Abenduaren 9an Usurbilgo udal-gobernuak 2021erako aurrekontu proposamenaren aurkezpen irekia egingo du

Usurbilgo udal-gobernuak 2021erako aurrekontu proposamena egin du: Covid19-ak sortutako beharrizanak tarteko, gizarte babesa eta tokikoaren zaintza blindatzea erabaki dute. Aurreikuspen guztien aurka, 2020an baino %4 handiagoak izango da aurrekontua, 12.882.050 eurokoa, ohiko sarrerak %10 jaitsi arren. 2021erako aurrekontu proposamenaren aurkezpen irekia abenduaren 9an (asteazkena) egingo da, Potxoenean 18:30ean. Aurkezpenera joateko aurrez izena eman behar da helbide honetan: komunikazioa@usurbil.eus

Usurbilgo udal-gobernua

“2021eko aurrekontuak inoizko aurrekonturik sozialenak izango dira. Covid19ak sortutako beharrizanek eraginda, gizarte babesa eta tokikoaren zaintza, izan ekonomikoa, kulturala edo soziala blindatzea erabaki dugu, ohiko baliabideak eta diru-sarrerak gutxitu arren. Hurrengo urterako aurrekontu proposamena aurkeztu berri diogu oposizioari, eta abenduaren 9an egingo dugu herritarrei aurkezteko bilera irekia: Potxoenean izango da, 18:30ean. Covid19ak eragindako osasun krisiaren eta horrek eragindako krisi sozial, ekonomiko eta ekologikoaren testuinguruan kokatu behar ditugu 2021eko aurrekontuak, derrigorrean. Usurbiltzen Legealdi Planean 2019-2023 agintaldirako lehentasunak eta inbertsio nagusiak zehaztu bagenituen ere, egoera asko aldatu da ordutik: Covid19aren izurriteak beharrizan berriak sortu eta erronka berrien aurrean jarri gaitu. Pandemiak are ageriagoan utzi ditu lehendik zeuden ezberdintasunak, eta horri aurre egitea izan dugu xede osasun krisia hasi zenetik. Pandemiaren kudeaketan pertsonak erdigunean jarri eta kolektibo zaurgarrienengan jarri dugu begirada, baita lankidetza komunalak abiatu ere, elkar-zaintza, elkartasuna eta erantzunkidetasuna oinarri hartuz: 2021eko aurrekontuetan norabide horretan sakondu baino ez dugu egiten”.

2021eko aurrekontua 12.882.050 eurokoa izango da

 Usurbilgo udal-gobernuaren arabera, adierazle eta aurreikuspen guztien kontra, 2021eko aurrekontua 12.882.050 eurokoa izango da, 2020ean baino %4 gehiago: “Horren arrazoia Txirikorda da: belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioaren proiektuari lotuta udalak eskuratutako diru-sarrerei esker handitu da aurrekontua. Diru-sarrera horiek bi motatakoak dira. Batetik, Ugartondoko Hitzarmen Batzordearekin 2020an lortutako akordioari esker, 1.423.000 euro ordaindu behar dizkiote udalari, Txirikorda eraiki eta ordaintzeko. Bestetik, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak 640.000 eurorekin lagunduko du proiektua. Ezohiko diru-sarrera horiek 2021eko aurrekontuetan islatu dituzte, 2021ean bertan ekingo baitio udalak obren lizitazioari”.

Diru-sarrera arruntak %10 jaitsiko dira

Aurrekontu osoa %4 igoko bada ere, diru-sarrera arruntak %10 jaitsiko dira: “Guztira, 11.145.800 euro jasoko ditu ohiko diru bilketa eta sarreretatik, iaz baino 1.200.000 euro gutxiago, hiru arrazoi nagusirengatik. Batetik, jaitsiera bortitzena foru funtsari dagokio, nahiz eta uste baino txikiagoa izango den, azkenean: %7 gutxiago, hau da, 328.067 euro gutxiago. Agindutakoa betetzea espero dugu, ez baita beti horrela gertatzen. Bestetik, diru-bilketa, oro har, %10 jaitsiko dela aurreikusi dute, zuhurtziaz. Horrez gain, 2021erako udal-tasak eta zergak izoztea erabaki du, egungo egoera sozioekonomikoa larria bada ere, ezin direlako udalen finantzaketa-gabeziak herritarren gehiengoaren bizkar jarri”.

