Joxe Martin Sagardia ‘Usurbil’, 40 urtez guztion oroimenean

1980ko abenduaren 30ean, duela 40 urte, Joxe Martin Sagardia Zaldua “Usurbil”, Usurbilgo iheslaria, BVE (Batallon Vasco Español) komando parapolizialak erail zuen atentatu batean Biarritzen. Joxe Martin autoraino iritsi zen (Pirinio Atlantiarretako matrikula zuen Renault 12 berdea) eta denbora pixka bat eman zuen izotzak hartutako kristala garbitzen barrura sartu baino lehen. Autoa martxan jarritakoan leherketa batek erbesteratu usurbildarra zegoen autoa txikitu zuen. Leherketaren indarrak bi zangoak erauzi zizkion, eta Joxe Martinen gorpua autoko burdin txikituen artean geratu zen.

Informazio iturrien arabera, Sagardia hiltzeko erabilitako metodoa bi urte lehenago Jose Miguel Beñaran “Argala” hiltzeko baliatu zuten bera zen: goma-2 kilo batzuk, hari bitartez lehertarazteko sistema batekin.

Nor zen Joxe Martin?

Agirien arabera Joxe Martin Sagardia Bilbon jaio zen, 1951ko apirilaren 6an, nahiz eta datu biak ustegabekoak izan. Gurasoak, biak usurbildarrak, Bilbora joan behar izan zuten Joxe Martin jaio baino bi urte lehenago alargun gelditutako senitarteko bati harategian laguntzeko. Eta hantxe jaio zen Joxe Martin, ez apirilaren 6an, apirilaren 7an baizik.

Elena Zaldua (Joxe Martinen ama): “Gaueko ordubiak aldera jaio zen. Aseguru etxeak hogeigarren urteurrena egin zuen abenduaren 6an, eta 2.500 pezetako saria eta doako aseguru poliza ematen zizkien egun horretan jaiotako gizonezkoei. 2.500 pezeta kopuru polita zen orduan, eta ahurdunaldian lagundu zidan emaginak 6a jarri zuen jaiotza data modudan”.

Handik egun batzuetara familiakoek agindua jaso zuten harategia ixteko, ezkutuko haragia saltzearen salaketagatik. Ondorioz, Sagardiatarrak Usurbilera itzuli ziren eta taberna bat hartu zuten errentan, Bar Elena izenez ezagutzen zena. Ondoren, Edurne, Jose Luis eta Asun jaio ziren.

Gaztetasuna

Joxe Martin ez zen ikasle moduan nabarmendu. Koadrilakoekin gusturago ibiltzen zen, frontoian pilotan jokatuz edo Puntapaxeko errekan bainua hartzen. Arrasateko Lanbide Eskolan hasi zen, baina ez zuen luze iraun. Lehenengo mailan bi gai utzi zituen eta berrito egin beharra suertatu zitzaion. Berak ezetz eta amak orduan, herriko lantegi bateko nagusiarekin hitz egin zuen zeukan lanik gogorrena eman ziezaion, nazkatu eta berriro ikasketei helduko zien esperantzaz. Ez zuen lortu, eta azkenean Michelinen enpresako kooperatiba batean, harakin-mutil, hasi zen lanean.

Herriko giro euskaldunean ere murgildu zen. Ez Dok Amairu taldearen inguruan sortutako kultur mugimendua ezagutu zituen gaztaroan. Hurbiletik eta harremanetan bizi izan zituen Artze anaiak, Mikel Laboa eta beste artista batzuek sortutako mugimendua. Garai honetan erabaki zuen bere zaletasun handienetakoa zen futbola uztea. Koadrilako batek hauxe dio: “Gelditu bezala motorraz joan ginen Donostiara, denboraldi aurreko osasun errekonozimendua egitera. Ezkaratzean geundela, gelditu eta esan zidan: Pikutara futbola! Iruzurra baino ez da! Eta atzera Usurbilera itzuli ginen”.

Ehiza

Ehiza zuen beste zaletasuna: “Ehiztari ona zen baina ez zuen sekula errepikakorrarekin tiro egin izan nahi. Esaten zuen horrek ez zeukala inongo meriturik, animaliak aukera gutxi baitzeuzkan bizirik ateratzeko. Beti bi tiroko eskopetarekin joaten zen”.

