Usurbilgo Sarek antolatuta, otsailaren 26an euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan

Otsailaren 26an (ostirala), Usurbilgo Sarek antolatuta, euskal presoen eskubideen aldeko azken ostiraleko elkarretaratzea egingo da Mikel Laboa plazan arratsaldeko 20:00etan. Ekimen honetan parte hartu asmo dutenei, maskarak erabili eta segurtasun tartea errespetatzea eskatzen diete deitzaileek. Orain arte ekimen hau Usurbilen Nahi Ditugu elkarguneak antolatzen zuen baina duela gutxi jakinarazi zuten elkarguneak bere ibilbidea amaitutzat ematen duela eta hemendik aurrera lekukoa Usurbilgo Sarek hartuko duela. Usurbilgo Sare arduratuko da presoen eskubideen aldeko dinamikaz.

Sare Eusko Legebiltzarrean izan da

Pasa den astean Sare mugimendua Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordean parte hartu zuen, Irati Gurasoekin Euskal Herrira plataformarekin batera eta hauxe adierazi zuten:

Irati Aranjuezeko kartzelan dagoen ume bat da. Martxoaren 8an 3 urte beteko dituen haurra. Legeak dion bezala, urte hauetan kartzelan dauden gurasoekin egon da, baina 3 urte betetzean, umea kartzelatik atera eta beste senideekin bizi beharko da gurasoak Aranjuezeko kartzelan utzita.

Gure ustez, bizi dugun egoera honetan, onartezina da gaur egun legeak dituen mekanismo ezberdinak ez erabiltzea eta guraso preso hauei salbuespenezko espetxe politika aplikatzen jarraitzea. Zenbait adituk dioten bezala, banaketa honek larritasun psikologiko eta emozional handia eragiten du umearengan, eta, horregatik, banatzea ekidin behar dugula azaltzera gatoz.

Ez da Irati egoera hau pasatuko duen ume bakarra izan, eta, tamalez, azkena ere ez. Aspalditik daramagu egoera hau salatzen eta, une hau iritsi aurretik, dagozkien arduradunek umearen hobe beharraren ikuspuntutik hartu beharreko erabakiak hartzeko eskatu nahi dugu. Guztion ardura da ume honen eskubideak errespetatzea eta bere gurasoekin egon ahal izateko lan egitea.

Kalean mobilizazioetan, edota babes oso zabalarekin atera zen, Bilboko udaletxeko mozioan agertu bezala, aspalditik gai honekiko daukagun kohesioa argitara zabaldu nahi izan dugu, eta behingoz salbuespenezko espetxe politika honekin amaitzeko eskatu nahi dugu. Bide batez, salatu nahi dugu familiak elkarrekin egon ahal izateko modulu mistorik ez dagoela ez Autonomi Erkidegoan ez eta Nafarroan ere. Duela 20 urte jaio zen Onditz haurra kartzelan, eta orduan ere salatu zen egoera hau; gaur, 2021. urtean, egoera horrek berdin-berdin jarraitzen duela azpimarratu nahi dugu, sinestezina dirudien badirudi ere.

Legeak kartzelan ezartzen dituen gradu-progresioak eta baldintza ezberdinak erabiltzea soilik eskatzen dugu. Irati gurasoekin egoteko dauden aukerak baliatzea eta ume honen eskubideak errespetatzea. Martxoaren 8an, Irati motxiladun haurra izatera pasako da eta, beste 90 umek bezala, gurasoak ikusteko ehundaka kilometro egitera behartua egongo da. Hilabetean ordu batzuk ikusteko.

Horregatik, gaur hemen, giza eskubideen batzorde honetan, Iratiren kasua, edota Aranjuezeko kartzelan geratuko den Izadiren kasuak bezalakoak amaitzeko, modulu mistoak edota haurren eskubideak errespetatzeko eskaera egiten dugu.

Azkenik, denok bizi dugun pandemia garai honek ume hauei bete-betean eragin diela salatu nahi dugu, ezin baitituzte gurasoak ikusi, eta jada urte bat betetzera doa egoera horretan daudenetik, eta okerrena da ez dakigula noiz arte luzatuko den….

Horregatik, gaur inoiz baino gehiago salbuespenezko espetxe-politika honek urratzen dituen eskubideak ikusita, Irati gurasoekin egoteko egin beharrekoa egiteko eskatu nahi dugu.

Zenbat dira haur motxiladunak?

Irati Gurasoekin Euskal Herrira plataformak motxiladun umeen datuak kaleratu ditu. Guztira, gaur egun, 88 ume dabiltza motxila bizkarrean hartuta.

  • 88k daukate aita edo ama espetxean eta adin txikikoak dira.
  • 36 adinez nagusiak dira.
  • Irati eta Izadi 3 urte bete arte amarekin espetxean biziko diren bi motxiladun umeak dira.

* Datuen eguneraketa 2021-02-15

Irati Gurasoekin Euskal Herrira plataforma

Irati 2018ko martxoaren 8an jaio zen Aranjuezeko espetxean. Aita eta ama bertan ditu preso. 2021eko martxoan, Iratik 3 urte beko ditu. Espainiar legediak agintzen du Iratik 3 urte betetzean bere gurasoengandik banatu behar duela.

Irati eta bere gurasoen eskubideak bermatzeko, eta sakabanaketak ezartzen dituen arriskuak saihesteko, honako oinarrizko neurriak eskatzen ditu plataformak:

  • Prestatzea Zaballako espetxea amatasuna eta aitatasuna, zein haurren eskubideak errespetatuak izan daitezen.
  • Modulu mistoa zabaldu dezaten Zaballako espetxean.
  • Euskal Herriko espetxeen menpeko pisuak irekitzea, erregimen irekikoak.
  • Irati eta gurasoak Zaballako espetxera ekartzea.
  • Espetxe bizitzak haurren zein gurasoen eskubideak errespetatuko dituen araudia aplikatzea.

Informazio gehiago

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.