Igoerak pertsonalgo eta dirulaguntzen atalean

2021eko aurrekontuetan, igoerak aurreikusi dituzte pertsonalgo zein dirulaguntzen atalean. Pertsonalgo ataleko gastuek pisu handia izaten jarraituko dute udal-aurrekontuetan: “Aurrekontu osoaren %34,13 hartuko du (ia 4.400.000 euro, iaz baino %2,8 gehiago). Izan ere, batetik, Lan Eskaintza Publikoak (OPE) prestatzeko langile bat kontratatuko du udalak, lanaldi erdiz: helburua udaleko langileen interinitate edo behin-behinekotasun tasa jaistea da pixkanaka, egun udalak dituen baliabideekin nekez egin baitezake, lan-bolumen eta baliabide mugatuen ondorioz. Langile hori kontratatu ahal izateko, udan brigadan lanean aritzeko bi langile baino ez ditu hartuko udalak, lauren ordez. Bestetik, aurten, soldatak %0,9 igoko direla aurreikusten du estatuko aurrekontu legeak”.

100.000 euro utziko ditu udalak kreditu orokorrean

2020ko aurrekontuetan bezala, 2021ekoetan ere 100.000 euro utziko ditu udalak kreditu orokorrean, izendatu gabe: “Aurreikusi gabeko gastu edo egitasmoei aurre egiteko gordeko da diru hori. 2020ak erakutsi digu zein garrantzitsua izan den diru-poltsa horretaz baliatzeko aukera izatea: Covid19ak eragindako ezustekoei hortik erantzun diegu 2020an”.

Dirulaguntzetarako, ia milioi bat euro

Pandemiak azaleratu dituen behar sozialak estali eta tokiko ehun ekonomikoa sustatzeko helburuarekin, iaz baino 100.000 euro gehiago bideratuko ditu udalak dirulaguntzetara: guztira, ia milioi bat euro (%11 gehiago). Dirulaguntza politikak birnorabidetzeko ahalegina egin dute udaleko departamentu guztiek, Covid19ak eragindako egoera sozioekonomiko zailera moldatzeko. Lerro batzuk egokitzeaz gain, dirulaguntza lerro berriak jarriko dituzte martxan:

  • Garapen ekonomikoa. Bi lerro berri:
    • Usurbil Zabalik lan-ildoaren barruan, lokalen alokairurako dirulaguntzez gain, lokalen inbertsio gastuak ere diruz lagunduko dira, herrian jarduera ekonomiko berriak abian jartzeko eta ekintzailetza sustatu eta laguntzeko. 25.000 euro.
    • Covid19ak eragindako kalteak arintzeko laguntzak: 30.000 euro. Zenbait aukera aztertzen ari da udala, eta aurrerago emango dute horren berri.
  • Hirigintza.
    • Tamalez, etxebizitza ez da eskubide herritar askorentzat, eta zailtasun handiak dituzte askok eta askok etxebizitza bat erosi edo alokatzeko. Hala, merkatu libreko etxebizitzen alokairurako dirulaguntzak lantzen ari da udala: 30.000 euro.
  • Kirola.
    • Familia zaurgarrietako umeak Eskola Kirolera bultzatzeko dirulaguntzak. Eskola Kirolak onura asko diru, hainbat ikuspegitatik erreparatuta: osasun fisikoa sustatzea, umeen integrazioa, euskararen erabilera, harremanak eraikitzea… Baina hainbat familiak ezin dio aurre egin kostuari, eta udal-gobernuak ez luke nahi errenta ertain edo altuko familien pribilegio izaterik. Horregatik, 5.000 euro bideratuko ditu laguntzetan. 120 euroko batez besteko kostua eta udalak hartuko luke bere gain.
  • Kultura.
    • Herriko kultur sortzaileei zuzendutako dirulaguntzak, sorkuntza diruz lagundu eta areagotzeko bokazioarekin. 20.000 euro.
    • Herriko sortzaileen erakusleiho bat lantzeko ere 20.000 euroko diru partida gorde dute, Usurbilgo Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen sektorea Biziberritzeko Plangintzan jaso bezala.
  • Ingurumena eta nekazaritza.
    • Pobrezia energetikoari eta arrakala digitalari aurre egiteko oinarriak prestatzen: 5.000 euro (iaz baino 3.000 euro) gehiago.
  • Horiez gain, nabarmentzeko beste bi laguntza lerro:
    • Gizarte Larrialdietarako Laguntzak
      • Aurten ere 90.000 euro bideratuko dira, baina beharrak ugarituz gero, partida handituko da. Eusko Jaurlaritzatik jasotzen denaren bikoitza jartzen du udalak bere funts propioetatik.
    • Herrigintza.
    • Tokiko elkartegintza, herrigintza eta herri bizitasuna zaindu eta sustatzeko, dirulaguntza guztiak bere horretan mantendu egin dituzte edo kasuan kasu handitu egingo dituzte.

