Usurbilgo Gure Eskuk “Haimaika Gara” erreferendumaren aldeko sinadura bilketa masiboan parte hartzeko deia egin du

Usurbilgo Gure Eskuk “Haimaika Gara” eskuorria banatu du etxez etxe. Bertan erreferendumaren aldeko sinadura bilketa masiboan parte hartzeko deia egiten da. Eskuorri honetan bereziki, 2013. urtean sortu zenez geroztik erabakitze eskubidearen alde usurbildarrek egin duten bidea isladatu dute argazki esanguratsuekin. Erreferendumaren aldeko sinadura bilketa masiboa abian du 2020tik Gure Eskuk. Horretarako zabaldu da hamaikagara.eus ataria. Bertan kanpainaren inguruko informazio osatua aurkituko duzue.

 

Hamaika Gara ekimenaren abestia.

Usurbilgo Gure Eskuren dinamika

  • 2013an sortu zen Gure Esku Dago, hiru printzipio oinarri hartuta: herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, herritarron garaia da”.
  • 2014ko ekainaaren 8an 150.000 lagunez osatutako giza-kateak Durango eta Iruña batu zituen, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Gu ere bertan izan ginen, Uharten hain zuzen ere.
  • 2014ko azaroaren 8an mosaiko erraldoia osatu genuen Donostiako Zurriola hondartzan, mezu hirukoitzarekin: euskaldunok gure bidea eraikitzen ari ginela adieraztea, Kataluniak azaroaren 9an egin behar zuen galdeketari babesa ematea eta eskoziarrak urrian egindako galdeketagatik zoriontzea.
  • 2015ean herriz herri banatutako oihal zatietan asmoak eta itxaropenak islatu zituzten usurbildarrek eta milaka herritarrek.
  • 2015eko ekainaren 21ean herriz herri banatutako oihalak hiriburuetan elkartu genituen, hautestontsi erraldoiak sortuz eta Euskal Herria erabakiaren aroan sartzen zela aldarrikatuz.
  • 2016ko martxoan herritarren borondatea islatzen zuten kriseiluak aireratu genituen, herri galdeketarako bidea argitu asmoz.
  • 2016ko amaieran Euskal Herriko 208 herrietan egin zuten moduan, erabakitzeko eskubidea praktikan jarri eta herri galdeketa gauzatzeko konpromisoa hartu genuen. Herritarren atxikimenduak biltzen hasi ginen.
  • 2017ko hilabeteetan zehar hainbat ekimen antolatu ziren auzolanean eta herri galdeketak atxikimendu zabala jaso zuen; norbanakoak, kultur eta kirol eragileak, alderdi politikoak, etab.
  • 2017ko maiatzaren 7ko herri galdeketan ehundaka herritarrek hartu zuten parte, modu libre eta lasaian. Auzolanean sortutako ariketa demokratikoa izan zen, herritarron arteko elkarlana etorkizun oparoago bat eraikitzeko ezinbesteko ongarria dela erakutsi ziguna.
  • 2017ko urriaren 1az geroztik hamaika elkartasun besarkada bidali ditugu Kataluniara: manifestazioak Bilbon eta Donostian, elkarretaratzeak herrian bertan, etab. Gure Esku ezinbesteko eragilea izan da herri elkartasuna saretzeko orduan.
  • 2018ko ekainaren 10ean 175.000 herritarrek hartu zuten parte egindako giza-katean, erabakitzeko eskubidea ardatz hartuta. Herriko txoko ezberdinetatik igari ondoren, dema plazak gainezka egin zuen.

This slideshow requires JavaScript.

Manifestua

HAMAIKA GARA | Erreferendumaren alde

Herritarron garaia da. Indarrak batu eta aurrera egitekoa. Gure bizitzetan eta komunitatean eragiten duten auziei buruz erabakitzeko eskubide osoa dugu, eta horretarako, erreferendum bidez erabakitzea posible egingo dugu. Bidea hasia dugu eta hamaika gara bertan bat egiten ari garenak.

Bizitza duina nahi dugu denontzat, eta ezinbestekoa dugu, beraz, bizitza erdigunean jartzea, eta zaintza lanak modu orekatuan berrantolatzea, pertsonen arteko harremanak eta lurrarekin eta gainerako animaliekin ditugunak eraldatzea. Justizia soziala iparrorratz, ekonomia herritarron beharren arabera antolatu nahi dugu, enplegu eta pentsio duinak geureganatu, kalitatezko osasun sistema bermatu, hezkuntza propio eta burujabe bat ahalbidetu, gorputz eta identitate guztiak aske bizitzeko baldintzak sortu, indarkeria matxistari, LGTBI+fobiari eta diskriminazio orori aurre egin, eta kultura eta hizkuntza aniztasunarekiko begirunez, euskara indartu. Gure etorkizun politikoa eraikitzea gure ardura da, eta hemen erabaki behar dugu.

Elkarrekin bizi gara, eta elkarrekin erabakiko dugu, edozein dela bakoitzaren sorterria edo hizkuntza. Inor ez da ilegala; eskubide zibil eta politikoak bertan bizi garen herritar guztionak dira, eta historikoki ukatu zaizkienei aitortu eta bermatu egin behar dizkiegu. Zentzu horretan, emakumerik gabeko erabaki guneek ez dute zilegitasunik.

Erabakiak geroz eta gutxiagoren artean hartzen dituztenak daude balantzaren alde batean; eta guk herritarron indarra jarri behar dugu bestean. Atzerakada demokratikoei herritarrok ahaldunduta, bat eginda eta demokrazian sakonduz erantzun behar diegu. Izan ere, komunitate batek bere burua gobernatu nahi duenean, bere borondatea muga bakartzat hartuta, erabakitzeko ahalmena izan behar du, herritarrok erabakitzea baita gatazkak kudeatzeko eta bakea eta bizikidetza bermatzeko giltza. Elkarrekin erabakitzeak egiten gaitu herri.

Herritarrok gure etorkizunaren jabe izan nahi dugu. Gure lurraldearen estatus politikoa eta beste lurraldeekiko harremanak menpekotasunik gabe eta askatasunez erabakitzeko aukera izan nahi dugu. Egiaz, errealitate ezberdinak bizi ditugun arren, burujabetzan sakontzeko borondatea konpartitzen dugu.

Ez dugu edozein modutan erabaki nahi, oinarri batzuen baitan baizik: informazio gardentasuna, eztabaida publikoa, deliberazioa eta kontzientzia kritikoa sustatuz, eta aukera politiko guztiei bide emanez. Erabaki nahi dugu, betiere, guztion oinarrizko eskubide eta askatasunak bermatu eta zabaltzeko baldin bada, eta inoiz ez horiek murrizteko edo gutxiengoen aurka egiteko. Funtsezkoa da elkarbizitza eta kohesioa erabaki guztien oinarri izatea, denok parte izan gaitezen.

Urrats eraginkorrak egiteko unea da, eta eragile, erakunde eta herritarrok elkarrekin egin behar dugu bidea. Denok dugu tokia bide honetan, eta norberak bakarrik bete dezake berea. Guztion ardura da. Eta herritarrok martxan gara.

Hamaika Gara ekimenari bultzada eman asmoz, ‘Altxa!’ ikuskizuna eta ekitaldi politikoa egin zen Durangoko Plateruena Kafe Antzokian.

One thought on “Usurbilgo Gure Eskuk “Haimaika Gara” erreferendumaren aldeko sinadura bilketa masiboan parte hartzeko deia egin du

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.