Andoaingo erraustegiaren aurkako Ipar Haizea plataformak eta Errausketaren Aurkako Mugimenduak antolatu duten pardelak birziklatzearen aldeko sinadura kanpaina Usurbilera iritsiko da. Ostegun honetan (uztailak 15) Usurbilgo Mikel Laboa Plaza inguruan egongo dira pardelak birziklatzearen aldeko sinadura-babesak jasotzen, 10:00tatik 12:30tara. Herritarrak bertara gerturatzeko deia egin dute.
Jose Ignacio Asensiori (Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumena eta Obra Hidraulikoetako Diputatua), Osoigo plataformaren bidez galdera zehatz bat egin diote: “Zergatik ez du GHK-k pardelak birziklatzeko zerbitzuaren prozesua abiatzen?”. Helburua Asensio jaunak galdera honi erantzutea eta azalpenak ematea da. Horretarako 500 sinadura bildu nahi dira.
Ekimenarekin bat egiteko, lehendabizi errejistratu eta ondoren babesa eman: osoigo.com
pixoihalak eta produktu higienikoak birziklatu daitezke
Jarraian, Osoigon, José Ignacio Asensiori zuzendutako pixoihalen eta produktu higienikoen inguruko azalpen laburra:
“Jose Ignacio Asensio jauna. Gipuzkoako gizarteak badaki pixoihalak eta produktu higienikoak birziklatu daitezkeela. Urrats hori eman nahi du eta gauzak ondo egiten jarraitu, gainerako hondakinekin egiten duten bezala, mundu mailan hondakinak gehien eta ondoen bereizten dituzten lurraldetako bat baita. Horretan ere nabarmendu nahi dugu. Eskaera gero eta handiagoa da. Erakundeek erantzun egin behar diete gizartearen eskakizun horiei eta klimaren larrialdi-egoeran egonda, prozesuak bizkortu egin behar dira. GHK-k pixoihalak eta higiene-produktuak birziklatzeko zerbitzua bere gain hartu beharko luke. Hainbat udalerritan bereizita jasotzen dira hondakin horiek eta beraz herritarrak gai dira bereizteko, prest daude. Zerbitzu hau eskaintzeak hiritarrak asebeteko lituzke eta euren eta planetaren interesak aurretik jarriko lirateke. Mila esker”.
Errausketaren Aurkako Mugimendua
“Gipuzkoan 20.000T pardel sortzen dira urtean. Benetako errefuxaren %70 suposatzen dute. Badira urteak Goierrin badagoela enpresa bat pardelak birziklatzeko gaitasuna duena. Ulergaitza zaigu egoera. GHK-k prozesua abiatu behar du. Herritarrok presioa egin beharko dugu hori lortzeko! Babestu Osoigoko galdera eta ingurumen diputatuak erantzungo digu honen inguruan 500 babes lortzean. Erregistratu eta babestu. Lagundu ekimen hau zabaltzen!!!“