Gutxi gorabeherako aurreikuspenekin kuantifikatu dituzte lerro horiek, baina ez dute baztertu partidak handitzea beharren arabera.

Gastuak: %7ko jaitsiera

Txirikordako ezohiko dirusarrerek aurrekontua orekatu ahal izatea ekarri badu ere, gastuen atalean, orotara, %7ko jaitsiera izan da: “Gastu arrunta kontrolatzeko eta dirua zuhurtziaz erabiltzeko izugarrizko ahalegina egin dugu. Justu goaz, eta horrek eskatuko digu urte osoan kate motzean aritzea partiden exekuzioan”. Partidak xehe-xehe aztertu, eta hortik aurreztutako diruak aukera eman die bestelako lehentasunak indartzeko. Nabarmenenak, honakoak:

  • Zaintza-ereduari buruzko parte-hartze prozesua.
    • Matia Usurbilen eraikitzen ari den zaintzadun etxebizitzen auzunearekin eta Etxea Bizi proiektuarekin lotuta, parte-hartze prozesu bat abiatu asmo du udalak 2021eko udaberrian: 20.000 euro.
  • Jatorri aniztasuna eta elkarbizitza.
    • 2020an martxan jarri ditu udalak jatorri aniztasunaren eta elkarbizitzaren inguruko ikerketa soziologikoa eta bizipenak eta testigantzak ikus-entzunezko batean jasotzeko ekimenak. 2021ean, aurrera begirako lan-ildoak zehaztuko ditu udalak, eta hurrengo fasearen helburua jatorri aniztasuna kudeatzeko plan estrategikoa osatzea izango da: 20.000 euro bideratuko ditu horretara.
  • Enplegu planak.
    • Ohi bezala, kolektibo zaurgarrienen lan-munduratzeko bideak zabaltzeko lau operario kontratatzeko programa gauzatuko dute, eta, berritasun gisa, energia teknikari postua ere aterako du. Igoera nabarmena izango du, beraz, atal honek 22.644 eurotik 108.500 eurora.
  • Beterri-Buruntza Mankomunitatea.
    • Mankomunitatea sortuko da 2021ean, eta eskualdera bideratzen den diru-ekarpena igotzea suposatuko du horrek: 74.000 euro (iaz baino 24.000 gehiago).
  • Udalaren jabetzako alokairu sozialeko etxeen konponketak.
    • Etxeok esleitzeko modua aldatuta, horiek kudeatzeko modua aldatzera doa. Etxe horien izaera soziala aintzat hartuta, konponketa gastuen zati bat udalak bere gain hartuko du: 10.000 euro bideratuko ditu horretara.
  • HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorra.
    • 2021 urte amaieran hasieraz onartu nahi dute, eta dokumentu horren onarpenerako aurrez egin behar diren txostenak, parte-hartze prozesuak eta lanketarako diru partida esanguratsua bideratuko du: 100.000 euro.
  • 36ko gerra.
    • Memoria eta bizikidetzaren eremuan, 36ko gerrak Usurbilen eragindakoak ikertzeko 2020an abiatutako proiektuarekin jarraituko dugu (hiru urteko proiektua da): 15.000 euro.
  • Kirolaren plan estrategikoa.
    • Kirolaren plan estrategikoa garatzeko, lehenik, herriko kirol diagnosia egin nahi du udalak, bai genero-parekidetasuna, aniztasuna, jatorria, aniztasun funtzionala eta abar kontuan hartuta. Horretarako, parte-hartze prozesua egingo dute kirol komunitatearekin: 17.500 euro.
  • Taxibusa.
    • Landa eremuan eta auzoetan bizi diren herritarren mugikortasuna hobetu dutenez, iaz baino 9.400 euro gehiago bideratuko ditu, guztira, 29.400 euro.
  • Proiektu berrien idazketa.
    • Aurrera begirako atala ere izango dute 2021eko aurrekontuek, hainbat proiektu idazteko diru-partida gorde baitute:
      • Saneamenduari lotutako proiektuak Kalezarren eta Aginagan.
      • Santuenea auzoa zaharberritzeko esku-hartze urbanistikoa (etxebizitzetako igogailuak jartzeko aukerak aztertu eta auzoaren urbanizazio proiektu berria egiteko).
      • Aginagako Elutx bidea, kaxkoarekin lotzeko.
      • Osinalde industriaguneko urbanizazioa berritzeko proiektua. Industriaguneko jabeekin hizketan ari da udala, eta proiektua idazteko konpromisoa hartu du udalak. Obrak euren egin beharko dituzte, eta helburua industriagunea rezepzionatzea da (mantenua udalaren gain hartzea).
      • Herriko berdegune publikoei buruzko hausnarketa: herritarrekin parte-hartze prozesu bat egin nahi dute, proiektu oso bat lantzeko.
  • Beste erakundeak
    • San Markosek udalek egin beharreko ekarpena %6 igo du.
    • Añarbek, berriz, %5 jaitsi.

