Mapil (Arg.: XingolaUsurbil)
Orio Arraunketa Elkarteak jakinarazi du otsailaren 13an jokatzekoa zen Oriaren XXVII Traineru Jaitsiera atzeratu dela, martxoaren 21era zehazki (10:00etan). Horretarako, pandemiak azken egunetan izan duen bilakaera aintzat hartu du elkarteak, eta osasunari lehentasuna eman nahi izan dio. Eta egun horretan egin ezin bada, bertan behera geratuko dela adierazi du elkarteak.
Mapil eta Saikola
Aginagako bi gune izan ohi ditu abiapuntu probak: Mapil eta Saikola. Bi guneotatik, gizonezkoen ontziek 6.000 metroko bidea eta emakumezkoen ontziek 4.000 metroko bidea osatu beharko dute hurrenez hurren, Orio erdigune parean kokatua izango duten helmugara arte.
Partaidetza murriztea
Orioko arraunketa elkarteak azaldu du probaren helburu nagusia neguko prestaketa egiten ari diren arraunlari eta elkarteen progresioa testatzeko aukera izatea dela. Horregatik, COVID-19ak sortutako egoera dela-eta, aurten partaidetza murriztea erabaki du elkarteak, eta parte hartu ahal izango dute Gipuzkoako Eusko Label, Eusko Tren-ETE eta KAE ligetako taldeek. Jaitsieran parte hartu nahi duten ontziek martxoaren 15era arte izango dute irekita izen-emateko epea.