
Apirilaren 15etik aurrera, adinekoentzako oinarrizko euskara klaseak eskainiko dira, bereziki euskara ikasterik izan ez zutenei zuzenduta. Ikastaro hau herriko jubilatuek Usurbilgo udalari eskatuta antolatu da. Emuneko Xabier Apaolaza Etxeberria izango da irakaslea.
Izen-ematea
Izen-ematea Gure Pakea elkartean (Artzabalen) egin behar da, 10:00etatik 12:00etara bitartean. Hamabost lagunentzako lekua dago ikastaroan, eta izena eman ahala beteko dira plazak.
12 saio
Ordu eta erdiko hamabi saio izango dira eta hainbat helburu izango ditu ikastaroak:
- Eguneroko egoera errazetan euskara ulertzeko gai izatea.
- Egunerokoan erabiltzen diren esaldi eta esamoldeak ulertzea.
- Euskarara hurbiltzea, aurrera begira ikasten jarrai dezaten.
- Oinarrizko edukiak ezagutzea.
- Elkarrizketa hasierak eta bukaerak, elkarrizketa laburrak, aginduak, esamoldeak eta kontaketak landuko dituzte, baita oinarrizko lexikoa (orduak, hilabeteak, zenbakiak, etab) eta norberaren inguruko datuak ere (bizilekua, intereseko lekua, familia, enpresa..).