Usurbilgo Udalak Zubietako erraustegian hondakin industrialak tratatzeko erabakiari errekurtsoa jarri dio

Zubietako erraustegia (artxiboko irudia)

Ekainaren 28an Usurbilgo Udalak Zubietako erraustegian hondakin industrialak tratatzeko erabakiari errekurtsoa jarri zion. Otsailaren 12an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak Ingurumen Baimen Bateratua eguneratu zion erraustegiari, hondakin industrialak kudeatzeak ez duela “aldaketa esanguratsurik” eragiten argudiatuta. Usurbilgo udal-gobernua ez da iritzi berekoa, eta erabakia baliogabe uzteko eskatu du; aintzat hartuko ez balute, epaitegietara joko du udalak.

Bi eskaera

Errekurtsoa tartekatu aurretik, bi eskaera egin dizkio Usurbilgo Udalak Eusko Jaurlaritzari.

  • Batetik, Ingurumen Baimen Bateratuari buruzko espedientean eta Zubietan dagoen “Gipuzkoako Ingurumen Gune Berria” deritzon azpiegiturari dagozkion baimen eta izapideetan interesdun izaera onartzea eta interesdun gisa agertzea.
  • Bestetik, espediente osoa igortzeko ere eskatu diote. Apirilaren 28an jaso zuen erantzuna: eskaerak aintzat hartu eta interesdun izaera onartu diote udalari, eta espedientearen zati bat ere igorri dute.

Errekurtsoa aurkezteko erabakia

Espedientea eskutan, errekurtsoa aurkeztea erabaki du Usurbilgo udalak, Zubietako erraustegian hondakin industrialak kudeatzea funtsezko aldaketa dela iritzita. Horretarako abokatu espezialista bat kontratatu du: Jaime Dorestes (ingurumen zuzenbidean aditua da, eta ibilbide luzea du antzeko auzibideetan).

Errekurtsoa tartekatzeko bi arrazoi

Udalaren esanetan, nagusiki, bi izan dira errekurtsoa tartekatzeko arrazoiak, abokatuari jarraiki.

  • Batetik, otsailaren 12an onartutako ebazpen hori ez dagoela nahikoa arrazoituta: “Motibazio falta dago. Administrazio publikoen, kasu honetan, Jaurlaritzaren, betebeharra da ebazpenak behar bezala arrazoitzea, eta kasu honetan betebehar hori nabarmen urratu duela uste dugu: ez du arrazoi bakar bat ere ematen aldaketa ez funtsezkotzat jotzeko. Hau da, ez da inola ere justifikatzen, egiaztatzen edo argudiatzen zergatik aldaketa horiek”.
  • Bestetik, aldaketaren izaera bera, funtsezkoa ote den edo ez, zalantzan jartzen du udalak: “Legeak dio aldaketa ez funtsezkotzat joko dela soilik ezarritako aldaketak isuriak aldatzen edo murrizten ez dituenean. Haatik, aldaketa funtsezkotzat joko da isuriak aldatzen edo handitzen direnean, kutsatzaile berriak kopuru esanguratsuetan sartzen direnean, substantzia edo hondakin arriskutsuen sorrera areagotzen denean eta horrek guztiak pertsonengan eta ingurumenean ondorio kaltegarriak edo garrantzitsuak izan baditzake. Kasu honetan ez dago dudarik horretaz ari garela, izan ere, jatorri industriala duten hondakinak erraustu nahi dira, eta batzuk, gainera, hondakin arriskutsuak dira”.

Agurtzane Solaberrieta, Usurbilgo alkatea

“Nabarmen egingo du gora plastikoaren errausketak (LER kodea duten 19 12 12, 20 01 39 eta 20 01 99. Jakin badakigu oso gehigarri kimiko arriskutsuak dituzten plastikoak erretzeak ingurumenean eta herritarren osasunean duen eragin negatiboa, eta, gainera, CO2 emisioak nabarmen handitzea ekarriko du: adibidez, poliuretanoaren (PU) errausketak estirenoa, toluenoa, bentzenoa, naftalenoa, fenantrenoa, pirenoa, bentzo (a) pirenoa eta fluorantrinoa sortzen ditu. Substantzia horietako batzuk kartzinogenoak dira, Minbiziaren Ikerketarako Nazio Batuen Agentziak (IARC) onartutakoak. Kontuan hartzekoa da ere Zubietakoa hondakin ez-arriskutsuak errausteko instalazioa dela, eta, beraz, aldaketa funtsezko bihurtzen duela erabakiak. Izan ere, EHZ ispilu-kodeak (bi kode edo gehiago erlazionatuta defini daitezke, non bata arriskutsua den eta bestea ez) sartzea aurreikusten ari direlako.

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren doktrina batek dio, ispilu-kodeei buruz, zuhurtasun-printzipioa aplikatuz, hondakin arriskutsu gisa sailkatu beharko dela praktikan ezinezkoa denean substantzia arriskutsuen presentzia zehaztea edo hondakinak kode mota horrekin dituen arrisku-ezaugarriak ebaluatzea. Ondorioz, Europar Batasunak ingurumenaren arloan duen politikaren oinarrietako bat zuhurtasun- edo kautela-printzipioa da, eta oroz gainetik, hori ezarri behar dela uste dugu udal-gobernutik. Zubietako Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren errauste-planta ez dago diseinatuta, eta are gutxiago baimenduta, hondakin arriskutsuak tratatu eta kudeatzeko. Zubietako erraustegia hiri hondakinak tratatzeko azpiegitura bat da, beraz, ulertzen dugu ez duela balio edozein hondakin mota tratatzeko. Isurketak eraldatuko direla bistan da, eta horrek airearen kalitatean eragin zuzena izango du, eta, beraz, aparteko eragina izan dezake ingurumenean eta pertsonen osasunean.

Europako 2018ko Hondakinen Zuzentarauak emandako hiri-hondakinen definizioa gogorarazi nahi dut, zeinak espresuki baztertzen dituen industria jarduerakoak. Gainera, kudeaketa esparru ezberdinekoak direla dio: hiri edo udal hondakinak kudeaketa arlo publikokoak dira; industriako jatorrikoak, berriz, arlo pribatukoak. Beraz, horren arabera, GHK-k (mankomunitateek eratutako kontsortzioa izaki) ez du eskumenik mota honetako hondakinak kudeatzeko. Beraz, eskumen auzi bat badago, oinarrian.

Komunikabideetan Arantxa Tapia sailburuak egindako adierazpenen bidez jakin du udalak Zubietako errauste-plantan hondakin industrialak kudeatzeko erabakia. Bistan da Zaldibarko zabortegiaren hondamendiak eragindako egoeraren ondorioz hartu dela erabaki hau. Izan ere, nola kudeatu lehen Zaldibarrera joaten ziren milaka tona industria-hondakin horiek? Erraz topatu dute soluzioa, Zubietako errauste-plantan errez hondakin industrial batzuk”.

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.