Usurbilgo Anerreka Ingurumen Elkarteak Jaurlaritzako Ingurumena sailari Zubietako erraustegiak orain arte airera isuri dituen gai kutsakorren kopuruari buruzko datuak eman ditzala eskatu dio

Zubietako erraustegiko tximinietatik kea (2021-01-25)

Usurbilgo Anerreka Ingurumen Elkarteak Jaurlaritzako Ingurumena sailari Zubietako (Donostia) erraustegiak orain arte airera isuri dituen gai kutsakorren kopuruari buruzko datuak eman ditzala eskatu dio. Erraustegiak Ingurumen Baimen Bateratua indarrean izateko ezinbesteko baldintza du emisioen etengabeko neurketa sistema martxan izatea eta Eusko Jaurlaritzaren Airearen Kalitatearen Kontrolerako Bigilantzia Sarera konektatuta izatea. Anerreka elkarteak erreklamazioa egin du Eusko Jaurlaritzaren Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordean eta honek ontzat eman du Arrekaren erreklamazioa eta Ingurumen sailari eskatu dio hamar eguneko epean eskatutako informazio hori Anerrekari emateko. Epea aspaldi pasa da eta oraindik Jaurlaritzako Ingurumen Sailak ez du daturik bidali.

Erraustegiek tximinian neurgailua izaten dute instalatuta, airera emititzen dituzten materien parametroak etengabe neurtzeko. Jaurlaritzako Ingurumen sailak 2016ko apirilaren 11ko ebazpenaren bidez, aldaketa batzuk egin zizkion erraustegiaren Ingurumen Baimen Bateratuari. Ebazpen hori ez dago buletin ofizialetan publiko eginda. ARGIAk egin du publiko (klik), herritarren eskura egon dadin: “Etengabe neurtzen duen sistema konektatuta egongo da EAEko Airearen Kalitatearen Kontrolerako eta Bigilantziarako Sarera”.

Datuak etengabe monitorizatzeko eskaera

Laugarren atalean Ingurumen Baimen Bateratua indarrean egoteko bete beharreko baldintzak zehazten dira eta horietako bat, beriziki, “etengabe monitorizatzea” da. Anerreka Ingurumen Elkarteak zehazki eskatu dituen datuak horiek dira, Jaurlaritzaren airearen kontrolerako bigilantzia sarean erregistratuta egon behar zuten erraustegiaren etengabeko neurketaren datuak.

2020ko irailaren 9tik erantzunik ez

Anerreka Ingurumen Elkarteak 2020ko irailaren 9an eskatu zizkion datuak Jaurlaritzako Ingurumen sailari: zehazki, 2019an egunean bataz beste jasotako balioak eta 2020an irailaren 8 arte jasotako ordu-erdiko bataz bestekoak. Baina Anerreka Ingurumen Elkarteak ez zuen eskaera horri buruzko inolako informaziorik jaso Ingurumen sailetik, eta horregatik 2020ko urriaren 26an erreklamazioa aurkeztu zuen idatziz Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordean (IPSEB).

Informazio Publikoaren batzordeak Anerrekaren eskaera berretsi du

Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeak (IPSEB) 2021eko urtarrilaren bukaeran eman du Anerreka Ingurumen Elkartearen ebazpena (klik) 2020ko abenduaren 22koa bada ere: ebazpen honen arabera, azaroaren 12an IPSEBk Anerreka Ingurumen Elkartearen erreklamazioa posta elektronikoz bidali zion Ingurumen sailari, eskatuz txostena aurkez zezala hamar eguneko epean, Anerrekak egindako eskaerari erantzunaz.

Argiak kaleratutako informazioaren araberam IPSEBk argitaratu duen ebazpenean aitortzen du kasu hau aztertzen ari ziren bitartean eskatu ziotela Ingurumen sailari gaia ebazteko esanguratsutzat jotzen zituen agiriak aurkezteko baina ez dutela Ingurumen sailetik inolako erantzunik jaso, eta “desiragarria” litzatekeela Ingurumen sailaren irizpidea ezagutzea Anerrekak eskatutako informazioa ez eman izateko. “Deitoragarri” zaio IPSEBi lagundu ez izana eta ebatzi du Anerreka Ingurumen Elkarteak egindako erreklamazioa “balioestea, Ingurumen sailean aurkeztu zuen informazioa eskuratzeko eskaera ustez ezetsi egin zaiolako”. Eta Ingurumen sailari eskatu dio “hamar eguneko epean, gehienez ere, eskarian agertzen den informazioa eman diezaiola erreklamatzaileari”.

Oraindik ez da erraustegiaren emisioen gaineko informaziorik

Ebazpena abenduaren 22koa bada ere, hilabete beranduago oraindik herritarrek ez dute erraustegiaren emisioen gaineko informaziorik Ingurumen sailetik.

Informazio gehiago

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.