Apirilaren 20an Patxi Bisquert Potxoenean izango da ‘Ombuaren itzala’ filmari buruzko aurkezpena egitera

Apirilaren 20an (asteartea) Patxi Bisquert aktore eta zinemagileak (1952, Zizurkil) Pello Mari Otaño bertsolariaren inguruan egin nahi duen filmari buruzko aurkezpena egingo du: Ombuaren itzala. Film luzea egin asmo du auzolanean, eta, horretarako, hamar euroan 30.000 sarrera saltzea du helburu. Horretarako webgunea jarri du martxan. Aurkezpena Potxoenean egingo da, 18:30ean hasita.

Ombuaren itzala filmean Pello Mari Otaño bertsolariaren bizimodua, garai historikoa eta haren lana bildu nahi dituzte. Patxi Bisquert aktorea da ekimen honen bultzatzaile nagusia eta inguruan ditu Zizurkilgo Teodoro Hernandorena Kultur Taldeko kideak ere.

Proiektuaren bultzatzaileak Pello Mari Otañoren bustoaren inguruan, Zizurkilgo Herrigunean, bertsolariaren izena daraman plazan

Patxi Bisquert

“Pila bat, ia urte osoa atzeratu digu. Asmoa prentsaurrekoa udaberrian egitea zen; justu pandemian sartu ginenean ari ginen prestatzen. Gero berriro hasi nintzen pixka bat martxan jartzen. Konfinamendua eta gero, uda berehala iritsi zen, eta urrira arte atzeratu genuen aurkezpena. Hiru bidaiatan egingo dugu prozesua herrietan: lehendabizikoa orain egiten ari naizena da; bigarrena, hitzaldiak ematea; eta, azkena, Ombuaren itzala pelikula eskaintzea herritarrei. Nik kalkulatu dut, hemendik ekainera bitarte horretan, Euskal Herrian ehun bat hitzaldi prestatuko ditugula.

Hitzaldiak eman eta, bidenabar, beste hainbat eragilerekin elkartzeko baliatuko dugu; Mezenasgo Legearen bitartez, dirua sartuko duten horiekin egoteko ere bai. Horiekin tratu pertsonala mantendu behar da. Esan behar zaie zein formalizazio eta zein arau bete behar dituzten laguntza jasotzeko, desgrabazio fiskalaren bitartez laguntzen baitute, eta pauso berezi batzuk eman behar baitira.

Gauzak garbi azalduta, bai. Azken finean, ez da patrikatik dirua atera behar, Ogasunak ahalbidetzen duen bide bat da: urtero ordaintzen diren zergetatik portzentaje bat mezenasgo kultural batera bideratzea. Gaur egun, zailtasun handiak dauzkagu horrelako proiektuak aurrera ateratzeko. Telebista plataforma handiei, produktore handiei, ez zaizkie horrelako istorioak interesatzen, eta, egin nahi baditugu, beharrezkoa da herrigintzan egitea”.

1890-1910, otañoren urte emankorrenak

1890-1910 urte bitartean jorratzen du gidoi honek: “Erronka izugarri polita da, baina lan asko behar du. Lan asko eta hitz asko. Batez ere gazteei egiten diet deialdia: Pello Mari Otaño oso modernoa izan zen, erabat modernoa bere garaian, eta hori ikusi behar dute. 20 urte horiek izan ziren seguruenik Otañoren urte emankorrenak, baina, hortik aparte, gure gizartean aldaketako urteak izan ziren: ideia sozialistak, euskal abertzaletasuna -eta ez abertzaletasuna-…. Segur aski 60 urte beranduago izan zirenak bezain garrantzitsuak: suspertze garai bat. Gaur egun ere, trantze berean ez ote gauden ari naiz pentsatzen, historiak zikloak ematen baititu. Eta pena da gazteek Otaño ez ezagutzea, bere jarreratik eta idazkietatik asko ikastea dagoelako. Belaunaldi berriek nahiko ahaztuta daukaten arren, bere itzala oraindik Euskal Herrian handia dela uste dut. Oso inportantea izan zen bere garaian, eta horrek marka ederra utzi du gure gizartean; horri esker pentsatzen dut lortuko dugula kopuru eder bat”.

Pello Mari Otaño Barriola

Pello Mari Otaño (Zizurkil, Gipuzkoa, 1857ko urtarrilaren 26a – Rosario, Argentina, 1910eko maiatzaren 6a) bertsolaria eta euskal idazlea izan zen. Batez ere bertso paperengatik zen ezaguna (ez zuen jendaurrean kantatzen, eztarri arazoak zituelako), baina poesia ere landu zuen. Gaur egun oraindik oso ezagunak dira Ameriketatik bidaltzen zituen bertso paperak. Otañoren bertsoen ezaugarri nagusietako bat lirismoa da; izan ere, herriaren izpiritua inoiz baztertu ez bazuen ere, haren bertsoek sarritan poesia landuaren balioa dute.

