Irisasi BTT “Hotzak Akabatzen” mendi bizikletaren proba 2022. urtera atzeratu da

Urtarrilaren azken asteburuan Irisasi BTT Hotzak Akabatzen mendi bizikletaren proba ez zen burutu. 10. edizioa behar zuena 2022. urtera atzeratu dute antolatzaileek. Urtero, proba hau iraila erdialdean prestatzen hasten dira. Oraingoan, lehen bilera egin zutenean erabakiak hartzeko, argi ikusi zuten alferrik izango zela antolaketa prozesu guztia martxan jartzea, gero proba bertan behera uzteko. Urtarrilean proba egitea ez zela posible izango ikusi eta antolatzen ez hastea erabaki zuten.

Irisasi BTT Hotzak Akabatzen

“2022. urteko urtarrileko azken asteburuan izango litzateke. Babesle batek deitu zigun ia uda honetan antolatuko genuen. Garbi genuen ezetz. Aldez aurretik erabakia hartua genuen.  2020. urtean, iaz egin zen proba gutxienetako bat ospatu zena gurea izan zen. Udaberri eta uda partean izaten diren probak bertan behera geratu ziren. Marka guztiak gainditu genituen. Eskaera ikusita iaz 500etik 600 lagunera igo genuen parte hartzea. Arrakastatsua izan zen. Hala ere parte hartzea mugatu behar izaten dugu, segurtasun eta antolakuntza arrazoiengatik. Udazkenean berriro antolatzen hasten garenean, egoera nola dagoen aztertu beharko dugu. Aurrera egin ahal izango dela ikusten badugu, dinamika guztia martxan jarri eta antolatuko dugu.

Urtero proba antolatu aurretik pistak garbitzen aritzen ginen parte hartzaileei pizgarri moduan bide berriak eskaintzeko, ez betiko ibilbidea. Erdi utzita, ezkutuan zeuden pista zaharrak berreskuratu izan ditugu. Oraingoan proba antolatuko ez genuela ikusi arren, berdin jokatzea otu zitzaigun, baina herriko gazte talde polita aurreratu zaigu. Mendira atera ginen asteburu batean haiek pistak garbitzen aurkitu genituen. Azkenean gu bi taldeetan aritu ginen eta haiek beste bizpahiru taldeetan. Probarako berreskuratzen ditugu bideak, baina ez gure aldetik, aurrez baimenak eskatuta.

Azken urteetan, zuhaitzak eta pinuak ateratzen ari dira. Duela bi hilabete ikusi dugu bide orokorrak garbitzen ari direla. Jendea leku berdinetatik ibiltzen bada, ez dago garbitu beharrik, belarra gutxiago hazten da. Herritik ateratzeko debekua zegoenean, batek baino gehiagok aipatu zuen, mendiak tabernak irekitzea behar zuela. Izugarria zen tabernak itxiak zeudenean zenbat jende zegoen mendian; bizikleta gehiago, jendea paseoan haurrekin. Orain tabernak irekiak daudela jende gutxiago dabil, betikoak gabiltza.

Aipatu beharra dago, mendira bidean Igartzazabal baserria dagoela. Ardiak dituzte. Entzun dugu zenbaitek beherakoan abiadura ez dutela zeharo kontrolatzen, eta abiadura murriztu beharko lukete jaisterakoan. Azken aldian moto asko hasi dira igotzen. Eskubidea dute igotzeko baldin eta Puelara heltzen den pista nagusitik ateratzen ez badira. Hortik gora igotzea debekatua dago baina igotzen ari dira.

Goizegi da ezer aurreikusteko, baina ilusioa nabari da taldean. Zerbait berezia egingo dugula ziur baietz. Bide batez, gurea ez da talde itxi bat, antolaketa lanetan parte hartu edo mendira gurekin atera nahi duenak atea irekia du. Urteotan osatzen joan da taldea. Taldearekin hartuemanetan jartzeko irisasibtt@gmail.com helbidera idatzi”.

Noaua! astekarian elkarrizketa osoa: noaua.eus

Abiadura murrizteko deia

Usurbilgo Irisasi BTT Hotzak Akabatzen taldeak ohar bat zabaldua sare sozialetan. Iartzazabal baserriaren inguruan abiadura murrizteko eta bertatik pasatzean errespetuz jokatzeko eskaera. Asko gara Andatza mendira gerturatzen garen mendizaleak eta txirrindulariak eta ezinbestekoa da elkar lagundu eta errespetatzea. Bereziki, bertan bizi direnei ahalik eta eragozpen gutxien eragitea eskatzen da: “Kaixo BTT zaleok. Azken aldian gutariko asko gara Irisasi-Andatza mendian gure zaletasuna aurrera eramaten dugunok. Baina ez dugu ahaztu behar beste batzuk mendian bizi direla. Hori dela eta, eskatu nahi dizuegu Iartzazabal baserriaren inguruan (argazkiko eremu gorrian) abiadura murriztu eta errespetuz jokatu dezagula. Denon hobe beharrez! Eskerrik asko!”

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.