Usurbilgo EH Bildu: “Erraustegian gertatzen dena kontrolatzeko, batzorde independentea osatzea eskatzen dugu, adituez, herri-mugimenduko ordezkariez eta lekuko hautetsiez osatua”

Aste honetan jakin dugu Zubietako erraustegiari hondakin industrialak ere erretzeko baimena eman diotela. Egoera honen aurrean Usurbilgo EH Bilduk agiri bat kaleratu du “Zubietako erraustegiko tximiniek botatzen duten kea beraien hitzak baino gardenago” izenburupean. Erraustegiaren gaiarekin gertatzen ari dena salatzeaz gain, koalizioak batzorde independente bat osatzeko eskaera egin du, adituez, herri-mugimenduko ordezkariez eta lekuko hautetsiez osatua.

Amaia Barredo Martínek, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailburuordeak, ebazpen baten bidez onartu egin dizkio GHKri (Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa) Zubietako (Donostiako) erraustegiaren Ingurumen Baimen Bateratuan egin nahi zituen aldaketak. Ondorioz, Zubietako erraustegian hondakin industrialak ere erretzeko aukera egongo da, nahiz eta berez hiri hondakinak erretzeko zeukan baimena. Jaurlaritzaren ebazpenak “aldaketa ez-funtsezko” gisa izendatu du hondakin industrialak erretzea: ”Ingurumen baimen bateratua (IBB) aldatzea eskatzen duten ez-funtsezko aldaketatzat jotzen dira GHK-k egindako eskaerak”. Hau da Eusko Jaurlaritzak Zaldibarko zabortegiak eragindako hondakinen kudeaketaren krisiari emandako irtenbidea beraz. (Info+ klik)

Usurbilgo EH Bilduren agiria

Zubietako erraustegiaren kea agintarien jokamoldea baino gardenago

Oraingoan ere ezkutuan aritu dira. Hedabide batek argitara eman ostean, Arantxa Tapiak onartu egin behar izan du industriatik eratorritako hondakinak ERE Zubietako erraustegira ekarriko dituztela. Beren ohiko jokamoldea ikusita, egia esan, ez da ezustekoa izan. Baina horrek ez du kentzen berriak lehendik dagoen kezka eta haserrea areagotu ez duenik.

Zaldibarreko tragediatik urtebetera, aurkitu dute irtenbidea. Ez, ez dute Zaldibar II egingo Zubietan, errauste-plantari “esker” hondakin gehienak desagerraraziko dituztelako. Desagerrarazi? Bistatik kendu agian bai, baina arnastuko dugun aireak zer ez ote du jasoko… Eta errausketa prozesuan geratzen diren errefusekin zer egingo dute?

Zubietako erraustegira gipuzkoarron etxe-hondakinak soilik bideratuko zirela ziurtatu zuten behin eta berriro. Baina eraikitako makro-egitura -makrozorpetzea ekarri diguna-, errentabilizatu behar dute. Eta hori hasieratik zekiten. Gipuzkoako Aldundiaren jukutriaren haritik dator, “funtsezko aldaketarik” ez duela-eta, orain Jaurlaritzak GHKri egokitu dion Ingurumen Baimen Bateratua. Normal, guztiak soka berekoak dira: interes ekonomiko zehatz batzuk herritarron osasuna eta naturaren errespetua baino lehenago jartzen dituztenekoak.

Argi dago, lehenez gain, egun boterean dauden EAJ eta PSOEko arduradunei bost axola zaiela zer erretzen den Zubietan eta zer diogun usurbildarrok, inguruetako herritarrak eta, oro har, gipuzkoarrok. Beraiek, trikimailu legal guztiak erabiliz, arautegiak beren konbenientziara moldatuz, mafia instituzionala bezala funtzionatzen dute ase ezinak diren enpresa jakin batzuen mesederako.

Zubietako erraustegiko tximiniek botatzen duten kea beraien hitzak baino gardenagoa da. Gezurretan, ezkutuan, erraustegiaren izena bera ere kamuflatu nahian dabiltza, betiko lez.  

Horregatik, jada bertan zer erretzen den, zer erreko den, zenbat, zer motako hondakinak, nondik ekarritakoak, zer eragina duen airean, gizakiongan, naturan…; zer balorazioa ateratzen den errealki, zer egiten den errefusekin… Hori dena jakitea exijitzen dugu.

Hori guztia kontrolatzeko, gainera, batzorde independentea osatzea eskatzen dugu, adituez, herri-mugimenduko ordezkariez eta lekuko hautetsiez osatua. Ez, ez gara fido Jaurlaritzak egiten (omen) dituen kontrolez, are eta gutxiago, funtzionatzen hasi bezain pronto izan diren istripu, suteak ezkutatu direnean eta irregulartasunak eta informazio-eza nagusi direnean. Zaldibarreko hondakindegia, lekuko.

Informazio gehiago

 
 

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.