Martxoaren 6an (larunbata) Euskal Pilota Egokituko XI. Gipuzkoako Txapelketa hasiko da Aginagako frontoian. Martxoaren 3an aurkeztu zuten Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak (GKEF) elkarlanean antolatutako eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundutako txapelketa, Errenteriako Agustina Otaola raketista profesionala frontoian. Aipatutako erakundeetako ordezkariekin batera, txapelketa jokatuko den hainbat herritako udal ordezkariak bildu ziren aurkezpenera, eta baita parte hartuko duten pilotari batzuk ere.
Bi txapelketa
Bi lehia izango dira Euskal Pilota Egokituko Gipuzkoako Txapelketan:
- Adimen urritasuna duten kirolariena: paletaz jokatuko dute, teniseko pilotarekin.
- Urritasun fisikoa duten kirolariena: gomazko paletaz jokatuko dute, gurpil aulkian.
Herriak
Jardunaldiak Gipuzkoako hainbat herritan jokatuko dituzte: Errenteria, Usurbil (Aginaga), Asteasu, Zumaia, Ataun, Mutriku, Alkiza, Lasarte-Oria eta Idiazabal. Pagazpe, Mindara, Ostadar eta Zumaia klubeko pilotariak ariko dira.
Martxoak 6ko txapelketa
Larunbatean, goizeko 11:00etan hasita, Aginagako frontoian gurpildun aulkiko gomazko paletako partidak jokatuko dira. Bertan, Beñat Lizaso usurbildarrak hartuko du parte.
Egutegia
- Martxoak 6, larunbata: buruz burukoa Errenterian eta gurpildun aulkian Usurbilen.
- Martxoak 13, larunbata: buruz burukoa Asteasun.
- Martxoak 20, larunbata: buruz burukoa Zumaian eta gurpildun aulkian Ataunen.
- Apirilak 17, larunbata: buruz burukoa Mutrikun eta gurpildun aulkian Errenterian.
- Maiatzak 15, larunbata: buruz burukoa Alkizan eta gurpildun aulkian Lasarte-Orian.
- Maiatzak 22, larunbata: buruz burukoa Idiazabalen.
- Ekainak 5, larunbata: bikoteka Zumaian.
- Ekainak 12, larunbata: bikoteka Errenterian.
- Ekainak 26, larunbata: bikoteka Zumaian.
Ekainaren 26an finala
Osasun egoerak ez badu lehiaren martxa oztopatzen, larunbatean hasi eta ekaina bukaerara arte iraungo du lehiak. Ekainaren 26an (larunbata) finalak Zumaian izango dira, Aitzuri pilotalekuan, 10:00etan.
- Adimen urritasuna duten pertsonen bikotekako finalak (liga gorria eta liga urdina).
- Gurpildun aulkikoen bikotekako finala.
Oharra
GEPFk eta GKEFk eskerrak eman dizkiete udal ordezkari guztiei euren frontoien ateak zabaltzeagatik: “Desgaitasuna duten kirolarien gizarteratzea denon ardura dela gogorarazi nahi dugu, eta bide hori elkarrekin egiteko deia luzatzen dizuegu guztioi”.