Eguzki Art ekoiztetxea

Ekimen honen atzean Patxi Bisquertek sortutako Eguzki Art ekoiztetxea dago eta urteak daramatza Ombuaren Itzala filma gauzatzeko ahaleginean: “Hainbat oztopo eta zailtasunen artean, aurrera doa proiektua, Pello Mari Otañoren bizitza eta obra, ahanzturatik aldenduz, geure memoria kolektiboan txertaturik iraun dezan”.

Herrigintzan oinarritua

Herrigintzan oinarritu dute filmaren ekimena eta auzolanean lortu nahi dute filma egiteko beharrezkoa den dirua: “Herrigintzan sortzen eta loratzen dira proiektu bizigarrienak, erakunde eta plataforma handien babesik gabe. Bertsolari-poeta handia izan zen Pello Mari Otaño. Baina hari buruzko film bat osatzea ez da merkea, diru asko behar da. Horretarako, eta herrigintzan konfiantza osoa dugunez, auzolana erabiliko dugu diru bilketa hori lortzeko”.

30.000 sarrera saltzeko helburua

30.000 sarrera saltzeko helburua jarri da, eta horiekin 300.000 euro ateratzea. Mezenasgo Legearen bidez, 200.000 euro ateratzea posible ikusten dute. Horrekin, eta gero Euskal Telebistak egiten duen ekarpenarekin, guztiarekin uste dute 600 edo 700 mila eurotara inguratuko direla: “Udal askorekin egon naiz, eta orain arteko guztiek auzolanarekin kolaboratuko dutela esan dute. Eskatzen diegun gauza bakarra hitzaldi bat antolatzea da: ni hitzaldi hori ematera joango nintzateke, eta han bertan hasiko ginateke sarrerak saltzen. Tokian tokiko aldizkariekin, irratiekin eta horrelakoekin auzolanaren bizipena mantentzea da lortu nahi dena, auzolanak bi urte-edo beharko dituelako gutxienez, pelikula estreinatu arte. Ikastolen federakuntza, Bertsozale Elkartea, kafe antzokiak,… askorekin egon naiz, eta denek ondorengoa esan dute: bai, honen berri emango dugu. Beraz, horiek guztiak mobilizatzen baditugu, pentsatzen dugu sarrera horiek salduko ditugula. Kultura munduko jende gehiena nahiko eskas ibiltzen gara patrikatik, baina badituzte harremanak eta lan polita egingo dute. Adibidez, Bertsozale Elkarteak zenbat jende mugitzen du Euskal Herrian? Izugarrizko jende pila mugitzen du. BEC betetzen du. Herrigintzan ohituak daudenez, ekarpen handia egin dezakete auzolana zabaltzen. Horren esperantza daukat. Eta, gero, gure herriak ere ez du atzean uzten maite izan duen jendea, eta Pello Mari Otaño oso maitea, miretsia izan da; ez bakarrik adituen artean, oso pertsona herrikoia izan da. Bartzelonan, Madrilen eta Galizian ere izan da auzolanarekiko interesik, eta, gutxienez, hiru leku horietara ere zabalduko dugu. Beharrezkoa da tokian tokiko eragileen laguntza; ezinbestekoa.

Zer egin behar du ekarpena egin nahi duenak?

Pello Mari Otaño auzolana izena duen webgunea jarriko da martxan, eta leihatila bat ere jarri da bertan, zuzenean sarrerak erosi ahal izateko. Mezenasgo bidez ere egin daiteke ekarpena: informazio triptikoan agertzen diren bideetatik harremanetan jarri eta erantzungo zaie guztiei: “Bestelako moduak ere egon daitezke. Adibidez, badaukagu artista eder bat eta eskultura bat eman digu; eta zozketa egingo dugu Gabonetan. Eta ateratzen dena auzolanerako. Negozio txikientzat ere aukera polita izan daiteke publizitatea egiteko: 2.000 eurotik gora jartzen dituztenak kredituetan aterako dira. Jende askok ikusiko du eta lan kultural baten sostengu izango dira. Baina auzolankide guztiek izango dute oparia; hamar euroko sarrera erosten dutenek ere bai. Azkenean zinera joaterakoan pelikula bat aukeratzea bezala da, hamar euroko sarrera erostea, baina gauza gehiago egiten dira batera. Ez da bakarrik zine sarrera bat, lan izugarri bat egiten dute hau aurrera ateratzeko. Pelikula horren ekoizle izango dira”.

Informazio gehiago

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.