Maiatzaren 16an (igandea) Euskal Pilota Egokituko Sari Nagusiko finala Getariako kiroldegiko pilotalekuan jokatuko da eta finalisten artean da Beñat Lizaso usurbildarra, gurpildun aulkien modalitatean hain zuzen ere. Pandemia garai honek eskatzen dituen osasun neurriak direla eta, igandeko bi finaletan ez da ikuslerik egongo, baina ETB1ean zuzenean ikusteko aukera egongo da.
Martxoaren 3an aurkeztu zuten Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak (GKEF) elkarlanean antolatutako eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundutako txapelketa, Errenteriako Agustina Otaola raketista profesionala frontoian.
Bi txapelketa
Bi lehia izan dira Euskal Pilota Egokituko Gipuzkoako Txapelketan:
- Adimen urritasuna duten kirolariena: paletaz jokatuko dute, teniseko pilotarekin.
- Urritasun fisikoa duten kirolariena: gomazko paletaz jokatuko dute, gurpil aulkian.
Herriak
Jardunaldiak Gipuzkoako hainbat herritan jokatu(ko) dituzte: Errenteria, Usurbil (Aginaga), Asteasu, Zumaia, Ataun, Mutriku, Alkiza, Lasarte-Oria eta Idiazabal. Pagazpe, Mindara, Ostadar eta Zumaia klubeko pilotariak ariko dira.
Bi final
Bi izango dira jokatuko diren finalak, duela bi aste Oiartzunen jokatutako kanporaketen ostean.
- Adimen urritasuna duten pilotarien arteko finala Eneko Sagarmendi (Mutriku) eta Xabier Aizkorretak (Hernani) jokatuko dute Iraitz Huegun (Donostia) eta Jurdan Arakistainen (Zestoa) aurka.
- Gurpildun aulkikoen finala, Beñat Lizaso (Usurbil) eta Ander Altunak jokatuko dute, Yann Meunier (Baiona) eta Maxi Cabanne-n (Baiona) aurka.
