Arg.: Usurbilgo Udala
2020ko ekainean, 1936ko gerrak Usurbilen izan zuen eragina aztertu asmoz, taldetxo bat osatu zen Usurbilen. Ion Martinek, Aitzol Arroyok eta Aitor Azurkik osatzen dute lantaldea, eta 2020ko ekainaz geroztik ari dira proiektua garatzen Usurbilgo Udalaren laguntzarekin. Dokumentazioaren fasea amaitutzat jo dute, eta, orain, parte hartzearena irekitzear dira. Fase honetan testigantzak, elkarrizketa grabatuak, jendeak etxean gordeta dituen argazki edo dokumentuak… bildu nahi dituzte. Horretarako herritarrei dei egin diete proiektuan boluntario gisa parte hartzeko.
Boluntarioen bila
Proiektuko edozein fasetan parte har dezakete boluntarioek, eta mota guztietako laguntza beharko dute: lan fisikoa egiteko zein kontaktuak egiteko, eta abar. Boluntarioak edozein adinetakoak izan daitezkeela gaineratu dute: “Herriaren ezagutza, baita herritarrena ere, ezinbestekoa izango zaigu lana garatu ahal izateko. Gaiarekiko interesa duen edonork parte har dezake, beraz, eta nahi duenak nahi duen horretan eta nahi duen moduan laguntzeko aukera izango du”.
Herri proiektu bat
Taldeko kideek esku artean dutena “herri proiektu bat” dela adierazi dute, eta horregatik ikusten dute garrantzitsua dela boluntarioen sarea osatzea: “Usurbilgo herriak betidanik izan du auzolanerako grina, eta hori behar dugu: guk bakarrik ezin dugu egin. Badirudi boluntarioen sare bat gauza oso txikia dela, baina guretzat oso garrantzitsua da: zenbat eta jende gehiago, argazki osatuagoa izango dugulako amaieran”.
Martxoaren 3an bilera irekia
Boluntarioen taldean parte hartu nahi duten usurbildarrentzat bilera ireki bat antolatu dute. Martxoaren 3an (asteazkena) egingo da, Artzabalgo areto handian, 18:30ean. Covid19-a dela eta, edukiera kontuan hartu behar denez, bilerara joan nahi duten herritarrei aurrez izena emateko eskatu diete, 36kogerra@usurbil.eus helbidera idatzita. Era berean, edozein kontsulta egiteko ere baliatu dezakete herritarrek helbide hori.