Martxoaren 19an (ostirala) Usurbilgo Udalak antolatuta Jon Gurrutxaga eta Urbil Artolaren kontzertua eskainiko da Sutegiko auditoriumean. Emanaldia 18:00tan hasiko da eta bertara joateko aldez aurretik txartela (6€) usurbilkultura.eus webgunean eskuratu daiteke (Sutegiko auditoriumeko edukiera: 78).
Arima Beltza blues&rock taldean hasi zuen bere ibilbidea Jon Gurrutxaga elgoibartarrak; Sorotan Bele folk talde ezagunean, aldiz, Artola hondarribiarrak. Dagoeneko bi urte pasa daramatzate elkarrekin biran. Gurrutxagaren Kateak izeneko azken lana aurkeztera dator bikotea. Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak argitaratu duen lanean estilo ezberdinetako eragina somatzen da, bluesa, gospela, folka, rocka… guztia musikari elgoibartarraren estilo pertsonalaren galbahetik pasata. Diskoan instrumentu askorekin jantzitako kantuak duo gisa aurkeztuak dira zuzenean, Gurrutxagaren ahotsa eta gitarra akustikoa Artolaren steel gitarra ezberdinen kolorez jantzita.