Usurbilgo Udalak, Eusko Jaurlaritzaren baimen bateratua jasota, Ucin lantegiari jarduera lizentzia eguneratu dio eta emisio-partikulak etengabe neurtzeko eskatu dio

Usurbilgo Udalak, Eusko Jaurlaritzaren baimen bateratua jasota, Osinalde industriaguneko Ucin lantegiari jarduera lizentzia eguneratu diola adierazi du. Guzti hau Udalak salaketak aurkeztu dituzten herritarrei zuzendutako gutun batean azaldu du (webgunean ere erabakiaren berria eman du). Herritarrek urteak daramatzate Ucinek atmosferara isurtzen duen ke kutsatuaren ondorio larriak jasaten. 2004ean jaso zituen Udalak herritarren lehen kexak. Geroztik, hamazazpi urte luze pasatu dira, eta herritarrek aurkeztutako kexa kopurua izugarria da.

Udalaren esanetan, 2020ko uztailean eta azaroan Eusko Jaurlaritzak Ingurumen Baimen Bateratua eguneratu zion, 2016ko Europako Komisioak hartutako erabakiari jarraiki, eta horren ondotik eguneratu du udalak jarduera lizentzia. Lizentzia berrituan Jaurlaritzak baimen bateratuan ezarritako baldintzak baino neurri zorrotzagoak eskatu dizkio udalak Ucin lantegiari, horiek ere 2016ko Europako Komisioaren irizpideak oinarri hartuta: Eusko Jaurlaritzak partikula baten etengabeko neurketa exijitu dio, eta udalak, Jaurlaritzak eskatutakoa eta beste lau partikularen etengabeko neurketak gehitu ditu baldintzen zerrendara. Orain arte ez bezala, aurrerantzean hainbat parametro modu jarraituan neurtzeko eskatu diote enpresari (orain arte, urtean zehar neurketa puntualak egiteko derrigortasuna baino ez zuen).

Neurri zorrotzagoak

Udalaren esanetan ez da ohikoa udal-lizentzia batek Jaurlaritzak berak emandako baimen bateratua baino neurri zorrotzagoak ezartzea, udalak Ucinekin egin bezala: “Udalerrietako airearen kalitatearen kontrolean udalak ez dira eskumenak dituzten erakunde bakarrak. Are gehiago, ingurumen baimen bateratua duten jarduera moten kasuan, Eusko Jaurlaritzari dagokio baimen bateratua igortzea, eta udalek aukera dute, ondotik, jarduera lizentzia egokitzeko. Usurbilgo Udalak halaxe egin du, baina, esan bezala, prozedura hori ez da ohikoa tokiko administrazioan”.

Zigor espedienteak

Ucinen jardunari dagokionez, Udalak hirigintza arloko zigor espedienteak zabaldu dizkio Ucini: “Bata 2019an, eta, azkena, 2020ko urrian. Labe zaharreko ke isurketak jasotzeko kanpaia handitzeko obra baimena eman zien udalak, baina, artean, baimen horretan zehaztutako baldintzak bete gabe jarraitzen du Ucinek, eta horixe izan da zigor espedienteak zabaltzeko arrazoia. Teilatu zati baten itxieraren auziari behin-betiko irtenbidea eman asmoz, ingeniaritza enpresa bat kontratatu du udalak, udalari aholkularitza eman diezaion gai horretan. Edonola ere, zigor espedientea indarrean dago, eta bere bidea egiten ari da”.

Airearen kalitatearen kontrolatzeko lanetan

Herritarrek airearekiko duten kezkarekin bat egiten du Udalak, eta dituen eskumenek ahalbidetzen duten heinean airearen kalitatea bermatzea du xede. Horretarako herrian martxan dauden tresnen berri eman du:

  • Zubietako kaxkoan eta Udarregi ikastolaren ondoan EAEko aire kalitateko kabina bana dago, zeintzuek Usurbilgo airearen jarraipena egiten duten.
  • Biodonostia ere zeregin horretan ari da lanean, Udarregin dituen neurgailuekin.
  • Udalak, bere kabuz, neurketak egiten ditu aldian-adian, enpresa batzuetako ke isuriek eta usainek herritarren osasunean eraginik izan ote dezaketen jakiteko: “Horregatik jarri zen harremanetan udala Kataluniako Unibertsitate Politeknikoarekin. Usaina sor dezaketen konposatu organiko bolatilak ikertzeko kontratatu genituen, usainen jatorria zer izan daitekeen aztertzeko eta herritarron osasunean eraginik izan dezaketen jakiteko. Hala, 2019ko maiatzean egin zuten aipatu azterketa. Esan bezala, beraz, herrian tarteka atzematen dugun usaina ze konposatuk sortzen duten ikertzea izan zen azterketa horren xedea, baita jatorri posibleak identifikatu ere”.
  • Aire kalitatearen modelizazio lanak egiten ari da Udala, eta emaitzak laster izango ditu esku artean: “Herriko emisio foku guztiak aintzat hartuta, modu bateratuan Usurbilgo aire kalitatean zein eragin duten ikustea ahalbidetuko du modelizazioak, baita herrian kutsadura gehien non jasaten den jakitea ere. Azterketaren egileak Usurbila etorriko dira herritarrei emaitzak aurkeztu eta izan ditzaketen zalantzak eta ekarpenak argitzeko”.

Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan

2020ko azaroaren 9an bilera izan zuten alkateak, ingurumen zinegotziak eta ingurumen teknikariak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko arduradunekin, zehazki, Ingurumen sailburuordearekin eta ingurumen administrazioaren zuzendariarekin: “Izatez, 2020ko otsailean ziren egitekoak bilera hori baina Zaldibar, Covid, konfinamendua, hauteskundeak eta gobernu berriaren osaketa tarteko, hamar hilabetez atzeratu zen, eta azarora arte ez digute hitzordurik eman”.

Landutako gaien artean izan zen Ucinena. Herritarrek udalean aurkeztutako salaketa guztiak igorri dizkiote Eusko Jaurlaritzari, eta bilera hartan udalak zein herritarrek gaiarekiko dituzten kezkak jarri zituzten mahai gainean, bideoak eta argazkiak erakutsi eta herritarrek azken hilabeteetan igorritako salaketen berri emateaz gain: “Gai honetan duten erantzukizuna onartu ziguten, baita emisio kontrolerako duten bitarteko-gabezia azaleratu ere: EAE osorako zortzi ikuskatzaile baino ez dituzte. Norberak atera ditzala kontuak. Aldaketak ahalik eta azkarren eman daitezen, udala batzuekin zein besteekin dabil lanean, kolaborazioa eta elkarlana ezinbesteko direlako, eta ildo horretan Ucinen aurkako salaketak aurkeztutako herritarrei bide horretan jarrraitzeko dei egin die. Emisioak edota kutsadura murrizteko, ezinbestekoa da administrazioaren, enpresen eta herritarren arteko kolaborazioa, kooperazioa. Lan hauek ezin ditugu presio edo tentsioek eraginda bultzatu. Denon borondatea ezinbestekoa da, eta borondate horiek jostea da gure zeregina. Horretan dihardugu”.

Telefono zerbitzua

telefonosUsurbilgo Udaleko udaltzaingoak aspaldi martxan dauka telefono zerbitzua. Ke-isuriak  sumatuz gero, Udaltzaingora deitzeko gonbita luzatzen dute. Hauxe, udaltzainen telefono zenbakia: 943 361 112

Informazio gehiago

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.