UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) gazteentzako topaketak antolatu ditu ekainaren 28tik uztailaren 4ra bitartean, eta dagoeneko izena emateko epea zabalik dago. Aurten ere ekimena ibiltaria izango dela jakinarazi du UEMAk, hain zuzen, Zumaiatik Lekeitiorako bidea egingo dute gazteek. Udalerri euskaldunetzako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da topaketen helburua. Iaz, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondorioz, bertan behera utzi behar izan zen ekimena. Momentuz aurten izen ematea zabaldu da eta aurrerago, egoeraren arabera, joango dira informazio gehiago osatzen.
Ibilbidea Zumaiatik Lekeitiora
- Etapa: Zumaia- Itziar (ekainak 28).
- Etapa: Itziar- Ondarru (ekainak 28-uztailak 1).
- Etapa: Ondarru-Lekeitio (uztailak 1- uztailak 4).
UEMA
Euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua abian du UEMAk, eta ikastetxeetan ere ari dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.
Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk azken urteotan. Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatu eta ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da urteroko topaketa hauekin.
Izena emateko epea zabalik
Izena emateko epea aste honetan zabaldu du UEMAk, eta martxoaren 31 (asteazkena) arte izango da zabalik:
- Hemen sartuta eta datuak beteta: klik
- 943 816 699 telefonora deituta.
- Datuak posta elektronikoz hezkuntza@uema.eus helbidera bidalita.
- Izena emateko bete beharreko datuak: izen-abizenak, helbidea, herria, jaioteguna, kontakturako telefonoa eta e-posta.
- Prezioa: 89€
- Aurreikusitako gazte kopurua: 50 lagun. Kopurua gainditzen bada, lurraldetasuna, genero irizpidea, eta izena emateko ordena hartuko da kontuan taldea osatzeko.
Begiraleak eta sukaldariak behar dira
Ekainaren 28tik uztailaren 4ra Zumaiatik Lekeitiora UEMAk antolatutako udaleku ibiltarian 14- 18 urte bitarteko gazteekin lan egiteko aisialdiko begiraleak eta sukaldariak behar dira. Horretarako, interesa dutenek curriculumak hezkuntza@uema.eus helbideelektronikora bidali beharko dituzte, martxoaren 31 (asteazkena) baino lehen. Jasotako curriculumak begiraleak eta sukaldariak kontratatuko dituen enpresaren esku utziko ditu UEMAk eta, hautaketa amaitu ondoren, aukeratuei apirilaren 15erako (osteguna) jakinaraziko zaie erantzuna.
Honakoak baloratuko dira:
- Begirale titulua izatea.
- EGA edo bere baliokidea izatea.
- Hezkuntzarekin zerikusia duten ikasketak izatea edo burutzen egotea.
- Lan eskarmentua antzeko lanetan.
- Euskararekiko sentsibilizazioa
- Taldean lan egiteko erraztasuna.
Bideoa
Orain arteko topaketen irudiekin eta parte hartzaileetako batzuen laguntzarekin egindako bideoa, aurtengo topaketetarako deialdia eginez.
Informazio gehiago
- uema.eus
- usurbil.eus
- Zabalik dago Uemak antolatzen dituen Salto! topaketetan izena emateko epea (Artzape, 2021-02-10).
- Abian dira gazteentzako SALTO topaketak (bortziriak.eus, 2021-02-09).
- Udaleku ibiltarirako begiraleak eta sukaldariak behar ditu UEMAk (zumaia.eus, 2021-02-09).
- Zabalik da udalerri euskaldunetako gazteentzako Salto! topaketetan izena emateko epea (barren.eus, 2021-02-08).
- Adi, gazte! Badatoz Salto! topaketak (alkizaz.eus, 2021-02-05).
- Zumaiatik Lekeitiora egingo dituzte udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak (Busturialdeko Hitza, 2021-02-05).
- Lekeition amaituko dituzte udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak (Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, 2021-02-05).
- Udalerri euskaldunetako gazteen topaketan izena emoteko epea, zabalik (bizkaie.biz, 2021-02-05).
- Salto! Udalerri euskaldunetako gazteen topaketak (gabiria.eus, 2021-02-04).