Inbertsioak: ia 2.500.000 euro (+%41,04)

Udal-gobernuak Legealdiko Planean jasotako eta herriarentzat estrategikoak diren azpiegitura eta ekipamenduei eutsi eta bide emateko gai izango da udala. Krisi ekonomiko latz baten aurrean egonik ere, %41,04ko igoera izango du inbertsioen atalak (Txirikorda dela eta lortutako ezohiko diru-sarrerei esker, hein handi batean): ia 2.500.000 euro (aurrekontu osoaren %19 hartuko dute inbertsioek).

  • Txirikorda.
    • Finantzaketaren zati handiena lotuta, eta exekuzio proiektua osatuta, 2021ean obrak esleitu eta Txirikorda eraikitzen hasiko dira 2021. urtean. Proiektuak, guztira, 2.375.852 euroko kostua du (2021eko aurrekontuetatik, 1.716.500 euro joango dira Txirikordara; 2020an, 355.750 euro izan ziren; eta, 2022an, 303.602 euro izango dira).
  • Pelaioenea.
    • Eraikina kanpotik egokitzen bukatu eta barrutik eraikitzeko inbertsioa bi urtetan banatuta egingo da: 2021ean, 215.000 euro.
  • Sutegiko liburutegia.
    • Fatxada egokitzea eta bigarren solairua guztiz ixteko obra: 90.000 euro.
  • Kiroldegiko harmailak.
    • 2020an bertan behera gelditu ziren Covid19agatik, eta berritzeko premian daude: 80.000 euro.
  • Aginagako Eliza Zaharra.
    • Auzolanean berritzen ari dira, udalak bere ekarpena egingo du: 35.000 euro.
  • Udal-brigada.
    • Usurbil erosoagoa, garbiagoa eta, finean, bizigarriagoa izan dadin lan handia egiten du udal-brigadak. Datorren urtean hainbat inbertsio egingo dituzte, besteak beste, ur kontagailuak (santuenean) eta ur hornidurako sarea berritzea (arratzain bidean): 91.500 euro.
  • Udarregi Ikastola.
    • Frontoiko konponketak egiteko: 40.000 euro. Frontoia estaltzeko asmoa dute, baina aurrez hainbat konponketa egin behar ziren, eta horiek bere gain hartuko ditu udalak, azken batean, estaliko den frontoiak erabilera publikoa izango baitu.
  • Trantsizio ekologikoa.
    • Jasangarriagoa den eredu baterako trantsizioa saihets ezinezko bihurtu da maila lokalean zein globalean. Hala, ingurumenarekin harmonian, herri jasangarria, irisgarria eta bizigarria eraikitzeko helburua 2021eko aurrekontuetan islatuko da:
      • Energia efizientzia: 40.000 euro.
      • Usurbil 0.0.: 40.000 euro.
  • Usurbilgo elizako erlojua.
    • Dorrera igotzeko irisgarritasuna bermatzeko, 15.000 euro.

2021eko aurrekontuak onartzeko egutegia

  • Abenduaren 1, asteartea: ogasun batzordean aurkezpena oposizioari.
  • Abenduaren 9, asteazkena: aurkezpen publikoa.
  • Abenduaren 15,asteartea: oposizioak ekarpenak egiteko azken eguna.
  • Abenduaren 18, ostirala: ezohiko ogasun batzordea, aurrekontuak diktaminatzeko.
  • Abenduaren 23, asteazkena: ezohiko plenoan onartuko dituzte, hasieraz.
  • GAOn argitaratu ostean, jendaurrean jarriko dira. 15 laneguneko epean alegaziorik ez balego, behin betiko onartuta geldituko lirateke, aurreikuspenen arabera, urtarrilaren amaierarako.

Informazio gehiago

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.