Azaroaren 26an Usurbilgo Udalean egin zen osoko ohiko bilkuran Saharar herria babesteko mozioa onartu zen. Egun batzuk aurretik Usurbilgo Tadamun elkarguneak eta herritar talde batek deituta Mikel Laboa plazan elkarretaratzea egin zuten Saharar herriari babesa eta elkartasuna adierazteko. Orain berriz, Saharar herria babestu eta laguntzeko elkartasun ekimen bat martxan jarri da herrian, Donostiako S.E.A.D.en Lagunen Elkarteak abiarazitako diru-bilketa kanpaina hain zuzen ere.
Diru-bilketa ekimena
Covid19-ak eragindako pandemiagatik azken urteetan antolatu izan den janari bilketa kanpaina bideratzea ezinezkoa denez, diru-bilketa ekimena abiarazi da. Bi kontu zabaldu dituzte ekarpenak egiteko:
- Laboral Kutxa: ES 48 3035 0060 45 0600064286
- Kutxabank: ES32 2095 5600 84 1062626675
Ekimen honen Usurbilgo sustatzaile taldeak berri eman duenez, jasotakoa Saharako Ilargi Erdi Gorriari bidaliko diote, eta beraiek arduratuko dira elikagaiak erosi eta kanpamentuetako familien artean banatzeaz.
S.E.A.D.en Lagunen Elkartea
Bizi dugun egoera dela-eta, mugak itxita daude eta errefuxiatu sahararrek ez dute laguntzarik jasotzen. Urtero egiten dugun janari-bilketa, aurten ezin izango dugu egin; beraz, diru-bilketa kanpaina jarri dugu abian. Jasotakoa Saharako Ilargi Erdi Gorriari bidaliko diogu, eta beraiek arduratuko dira elikagaiak erosi eta kanpamentuetako familien artean banatzeaz. Aportazio guztiak eskertuko ditugu.