Arg.: Noaua!
Gipuzkoako Foru Aldundia N-634 errepideko Troia eta Txikierdi arteko mendi magala egonkortzeko lanekin aurrera darrai. Mendi aldeko erreia itxita dago lanak bukatu bitartean. Abenduaren 1etik aurrera errei bat itxi egin zen bertako mendi magala egonkortzeko, Donostia-Usurbil norazkoan hain zuzen ere. Gabonetan bi asteetan erabat zabalik izan zen N-634 errepidea bi norazkoetan eta ondoren berriz itxi zen. Guztira, hiru hilabete inguru iraungo dute. Lan hauek amaitu bitartean, ibilgailuen joan etorria kudeatzeko behin-behinean semaforoak jarrik dira 24 orduz, asteburuak eta gauak barne. Lanak hasi zirenetik ordea, hainbat arrisku egoera bizi izan dira bertan, Kalezartik jaitsi eta Troiako bideak errepide honekin bat egiten duen puntuan hain zuzen ere.
Kalezartik jaitsi eta Troiako eremuan, Donostia aldetik etorriz gero Troia aldeko bidera (eskubi aldera) sar daiteke. Baina alderantziz, Kalezartik jaitsita ezin da N-634 errepidera sartu Donostia aldera joateko, Usurbil aldera etortzeko soilik. Azken asteotan, zenbait egoera arriskutsu egon dira errepide zati horretan, Troiako aldapatik Donostia aldera joateko sartzen direlako hainbat ibilgailu, seinaleek argi hala egitea eragotzi arren. Sarbide hori ez du semaforo batek kudeatzen, eta areagotu egiten du Usurbil aldetik Txikierdira nahiz alderantzizko bidea egiten ari diren autoren batekin istripua izateko arriskua.
Oinezkoen semaforoa ez da martxan egongo
Oinezkoek Troiatik pasatzeko aukera izango dute, orain arte bezala, baina bertan dagoen semaforoa ez da martxan egongo. Beraz, oinezkoek zein gidariek eremu horreta arretaz ibiltzea eskatzen da.
Arg.: Noaua!