ETAko kidea

1972an Joxe Martin artean ETAn ari zen, eta urtebete beranduago, aita hil eta hilabete gutxira, herria utzi behar izan zuen. 1973ko abenduaren 3an izan zen. Elena Zaldua: “Goizean lagun batek deitu zuen etxeko atera. Joxe Martinekin egon nahi zuela esan zidan, ehizera joateko, eta nik esan nion lo egiten uzteko ordu haietan. Enkargua eman behar ziola esan zidan. Biak logelan zeudela herrian Guardia Zibila zebilela ikusi nuen. Zer geratatzen zen galdetu nion, eta berak hau erantzun zidan: Badakizu ama, jendea edozer dela eta eramaten dute, eta badaezpada amonaren etxera joango naiz”.

Biharamunean telefonoz deitu zuen: “Egun batzuetan ez naiz azalduko”. Haren lagun bat atxilotu zuten eta Goardia Zibila etxera eta lanera joan zitzaion bila: “Urtarrilaren 21era arte ez nuen berririk izan, Donostiako danborrada arte. Iparraldetik deitu zidan orduan, eta ikustera joateko eskatu. Elkarrizketa haren ondoren ulertu nuen batzuetan etxera oso berandu etorri eta galtzak erabat lokaztuta, eta nik azalpenak eskatzean berak zera erantzun izan: Ez kezkatu, ni ondo nago”.

Erbestea

Ipar Euskal Herrian beste erbesteratu batzuekin bizi izan zen. Donibane Loitzunen atxilotu zuten Argalarekin zegoela, honek muga igaro berria. Sagardiak pistola bat zeraman, eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten.

1976ko apirilean, Espainiako errege-erreginak Frantziara egindako bidaian, polizia frantzesak hainbat erbesteratu atxilotu eta Yeu irlara konfinatu zituen lau hilabetez, tartean Joxe Martin. Ipar Euskal Herrira itzulita, 1977ko maiatzaren 26an Jendarmeriak eta Epaile-Poliziak Lapurdin eta Nafarroa Beherean bizi ziren hogeitamar iheslari atxilotu zituzten. Hamar Porquerolles uhartera eman zituzten, helikopteroz, harik eta Estatu Espainiarreko hauteskundeak bukatu arte, poliziak esan zienez: Vicente Villar, Joxe Martin Sagardia, Jose Maria Zapirain, Jabier Aia Zulaika, Jose Anjel Otxoantesana, Migel Makazaga, Anjel Iturbe, Jesus Zugarramurdi, Josu Urrutikoetxea eta Jesus Arin Bastarrika. Ekainaren 17an libre geratu ziren guztiak.

Euskal erbesteratuak Yeuko irlan. Joxe Martin ikurriñaren azpian.
Errefuxiatuak Porquerollesen konfinatuta. Joxe Martin zutik ezkerretik hirugarrengoa.

Bisitak

Ama eta anai-arrebak maiz joaten ziren bisitara, Miarritzeko etxera, amari denboraldi batez kanpoan egongo zela esaten zionean izan ezik. Semea ikusi ezin zuen garaietan, Guardia Zibilaren bisitak ugariak ziren: “Oso maiz etortzen ziren tabernara, etxera azaldu ote zen galdezka, bazekitela Bizkaian edo Donostian zebilela…”

Atentatua baino lehen, astebete lehenago, familiaren bisita izan zuen, eta Joxe Martinek, etxekoak lasaitu nahi izan zituen Ipar Euskal Herrian ultraeskuinaren jarduera zela-eta: “Lasai ama, hiltzen banaute indartsua izan behar duzu eta nitaz harro sentitu. Nik borrokan aritzea erabaki dut uste dudalako herri honek merezi duela”.

Mobilizazio eta omenaldi ugari herrian

Joxe Martinen heriotza jakin bezain laister, Usurbilen herri asanblada deitu zen. Mobilizazio ugari egin ziren herrian, baita Euskal Herri osoan ere. Usurbilgo Udalak ezohiko batzarra deitu zuen eta bertan, alderdi politiko gueztiek onartuta, honako mozioa onartu zen:

  1. Usurbilgo Udalak herriko bizilaguna den Joxe Martin Sagardiaren erailketa gaitzesten du.
  2. Joxe Martin herri honen askatasunaren alde bizia eman duen borrokalaria denez, idei politiko guztien gainetik, bere pertsona omendu nahi dugu.
  3. Bere senitartekoei gure elkartasuna adierazi nahi diegu eta abenduaren 30a eta 31 dolu egun ofizialak deklaratzen ditugu.
  4. Udaletxeko balkoian ikurriña xingola beltzarekin jarriko dugu eta herritarrak berdina egitera gonbidatzen ditugu.
  5. Era berean, hurrengo egunetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzelp deia egiten dugu.

One thought on “Joxe Martin Sagardia ‘Usurbil’, 40 urtez guztion oroimenean

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.