Arg.: Xingola
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du N-634 errepideko Troia eta Txikierdi arteko mendi magala egonkortzeko lanak martxoaren 3a arte luzatuko direla. Hasiera batean, otsailaren 10erako amaituko zirela iragarri arren (hiru hilabeteko iraupena), azkenean lanak zerbait gahiago iraungo dute. Beraz, mendi aldeko erreia itxita jarraituko du lanak bukatu bitartean. Abenduaren 1etik aurrera errei bat itxi egin zen bertako mendi magala egonkortzeko, Donostia-Usurbil norazkoan hain zuzen ere. Lan hauek amaitu bitartean, ibilgailuen joan etorria kudeatzeko behin-behinean semaforoak jarri dira 24 orduz, asteburuak eta gauak barne.
Arrisku puntua
Lanak hasi zirenetik, hainbat arrisku egoera bizi izan dira bertan, Kalezartik jaitsi eta Troiako bideak errepide honekin bat egiten duen puntuan hain zuzen ere. Kalezartik jaitsi eta Troiako eremuan, Donostia aldetik etorriz gero Troia aldeko bidera (eskubi aldera) sar daiteke. Baina alderantziz, Kalezartik jaitsita ezin da N-634 errepidera sartu Donostia aldera joateko, Usurbil aldera etortzeko soilik. Zenbait egoera arriskutsu egon dira errepide zati horretan, Troiako aldapatik Donostia aldera joateko sartzen direlako hainbat ibilgailu, seinaleek argi hala egitea eragotzi arren. Sarbide hori ez du semaforo batek kudeatzen, eta areagotu egiten du Usurbil aldetik Txikierdira nahiz alderantzizko bidea egiten ari diren autoren batekin istripua izateko arriskua.
Arg.: Noaua!
Oinezkoen semaforoa ez dago martxan
Oinezkoek Troiatik pasatzeko aukera izango dute, orain arte bezala, baina bertan dagoen semaforoa ez dago martxan. Beraz, oinezkoek zein gidariek eremu horreta arretaz ibiltzea eskatzen da.
Arg.: Noaua!
Isunak
Ertzaintzak hainbat isun jarri ditu lanak dauden eremuan, bertatik pasatzean kotxeko argiak itzalita eramateagatik. Trafiko araudiaren arabera, lanak dauden eremuetan eta errei bakarra dagoenean bi norazkoetarako, kotxeko argiak egunez ere piztuta eraman behar dira.