Gaur Olentzeroren eta Mari Domingiren mezua entzungo da Mikel Laboa plazan

Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak antolatuta, gaur, abenduak 24, Olentzeroren eta Mari Domingiren mezua entzungo da Mikel Laboa plazan. Iragarria zegoena baino lehenago egingo da, 18:15ean Mikel Laboa plazan. 47 urteetan lehen aldiz Usurbilek jada ez du arrazoi politikoengatik kartzelan edota erbestean dagoen herritarrik. Azkenak, Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga baldintzapean aske utzi zituzten azaroa hasieran. Baina oraindik espetxeetan segitzen duten 218 euskal preso politikoak etxean eta bizirik nahi dituztela aldarrikatzen segiko du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak.

Euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioak

Abenduak 24, osteguna

  • 18:15 Olentzeroren eta Mari Domingiren mezua Mikel Laboa plazan.

Abenduak 26, larunbata

  • 11:00 Martuteneko espetxetik Loiolara martxa Sarek antolatuta. (sare.eus)

Abenduak 31, osteguna

  • 18:15 “2021ean ASKE! OPA” Dema plazan.

Urtarrilak 9, larunbata

  • 17:30 “Bidea gara”, Sareren manifestazioa Usurbilen.

Bilboko urteroko manifestazioa bertan behera

Sarek bestalde bertan behera utzi du urtarrilaren 9an Bilbon antolatuko zuen urteroko manifestazio jendetsua. Horren ordez, herriz herri mobilizatzeko deia egin du larunbat horretarako. Usurbilgo Sarek manifestazioa deitu du, 17:30ean, osasun-segurtasunerako neurri guztiak errespetatuta.

Etxerat-en adierazpena

Etxean dira… ez denak ordea

Aurtengo Gabonak usurbildarrentzat historikoak dira. Atrebentziarekin diogu hori, gainera. Izan ere, joan den 47 urteotan etenik izan ez duen egoera gogor bat hutsaldu da: Usurbilek jada ez du arrazoi politikoengatik kartzelan edota erbestean dagoen herritarrik.

Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herrian ditugu joan den azaroaren 6tik. Ez erabat aske oraindik, egia da. Baina ezarri dizkieten baldintzak (2018tik aplikatu ahal zirenak), eramangarriak dira bizimodu normal batekin.

Ez da urte erraza izan haientzat eta beren senideentzat. Lehenik, urtarrilaren 19an hiru urte bete zituenean, Xuak espetxea utzi behar izan zuen. Banaketa zinez gogorra izan zen. Gutxira, bere gurasoak kartzelaz aldatu zituzten Picassentetik Aranjuezera. 80 kilometro gutxiagoko “hurbilketa”. Bisita bakarra egin ahal izan zuen familiak -otsailean- ze covid19aren pandemia lehertu zenean, akabo bisitak. Uztailera arte, Maddi txikia jaio zen arte, alegia, ez zuten elkar ikusteko aukerarik izan.

Eta geroztik ere ez. Hamar hilabete luzeetan gutun edo telefono bidez komunikatu dira. Orain gauzak asko aldatu dira haientzat, baina 218 preso politikoentzat eta beren familientzat oro har, berean darraite.

Azken asteotan hurbilagoko espetxeetara -eta kasu batzuetan Euskal Herrikoetara ere- lekualdatu dituzten zenbait euskal preso. Hortaz, egoera zertxobait leundu zaie haien familiei. Baina oraindik gehienak urrun eta, pandemia tarteko, baldintza gogorragoetan segitzen dute. Horregatik diogu herri-presioa mantentzea eta areagotzea ezinbestekoa dela. Lehenik eta behin, euskal preso guztiak beren etxeetatik ahalik eta gertuen ekar ditzaten; gaixo daudenak, adinean aurrera doazenak eta baldintzapean aske beharko luketenak etxeratuak izan daitezen.

Urrats horiek urratuko dute behingoz guztiak libre izateko bidea eta, Usurbil bezala, Euskal Herriko herri guztiak preso, erbesteratu eta deportaturik gabeko herriak bihurtzea.

Etxean eta bizirik nahi ditugu!

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.