GuraSOS: “Behin eta berriro egin dugun moduan, erraustegiaren itxiera eskatzen dugu ez baitu ez gure seme-alaben ezta herritar guztien osasuna bermatzen”

Arg.: Noaua!

GuraSOSeko kideak diren Joseba Belaustegi eta Mertxe Petxarromanek, atzo (urtarrilak 13) Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, agerraldia egin zuten azken orduotan erraustegian izandako suteari buruz bildu ahal izan duten informazioa eskaintzeko. Sutea astelehenean hasi zela adierazi zuten, jada hirugarren sutea dela eta guztira, erraustegiaren bueltan izandako zazpigarren ezbeharra dela berri eman zuen GuraSOSek. Hori dela eta, bermerik gabe lanean ari den erraustegia berehala geratzea exijitu dute.

Hiru sute eta bost istripu

GuraSOSen esanetan, hiru sute hauei, azken urteetan gertatu diren beste bost istripu larri gehitu behar zaizkie. Horien artean, bereziki, 2020ko maiatzean erraustegiko eremutik Arkaitzerrekara isuritako amoniakoa, ehunka arrain eta aingira hil zituena edota transformagailuan izandako leherketa eta matxurak.

GuraSOS

“Hau baino askoz larriagoa izan zen sute baten berri izan dugu, duela hilabete batzuk gertatu zena. Zehaztapenak ditugunean zehazki noiz izan zen berri emango dugu. Hirugarren sute bat izan zen duela aste gutxi, hau ez hain larria. Hemen ez gaude zorte txarraren edo istripu isolatuen aurrean. Hemen akats sistemiko bat dago, segurtasuna, ingurumena eta osasunaren gainetik interes pribatu eta ekonomikoak jartzen ari direlako. Agintariak arduragabekeriaz, gardentasun ezarekin eta mespretxuz ari dira jokatzen ingurumen, segurtasun eta osasunarekiko. Hau ez da Zaldibarren gertatu zen moduan enpresa baten errua. Kasu honetan enpresak badu bere ardura baina gu zaindu behar gaituena ez da enpresa, gure zergekin ordaintzen ditugun agintari eta erakundeak baizik. Haiek dira interes publikoa lehenetsi behar dutenak eta ez interes partikularrak”. 

“Zubietako erraustegia berehala geratzea exijitzen dugu”

GuraSOSek arduragabekeria eta gardentasun faltarekin jokatzea egotzi diete erraustegiaren sustatzaileei: “Hau al da hainbesteetan propaganda hutsez saldu zaigun Europa mailako instalazio moderno eta aitzindaria? Halako arrisku, ezinegonarekin bizitzea, hau al da Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak eskaintzen dizkiguten bizi baldintzak? Nola fidatu gaitezke aurrerantzean ematen dizkiguten datuekin? Zer sinesgarritasun dute gezurtero hauek? Asko dago jokoan; batetik herritarrei dirutan eginiko kaltea. Zifra zehatz bat jarri diogu  kalte horri; 41,6 milioitik gorakoa. Kalteez hitz egiterakoan, preziorik ez duena ere badago, herritarren eta erraustegian lanean dabiltzanen segurtasun eta osasuna. Bakoitzak egin beharrekoa egin dezala, denok bermatua izan dezagun bizitza duin, seguru eta osasuntsua. Bermerik gabe lanean ari den Zubietako erraustegia berehala geratzea exijitzen dugu, gure seme-alaben osasuna bermatu egin behar dugulako eta ikusten dugulako erraustegiak ez duela egiten. Behin eta berriro egin dugun moduan, erraustegiaren itxiera eskatzen dugu ez baitu ez gure seme-alaben ezta herritar guztien osasuna bermatzen”. 

“Egia argitzeko lanean jarraituko dugu”

GuraSOSek helburu hauek lortu eta egia osoa argitu arte, agintariek egin beharko luketen baina egiten ez dutena, hau da, erraustegiaren bueltan gertatzen ari denaz informatzen, egia argitzeko lanean jarraituko du: “Agintariek herritarrak informatu behar dituzte. Egiten ez dutenez, egia esaten ez dutenez, herritarrok antolatu eta betebehar hori betetzen segiko dugu, jendartea informatzen”.

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.