GuraSOSek larunbaterako antolatu duen “Osasuna, ingurumena eta justizia” giza katean parte hartzeko deia egin du

Larunbat honetan (urtarrilak 23) GuraSOS mugimenduak “Osasuna, ingurumena eta justizia” lemapean giza katea antolatu du Donostian, 12:00etan (11:50tarako bakoitzari dagokion gunera gerturatzeko deia egin du). Giza katean erakundeek segurtasunarekiko, osasunarekiko eta ingurumenarekiko duten mespretxua salatuko da eta eskari hori lau gunek sinbolizatuko dute. Era berean justiziak dagokion legezkotasun-kontrola egin dezan eskatuko da.

Erraustegia geldiarazteko deia

Azken egunotan erraustegian izan eta GuraSOSek salatu duen hirugarren sutea gertatu berritan egingo da giza katea, erraustegia geldiarazteko EAEko Auzitegi Nagusian berehala aurkeztuko duen eskaerarekin ere egokituko da.  Era berean, GHK-k (Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa) egindako ohartarazpen onartezina salatzeko ere balioko du; izan ere, herritarren salaketengatik lege-ekintzak abiarazteko ohartarazpena egin zuen, eta ohartarazpen hori bateraezina da ingurumenaren defentsarako nazioarteko eskubidea askatasunez egikaritzearekin.

Donostira joateko deia

GuraSOS-ek adierazi du Gipuzkoako edozein udalerritik giza katera joateko mugitzeko eskubidea soilik salbuespen-egoeran edota setio-egoeran eten daitekeela. Horregatik, manifestatzeko oinarrizko eskubidea inolako eragozpenik gabe gauzatu ahal izatea bermatzeko neurri berri bat hartzea eskatu dio GuraSOSek Ertzaintzaren buruzagitzari: “Udalerrien itxiera perimetrala zaintzeko ardura duten agenteei euren jardunerako irizpide hau kontuan hartu dezatela: larunbat eguerdiko 12:00etan Gipuzkoa osoari zuzenduriko mobilizazioa deitua dagoela Donostian eta itxiera horrek ez diola eragiten hitzordu horretara joateko mugikortasunari ezta manifestatzeko oinarrizko eskubideari, ezta mobilizatu ostean etxera itzuli ahal izateari ere”.

GuraSOSek baimen-agiri bat prestatu du larunbatean Donostiara joan ahal izateko:

Giza katean neurriak betetzeko deia

GuraSOS-ek giza katean ezarriko dituen segurtasun neurriak betetzeko lankidetza eskatzen die bertan parte hartuko dutenei. Antolaketak ahalegin berezia egingo du pilaketak saihesteko, eta horretarako honako neurri hauek hartu dituzte:

  1. Aurrez antolatu izan duen mobilizazioen amaierako ekitaldirik ez da izango oraingoan, ez behintzat ohiko moduan. Azken ekitaldian jendetza bildu ez dadin, antolatzaileek streaming bidez (zuzeneko emisioa) emango dute ekitaldiaren amaiera (azken adierazpena eta ekitaldiaren itxiera, 12:15ean), eta parte-hartzaileek telefono mugikorretatik jarraituko dute, dauden katearen tokian. Esteka gurasos.org webgunean egongo da eskuragarri.
  2. Giza katerako musuko gorriak banatuko dituzte, GuraSOSen logoa simulatuz. Logoan maskara hori agertzen da, kutsadurak eragindako arriskuaren ikur gisa.
  3. Giza katean bizikidetza-unitateak bakarrik egon ahalko dira elkarrekin. Gainerakoak eta bizikidetza-unitateak elkarrengandik 3 metrora egongo dira, eta, horrela, kontakturik gabeko kate bat osatuko da.

Boluntarioak arduratuko dira katea antolatzeaz

Antolaketa hau guztia bideratzeko lan talde zabala osatu du GuraSOSek. 20 boluntario arduratuko dira katea antolatzeaz eta dagozkion jarraibideak emateaz.

Giza katearen lau zatiak

Jende pilaketak saihesteko antolakuntzak lau zatietan banatuko du ibilbidea. Zati bakoitzean eskualde ezberdinetako herritarrek parte hartu ahalko dute. Bakoitzak dagokion kate zatian egon beharko du, mobilizazioa hasi baino 10 minutu lehenago, 11:50ean.

  1. zatia.- Andia-Diputazioa: Urola Kosta-Debabarrena.
  2. zatia.- Diputazioa-Okendo/Askatasunaren hiribidea 5 (Bankoa) Debagoiena-Goierri-Tolosaldea.
  3. zatia.- Askatasunaren hiribidea, 5. zk., Santa Katalina zubia: Donostialdea.
  4. zatia.- Urumea-Kalkuta plaza: Oarsoaldea-Bidasoa-Buruntzalde.

Informazio gehiago

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.