AEK-k Mintzalagun egitasmoan parte hartzeko izen-ematea martxan jarri du. Gogoan izan, Mintzalagun euskaraz hitz egiten dutenak euskaraz hitz egin nahi dutenekin elkartzen dituen programa dela. Bertan parte hartzen duten herritarrek helburu ezberdinak izaten dituzte: euskara maila hobetzea, euskarari esker jendea ezagutzea edo euskara ikasleei lagundu nahi dietenak, euskarazko elkarrizketak izatea. Euskaraz seguru kanpaina abiatu dute, Covid19-ari aurre egiteko segurtasun neurriei kasu eginez.
Izen-ematea
Izena emateko webgune bat jarri dute martxan: praktikatu.eus, eta informazio gehiago nahi duenak Usurbilgo euskaltegira ere idatzi dezake, etumeta@aek.eus helbidera.
Praktikatu.eus
“PRAKTIKATUn 2005etik daramagu mintzapraktika egitasmoak antolatzen, mintzalagun/berbalagun; euskararen transmisioari begira, familientzako gurasolagun programak; euskalkiak eta hitanoa ikasteko mintzataldeak ere bai. Horretaz gain, euskarazko harreman-sare berriak sortzen ditugu ekintza osagarrien bidez, hala nola, asteburuko egonaldiak, udako ibiltariak edota zaletasunen (natura, kirola eta kultura) araberako interes-taldeak antolatuta”.
Usurbilgo Mintzalagun
Usurbilen, hamabi mintzalagun daude, eta lau taldetan aritzen dira. Euren artean adostutako toki eta orduan gelditzen dira kafea hartzeko, paseo bat emateko, edo, egungo egoerak eraginda, online saioa egiteko. Astean, gutxienez, ordubetez euskaraz aritzea dute erronka. Horrez gain, antolatzaileek txangoak edo bestelako ekintzak ere eskaintzen dituzte, nahi dutenek parte har dezaten.
Informazio gehiago
- Usurbilgo Etumeta AEK
- Kale Nagusia 43 behea
- 20170 Usurbil (Gipuzkoa)
- 607 609 379
- usurbil@aek.eus