Usurbilgo Anerreka Ingurumen Elkarteak ekainaren 14rako Ucin lantegiak Usurbilgo Udalari aurkezturiko errekurtsoari lotutako informazio bilera deitu du

Usurbilgo Anerreka Ingurumen Elkarteak ekainaren 14rako (astelehena) Ucin lantegiak Usurbilgo Udalari aurkezturiko errekurtsoari lotutako informazio bilera deitu du. Bilera arratsaldeko 19:00etan egingo da Sutegiko erakustaretoan. Antolatzaileek herritarrei dei berezi egin diete : “Gaia oso garrantzitsua denez, bereziki etortzea eskatzen dizuegu”.

Usurbilgo Udalak azken osoko bilkuran jakinarazi zuen Osinalde industriagunean kokatua dagoen Ucin lantegiak udala epaitegira eraman duela. Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak honen berri eman zuen eta zehazki hau adierazi zuen: “Ucinek administrazioarekiko auzi errekurtsoa tartekatu du. Oraindik ez ditugu ezagutzen erabakiaren arrazoiak. Espediente osoa bidaltzeko eskaera jaso du udalak epaitegietatik, eta halaxe egin dugu”. Horrez gain, abokatua eta prokuradorea ere izendatu ditu udalak, eta jakinarazi du aukera zabaldu dela auzian beste inork interesdun gisa jarduteko; halaxe helarazi diete herrian ingurumenaren bueltan lan egiten duten eragileei

Jarduera baimena

Udalaren esanetan, 2021eko otsailaren 9ko tokiko gobernu batzordean eguneratu zion udalak jarduera baimena Ucini eta hainbat baldintza ezarri zizkion, Eusko Jaurlaritzak Ingurumen Baimen Bateratuan ezarritakoak eta udalak berak ezarritakoak. Lizentzia berrituan Jaurlaritzak ezarritakoak baino neurri zorrotzagoak eskatu zizkion udalak, 2016ko Europako Komisioaren irizpideak oinarri hartuta: Jaurlaritzak partikula baten etengabeko neurketa exijitu zion, eta, udalak, Jaurlaritzak eskatutakoa eta beste lau partikularen etengabeko neurketak gehitu zituen baldintzen zerrendara. Orain arte, urtean zehar neurketa puntualak egiteko derrigortasuna baino ez zuen Ucinek.

Agurtzane Solaberrieta, Usurbilgo alkatea

“Erabakia penaz hartu dugu. Gu, hemen gaudenetik, eta aurreko udal-gobernuak ere hala egin zuen, askotan bildu izan gara Ucinekin, eta elkarlanerako deia luzatu izan diegu behin baino gehiagotan, baina erantzuna isiltasuna eta ezezkoa izan da. Pandemiak hainbat krisi utzi ditu agerian, eta horietako bat ekologikoa da. Klima aldaketari aurre egitea mundu mailako erronka da eta tokiko administrazioaren erronka ere bai. Neurriak hartzea ezinbestekoa da kutsadurak murrizteko, garai bateko instalazioak berritzeko, eta ulertzen dugu bide hori herritarrek, enpresak eta udalak batera egin behar dugula. Aitortu izan diet urratsak egiten ari direla, ez, beharbada guk nahi bezalako erritmoan. Kataluniarrak etorri ziren iaz: esan genien herrian zeudela, haiekin biltzeko aukera zutela, Katalunian jarduten dutelako elkarlanean, eta ezezkoa jaso genuen. Gai hau bada gure herrian kezka sortzen duen gai bat. Kezka eragiten du, udalak ere konpartitzen du kezka hori. Nahi dugu Ucinek herrian jarraitzea baina ahalik eta gutxien kutsatuz eta horretarako neurriak hartu behar dira, inbertsioak egin behar dira, eta guk baldintza batzuk eskatu genizkien”.

Telefono zerbitzua

Usurbilgo Udaleko udaltzaingoak aspaldi martxan dauka telefono zerbitzua. Ke-isuriak  sumatuz gero, Udaltzaingora deitzeko gonbita luzatzen dute. Hauxe, udaltzainen telefono zenbakia: 943 361 112


Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.