Larunbat honetan 2019an Zubietako erraustegiaren bueltako udalerrietan Toxicowatch fundazio holandarrak hartutako laginen emaitzen berri emango da Sutegin

Apirilaren 24ean (larunbata) Usurbilgo Anerreka Ingurumen Elkarteak 2019an Zubietako erraustegiaren bueltako udalerrietan Toxicowatch fundazio holandarrak hartutako laginen emaitzen berri emango du. Felix Olaetxea eta Maider Usabiaga arduratuko dira lan horretaz, baina lanketa honen atzean jende gehiago dago; herritar ugari eta, Zubieta Lantzen eta Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko hainbat kide. Hitzaldia Sutegin egingo da, eguerdiko 12:00etan. Bertara joateko aurrez izena eman behar da usurbilkultura.eus atarian.

Zubieta Lantzen eta Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, Zubietako erraustegiaren kutsaduraren inguruko kontrol independentea bideratzen dabiltza 2019. urteaz geroztik: “Helburua erraustegia funtzionamenduan jarri aurretik, zero gunean kutsaduraren neurri erreferentzialak finkatuta uztea da, gerora konparaketak egin ahal izateko”.

Holandako Toxicowatch fundazioa bideratzen ari da kontrol independentea: “Laginak hartu ziren inguruko lur, landare eta erreketan. Baita, inguruko zenbait oilategitako arrautzak ere analizatuak izan ziren. Herritarren artean crowdfunding bidez bildutakoa eta zenbait erakunderen dirulaguntzak finantzatuta abiatu zen ikerketa”.

2019an egindakoa, iaz, 2020. urtean errepikatu zuten: “Covid-aren mugapenak gailenduz, laginak hartu ziren berriro, konparaketak egiten hasi ahal izateko”. Eta urtero lanketa bera bideratzen segitzeko asmo dute. Aurretik, 2019an hartutako laginen emaitzak aurkeztu zituzten berriki Zubietan, eta gauza bera egingo dute larunbatean: “Hitzaldian zehar, 2019ko laginen analitiken emaitzen berri emango da, eta bide batez, proiektu honen egungo egoera zein den ere azalduko da”.

Maider Usabiaga

“2019aren amaiera martxan jarritako proiektua da. Garai hartan, erraustegia oraindik martxan jarri gabe zegoen, eta piztuz gero, jarraipen independente bat egiteko beharra ikusten genuen; biok industria ingeniariak gara, eta gure ezagutzak direla eta, zerbait egiteko beharra ikusten genuen. Aukera sortu zitzaigun harremanetan jartzeko ToxicoWatch fundazioarekin. Hernani Zero Zabor taldeak antolatuta fundazioko kideek hitzaldia eskaini zuten, eta azaldu zuten ikuspuntu zientifikoa erabat egokia iruditu zitzaigun gainera zetorkigun egoeraren aurrean tresnaren bat izateko. Herri mugimendu asko zeuden eta zientziaren laguntza hori ere gure borrokan beste tresna interesgarri bat izan zitekeela uste genuen. Herbeheretako erraustegi batekin lan polita egiten ari ziren, eta monitorizazio lan independente hori oso interesgarria eta egokia iruditu zitzaigun guretzat ere. Kutsagai Organiko Iraunkorrengan atentzio handia jarrita dauka zientziak gaur egun, eta horiek ezagutu eta lantzea garrantzitsua zen guretzat. Beraz, haiekin harremanetan jarri ginen, eta horrelako zerbait egin litekeela esan ziguten haiek. Amu bikaina ere bota ziguten, Mendebaldeko Europako lehenetarikoak izango ginela esanez, 0 lagin bat lortzen; erraustegia martxan jarri aurretik egoera aztertzeko aukera genuelako”.

Felix Olaetxea

“Mendabaldeko Europan horrelako biomonitorizazio bat zero neurketatik egiten lehenengoak gara. Oso garrantzitsua da, eta gainera berezia. Horren oinarrizko zerbait oraindik egiteke zegoen. Administrazioak legeak esandakoa egitera mugatzen dira, interes ekonomikoak dira lehentasuna dutenak eta lobby– ek eragin handia dute. Daukagun sistema ekonomikoa da, ez ingurumena zaintzekoa… Gainera, kutsagaien kontrola egiterakoan, zientzia askoz aurreratuago dago lege-eskakizuna baino. Erabat zaharkituta daude legeak. Horren aurrean, proiektu hau biztanleriaren ahalduntze proiektu gisa ulertzen dugu”.

Noaua! astekaria 862 zenbakia

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.