“Aitor eta Galder aske! Euskal gazteria aurrera!” lemapean, Ernai gazte erankundeak eskualde mailako elkarretaratzea antolatu du Hernanin

Urtarrilaren 21ean eta 22an Espainiako Auzitegi Nazionalak Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarrak epaituko ditu. 2019ko otsailean Ertzaintzak bi gazteok atxilotu zituen auzitegiaren aginduz; 2018an aurkitutako bidoi batekin lotu dituzte gazteok, ustez etxean egindako lehergailuak ekoizteko. Espetxean sartu zituzten eta lau hilabete baino gehiago egon ziren bertan. Aste honetan, hiru urte beranduago epaituko dituzte. Fiskaltzak zortzina urteko espetxe zigorra eskatu du bientzat eta zaintzapean aske izatea beste zazpi urtez. Armak, munizioak eta lehergailuak edukitzea, eta horiek helburu terroristarekin gordetzea eta trafikatzea egozten diete.

Elkarretaratzea Hernanin

“Aitor eta Galder aske! Euskal gazteria aurrera!” lemapean, Ernai gazte erankundeak eskualde mailako elkarretaratzea antolatu du ostegunerako (urtarrilak 21), 19:00etan, Hernaniko Gudarien plazan.  Prozesua bera salatu eta gazte hauek libre uztea eskatzeko eskualde mailako elkarretaratzea izango da.

Usurbildik Hernanira joateko deia

Usurbilgo Ernaik, Hernanin egingo den elkarretaratzera joateko deia egin du. Ostegun arratsaldeko 18:30ean Oiardo Kiroldegitik kotxez abiatzeko hitzordua finkatu du gazte antolakundeak: Aitor eta Galderrek zortzina urteko espetxe zigorreko epaiketari egin beharko diote aurre ostegunean! ANkerkeriari Stop! Utzi euskal gazteria bakean! 18:30etan Usurbilgo kiroldegian Hernanira joateko!”

Ankerkeriari stop! Aitor eta Galder aske herri plataforma

Bi gazte hauek libre uztea eskatzeko Ankerkeriari stop! Aitor eta Galder aske herri plataforma sortu da. Manifestua kaleratu dute eta sinadura bilketari ekin diote: ankerkeriastop.eus

“Hemen gauden guztiok oso kezkatuta gaude Aitor Zelaia eta Galder Barbadori gertatzen ari zaien guztiarekin. Larrituta gaude gerta daitekeenarekin, datozen egunotan kartzela-zigor eskaera neurrigabeei aurre egin beharko baitiete Auzitegi Nazionalean. Hori dela eta, zera adierazten dugu:

Jada, badira hamar urte beste testuinguru batean murgildu ginela, baina estamentu faktikoek iraganera kateatuta nahi gaituzte, kosta ala kosta: kartzelak hustu beharrean haiek betetzeko ahaleginean tematuta jarraitzen dute eta mendekuan oinarritutako politika bidegabeak aplikatzen segitzen dute.

Herri honek konponbidearekin egiten du amets. Sinistuta dago posible dela, eta amesten dugun konponbidea oraindik eskuratu ez dugun arren, hamarkada bat daramagu bidea egiten, oztopoz betetako bidea. Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren aurkako auzia beste oztopo bat gehiago da, baketik urruntzen gaituena eta iraganeko amesgaiztoak gogora dakarzkiguna, baina herri honek behar duen konponbide demokratikoa lortzeko nahia sendotu baino ez duena egiten.

Herri honek demokrazia desio du, pertsona guztiek eskubide berberak dituen jendarte bat. Amurrioko udalerritik irten gabe ikusi ahal izan dugu printzipio hori ez dela aplikatzen: polizia ohi batek zigorgabetasun osoz tiro egin dezake familia abertzale baten etxera, inolako ondorio politiko eta penalik gabe; Galder eta Aitor, berriz, kartzelan sartu zituzten froga lausoak aurkeztuta, eta lekuz kanpo dagoen prozesu kafkiarrean murgildu dituzte, salbuespeneko kartzela-zigor luzeak ezartzeko asmoz.

Herri honek justizia eskatzen du, elkarri eragindako zauriak sendatzen lagunduko duen justizia, bizikidetza sustatuko duen justizia. Egia esan, era guztietako epaiketa politiko bidegabeak ezagutu ditugu, Burgosen bezala Auzitegi Nazionalean ere.

Fiskaltzak 16 urteko espetxe zigor eskaera egin du. Gazte bakoitzarentzat 8 urtekoa eta beste 7 urteko zaintzapeko askatasuna. Armak eta munizioak eta lehergaiak eta horien osagaiak helburu terroristarekin gordailuan jartzea eta trafikatzearen delituak egozten zaizkie.

