondarain eta ama Mikaela Urruzmendi Calparsoro zituen. 
  • Jose Heredero Pineda: Usurbilen jaioa, bertan ezkondua eta bizitakoa gerora Igeldora joan bazen ere. Aita eta ama Usurbilgo maisu-maestrak ziren. Kasu honetan senideak aurkitu ditugu, baina kalitate handiko argazkirik ez.

Materiala salgai

Usurbil 1936 Elkarteak larunbateko ekitaldian zehar, elkartearen logodun kamisetak salgai izango dituztela jakinarazi du.

prentsaurrekoa

Usurbil 1936 elkarteak eta Usurbilgo Udalak larunbatean egingo den ekitaldiaren inguruko prentsaurrekoa eskaini dute aste honetan. Era berean, bertan duela urtebete inguru jorratzen ari diren lanketaren berri ere eman dute: “Gertatutakoa jakitea beharrezkoa da. Gure iruditeria historiko eta kolektiboan, Gernika, Durango, Intxorta, Bilbo eta beste hainbat herriren izenak datozkigu, tropa faxisten erasoaldi basatiez eta bortitzez aritzean, baina gutxi dakigu gure herrian, Usurbilen egun horietan izan ziren gerra fronteez, borrokez, gudariez eta faxistek Usurbil hartu ondorengo egoeraz, errepresioaz, horrek eragindako ondorioez, sufrimenduaz… Lan solteak egin izan dira azken urteetan gai honen inguruan baina dimentsio honetan ez. Lan itzela izan da eta herritarren parte hartzea azpimarratzekoa da”.


Buoluntario askoren ordu askotako auzolana dago irailaren 18ko hitzorduaren prestaketaren atzean: “Inoiz elkartu ez garen jende asko bildu gara, memoria berreskuratzeko. Errepresaliatu, exiliatu, torturatu, kanporatu edota isilaraziak izan zirenak omenduko dira, bereziki fusilatuak. Hau guretzat mugarri bat da, ez ekitaldi soil bat, lanketa prozesu zabalago baten testuinguruan kokatu nahi duguna. Gertatutakoa jakitea beharrezkoa da, nondik gatozen jakiteko, erreparatu eta nagusiki berriz ez gertatzeko bermea delako. Hori da gutxienez ondorengo belaunaldiok egin diezaiekegun omenaldi eta aitortza nagusia. Hain zuzen ere hori da larunbat honetako ekitaldiaren funtsa. Iragan mendeko Euskal Herriko gertaerarik latzenen eta traumatikoenak, bortizki eta iraunkorki markatu baitzuen protagonisten, nahiz ondorengo belaunaldien memoria. Horregatik lurpean utzi nahi duten egia azaleratzea dagokigu, ahanzturara kondena ez dezagun”.

Boluntario bila

Usurbil 1936 elkarteak ekimen gehiago egongo direla adierazi du. Horretarako boluntario bila dabiltza: “Ekintza gehiago etorriko dira. Horietako bat, gudalekuen berreskuratzea, lubakiak berreskuratu, garbitu, atondu, txukun jarri jendeak bisita ditzan. Laguntza beharko dugu. Oso gogotsu ari diren boluntarioak ditugu, baina jende gehiago beharko dugu, oso plurala delako egin beharreko ekintza kopurua. Ahalik eta jende gehien hurbildu dadila boluntario bezala lan egitera, norberak ahal eta nahi duen moduan”. 

Egitasmoa lau faseetan

  1. Ikerketa lana: Euskal Herriko eta Espainiako artxibategi publiko eta pribatuetako informazio iturrien lanketa. Faxismoari aurre egin zioten usurbildarren izen-abizenak berreskuratu nahi dituzte; errepresaliatuak, erbestera joandakoak…. 
  2. Parte-hartze prozesua: Memoriaren bulegoaren irekiera, dokumentu, argazki eta lekukotzak biltzeko. Gudalekuak berreskuratzea: “Usurbilgo Frontea” gunea txukundu eta ezagutaraztea.
  3. Memoriaren bulegoan bildutako materialaren erakusketa.  
  4. Bildutako informazio guztiarekin liburu, dokumental edo webgune bat plazaratzea.

Informazio gehiago

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.