Usurbilen Nahi Ditugu elkarguneak bere ibilbidea amaitutzat eman du eta hemendik aurrerra lekukoa Usurbilgo Sarek hartuko du

Argazkian ageri diren herritarrak, preso eta iheslarien senideak talde bezala antolatu zirenetik (1991) Usurbil Nahi Ditugu elkargunetik pasatako senideak dira. (Arg.: Noaua!)

Usurbilen Nahi Ditugu elkarguneak bere ibilbidea amaitutzat ematen duela adierazi du eta hemendik aurrerra lekukoa Usurbilgo Sarek hartuko duela. Usurbilgo Sare arduratuko da presoen eskubideen aldeko dinamikaz. Horren adibide, gaur (urtarrilak 29) 20:00etan burutuko den elkarretaratzea izango da, Usurbilgo Sarek antolatu du, ohi bezala Mikel Laboa plazan.

Zein izan dira Usurbilen Nahi Ditugu elkargunearen helburu nagusiak?

  • Euskal preso eta errepresaliatu politikoen asistentzia eta senideen arteko sostengua eta laguntza bermatzea.
  • Presoen eta senideen eskubideen urraketen berri ematea eta dagozkien eskubideen errespetua exijitzea.
  • Bi estatuek (Espainia eta Frantziak) izandako politiken ondorioei aurre egiten laguntzea.

Usurbilen Nahi Dituguren agurra

Preso eta errepresaliatu gabeko herria

Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangari (halako batean!) etxean bizimodu ia normala eramateko aukera eman ostean, lehen aldiz azken 47 urteotan, Usurbilek ez du preso edo errepresaliatu politikorik. Arrazoi politikoak tarteko, 1968-tik 43 usurbildarrek (bertan jaiotakoak edota bertan bizi direnak) ezagutu dute espetxea. Horietako batzuk behin baino gehiagotan izan dira kartzelan. Urte gehien egin dituena Xabier Aranburu ‘Xomorro’ Izan da (25 urte).

Baina 218 preso eta dozenaka iheslari edota deportatu dauzkagu oraindik Euskal Herrian etxeratzeke. Horrenbestez, argi daukagu, zer egin horretan ahaleginak eta bi egiten segitu beharko dugula, gure herria bezala, Euskal Herriko gainerakoek ere presorik eta iheslaririk gabeko herriak izateko. Ahalegin horretan, ordea, aurrerantzean Sare izango da eragile nagusia.

Laguntza izugarria, ez gara bakarrik sentitu

Hogei urte beteko dira aurten Etxerat elkartea sortu zenetik (aurrez 10 urteetan aritu zen ‘Senideak’ elkartearen lekukoa hartuta). ‘Usurbilen Nahi Ditugu’ elkartea Etxerat-eko tokiko taldea izan da. Bere jarduna, euskal preso eta errepresaliatu politikoen asistentzia eta senideon arteko sostengua eta laguntza bermatzearekin batera, bai beraien eta baita gure eskubideen urraketen berri ematea, dagozkigun eskubideen errespetua exijitzea eta bi estatuek (Espainia eta Frantziak) izandako politiken ondorioei aurre egiten laguntzea izan dira gure elkartearen helburuak. Ildo horietan bideratu ditugu urte hauetan guztietan gure ekimenak.

Baina jardun horretan hamaika bidelagun izan ditugu. Eta eskerrak!!! Ze zama hau eramatea askoz errazago egin zaigu. Norbait ahazteko arriskua hartuta eta aurrez barkamena eskatuta, laburki zerrendatu nahi genituzke. Hasteko, herritar guztion ordezkari den udalaren laguntza nabarmendu nahiko genuke. Izan ere, tarte batean alkate izandako batekin izandako gorabehera batzuk kenduta, oro har bere esku dagoena egin duelako bai gure eta baita gure senideen eskubideak defendatzeko eta jasan ditugun egoeren ondorioak baretzeko.

Herriko talde, eragile eta elkarte asko ere oso gertu sentitu ditugu. Kontaezinak dira ate joka joan garen bakoitzean beren laguntza eman diguten trikitilari, txalapartari, txistulari, dantzari, abeslari, musikari, argazkilari, soinu eta bideo teknikari; gure pankarta, kartelak, eskuorri, aldizkari eta beste euskarriak diseinatzen, egiten, inprimitzen eta banatzen lagundu digutenak bezala. Zer esanik ez, egun seinalatuetan (Sagardo Eguna, Santixabelak, Erle Eguna, Santomasak, Gabonak…) izan gaztainak erretzen, taloak egiten, txosnak jartzen, zikiroa erretzen, tartak egiten; kantuan gurekin kale-jirak egiten, errifak saltzen (… eta erosten), herri-bazkariak eta afariak antolatzen eta osagaiak muxutruk ematen; arropak, txapak eta hainbat materialak saltzeko edo sinadura-bilketetan mahaiak jartzen aritutakoak. Edo manifestazio handien antolakuntzan lagundu digutenak. Edo bileretako, materiala gordetzeko eta gure lanetarako bere lokaletan txoko bat utzi dizkigutenak. Edo ikastolan gure seme-alabak pairatu dituzten ondorioak leuntzeko irakasleek egindako ahaleginak. Edo beren jardueran gure eskakizunekin bat egin duten elkarte, alderdi, parrokia, sindikatu, emakume-, gazte-, kirol- eta kultur taldeak.

Gure mezu, oharren eta ekimenen berri eman dituzten komunikabideak aipatu gabe ezin gera gelditu. Horiei guztiei oihartzuna emateagatik bereziki eskertu nahi ditugu herriko komunikabideak, Noaua! eta Usurbil Eginez bloga.

Despedida gazi-gozoa da

Askotan esan izan dugu gure desio behinena gure elkartea desagertzea zela. Izan ere, horrek esan nahiko luke elkartea sortzera eraman gintuzten arrazoiak desagertu direla. Usurbilen kasuan egia bilakatu da baina zoritxarrez, oraindik orain, preso eta iheslarien auzia konpontzeke dago. Garbi dugu auzi hori lehenbailehen konpondu behar dela Euskal Herrian bizikidetzara eta bakera iristeko eta sufrikario honekin amaitzeko. Horregatik, ondotxo dakigulako etxeko norbait presondegian (baita arrazoi politikoengatik ez denean ere), erbestean edo sasian izateak eragiten duen sufrimendua, Usurbilen Nahi Ditugu-ko kideok gatazka politikoaren ondorioei behin betiko konponbidea emateko lanean segituko dugu.

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.