Hotzikara sentitzen dugu Galderren eta Aitorren aurka abian jarri duten makineria judizialari erreparatzean, beste euskal herritar askorekin egin bezala, Tribunal de Orden Publico haren oinordekoan epaituko baitituzte, inolako bermerik gabe eta salbuespeneko jurisdikzio batean.

Herri honek askatasuna gura du, pertsona librez osatutako jendarte libre bat. Ezin diegu utzi Galder eta Aitor eraman ditzaten. Ezin diegu utzi.

Hemen gaudenok gure elkartasun eta babesa adierazten diegu Galderri eta Aitorri. Ozen exijitzen dugu haien aurkako prozesua berehala geldi dezaten. Ohartarazi beharrean gaude epaiketa honen larritasunak sekulako dimentsioa duela.

Egoera honi erantzutera dator Amurrio eta Gasteizeko herritarrek sortutako “Ankerkeriari STOP! Aitor eta Galder aske!” plataforma eta bertatik sustatuko ditugun ekimenak.

Izan ere, hau ez da bi gazteren aurkako eraso huts bat, herri oso baten nahiak, desirak eta ametsak zapuztu nahi dituen eraso planifikatua baizik. Ezin diegu utzi: hain dago lekuz kanpo! Ezin diegu utzi nahi dutena egin dezaten”.

Ernai

“Lehenik eta behin, gure elkarkasun guztia eta besarkadarik beroena Aitor eta Galderrentzat. Argi diogu ez dugula onartzen eipaketa bera. Aitor eta Galder Euskal Herrian aske nahi eta behar ditugu.

Espainiar estatuak berriro ere, bere makinaria errepresibo guztia martxan jarri du, bere izaera inposatzaile eta autoritarioa erakutsiz. Justizia deitzen dioten legedi faxistaren bidez epaituko dituzte Aitor eta Galder; herri honen askatasun grina zapuzteko sortu zuten salbuespen legediaz eta espainiar proiektu atzerakoiaren interesen arabera agintzen duen Audientzia Nazionalean. Argi daukagu Espainian ez dagoela demokraziarik, eta are gutxiago justizia oinarrian daukan estatua. Hori dela eta, gazteok ez dugu onartzen injustizian oinarritutako epaiketa hau, gazteria zigortzea eta beldurtzea baitu helburu. Eta ozen diogu, ez dugula absoluzioa ez den beste epairik onartuko.

Herri honetako gazteok ondo eta gertutik ezagutzen dugu espainiar estatuaren aparatu errepresiboa. Ondo dakiguzein den espainiar proiektuaren zein bere oinarriakastintzeko borrokatzen duten herri eta militanteen kontra aktibatzen duten makinaria errepresiboa: epaiketak eta prozesu judizialak, indar polizialen jazarpena, mehatxu eta bortizkeria, isun ekonomikoak, manipulazio mediatikoa…Gertutik ezagutzen dugu, belaunaldiz belaunaldi, herri honen askatasunaren alde borrokatzeagatik jo puntuan egon baita euskal gazteria. Izan ere, jakin badakite borrokarako motorea gazteok garela, eta gu geldiarazteko erabiltzen duten errezeta gazteon aurkako kriminalizazioa, errepresioa eta jazarpena da. Gure borrokarako grina eta konpromisoa zapaltzeko asko dira baliatzen dituzten azpijoko eta erasoak. Haien tresneria guztia behin eta berriz erabili arren, ez dute lortuko gazteon konbentzimendutik eta borrokarako egin dugun haututik deslotzea.

Horretaz gain, gogor salatu nahi dugu gatazka politiko armatua betikotzeko espainiar estatuaren etengabeko saiakera. Gatazkaren konponbidea blokeatzen dute, euskal herritarrok gure herriaren etorkizuna libreki erabaki dezagun galarazi nahian. Argi esan nahi dugu ez dela espetxeak betetzen jarraitzeko garaia, espetxeak hustekoak baizik.

Azkenik, belaunaldiz belaunaldi, hainbat eta hainbat gaztek, Aitor eta Galderrek barne, beste Euskal Herri bat eraikitzeko egindako ekarpena goraipatu eta gogora ekarri nahiko genuke. Haria eten ez dadin, gure konpromisoa adierazten dugu. Jakin badakigu borroka honek piztuta dirauen bitartean, errepresioa eta jazarpena existituko direla. Baina gazte belaunaldi honek ere, injuntizia guztien gainetik, Euskal Herri feminista, sozialista eta euskalduna lortzeko borrokatzeko hautua hartuta dauka.

Errepresio kasu honek, borrokan jarraitzeko arrazoi bat gehiago bestetik ez digu ematen. Argi geratzen baita, ezer aldatzeko prest ez dagoen erregimen autoritarioaren aurrrean aukera bakarra dugula: independentzia. Hori dela eta, gazteon elkartasun onena zigortzen duten borroka berarekin jarraitzea izango da. Ez dute lortuko gu gelditzerik”.

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.